Langileen errealitatea
"Kalean eta kalte-ordain barik geratuko diren 320 familien bertsioa da hau", diote oharrean. Gaineratu dute kaleratzeak mezu elektroniko bidez jakinarazi zaizkiela langileei.
Komunikazio partziala
"Normala da 130 langilek lanean jarraituko dutela zalaparta handiz esatea, errealitatean 320 langile (%71) kalean geratuko direnean?", azaldu dute. Datuen harira, zera diote: "Lanean jarraituko duten 130ak lantalde osoaren %29 dira, eta ez, esan izan duten moduan, %45".
Kudeaketa "txarra"
Azken urteetan taldeak izan duen kudeaketaren gainean zera diote: "Kudeaketa txarra 2008a ezkero dator, pila alkalinoen ekoizpena deslokalizatu eta Txinan enpresa berria sortu zutenean", diote. Eta gaineratu dute: "Orduan 184 langile kalean geratu ziren". Ordutik hona "norabide txarrean" jardun dutela diote, eta bidean "600 langile" geratu direla lan barik.
"Neurrigabeko" soldatak Vs. Murrizketak
Zuzendariek "neurrigabeko soldatak" jasotzen dituzten bitartean langileek murrizketak izan dituztela salatu dute. "Urte askotako lanaren ondorioz irabazitako eskubideetan murrizketak, eta murrizketak baita ere gure eskuratze-gaitasunean soldaten izozteekin, aldi baterako enplegu erregulazio-espedienteekin, ez ordaintzeekin, eta, azkenean, iruditu genezakeen bukaera okerrenarekin: kalera kalte-ordain barik".
"Konkurtso operazio arrakastatsua?", galdetzen dute
Langile kaltetuek ez dute arrakastatsutzat jotzen Cegasa Sherpari saldu izana, ezta Cegaren eta Azkarren arteko operazioa ere. Sherpak Oñatiko lantegia eta komertzializazioen negozioa patente guztiekin 2,5 milioigatik eskuratu izana "barregarria" dela diote. "2008an taldeak 191 milioi fakturatu zituenean", gaineratu dute. "Era berean, iraingarria da Azkarrek Cega Logistica erosteko egin duen eskaintza", azaldu dute. "Sherparen eskaintzaren arabera, Cegasak 6,5 milioi euro aurreratuko ditu kalte-ordainetan, subrogatutako 130 langileei dagozkienak", diote. "Baina errealitatea da Cegasak ez diela euro bakarra ordainduko kalte-ordainetan kalean geratuko diren 320 langileei", nabarmendu dute.
Urrian, zuzendaritzak, administrazio konkurtsalak eta langileek itun soziala sinatu zuten: "Gehienezko kalte-ordaina lan egin den urte bakoitzeko 33 egun, eta gehienez 18 hilabetez". Orduan sinatutakoa ez betetzea salatu dute kaltetuek. Gaineratu dute, Oñatiko lantaldeari gehituko zaizkien langileen aukeraketa prozesua ez dela gardena izan. Batetik, behin betiko esleipena baino lehen izan delako; eta bestetik, "nahierara egin den aukeraketan gaur egungo egoerara ekarri gaituzten kudeatzaile gehienak daudelako".
Oñatiko langileei elkartasuna erakutsi diete
Amaitzeko, langile kaltetuek lanean jarraituko duten 130 langileak zoriondu nahi dituzte, eta, era berean, elkartasuna adierazi, euren soldata baldintzak "asko okertuko" direlako. "Etapa berri honetan zorte ona opa dizuegu", adierazi diete.