Fermin Etxegoien: "Inoiz izan garen momentu kontraesankorrenean gaude"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko abe. 12a, 08:00

Sormen arloko hamahiru laguni egindako Eutsiko diogu? (Erein) elkarrizketa liburua argitaratu berri du Fermin Etxegoien kazetari eta idazle oñatiarrak.

Zer moduz Durangoko Azokan?

Ondo, beti bezala. Zerbait saldu dut; eta tira, liburua oraindik ofizialki aurkeztu ez denez, ba ondo dago. Interesa sumatu dut.

Sortzailearen ikuspuntutik, zein iritzi duzu azokaz?

Sortzaile modura, ezingo nuke dudan jarri Durangoren funtsezkotasuna, lortzen duelako, lau bat egunez, oso publiko zabal bat euskaraz egiten denaren inguruan grabitatzen egotea, erosi edo ez;  eta horrelakorik gaur egun lortzea ia-ia miraria da.

Azkenekoak fikziozko lanak izan dira; oraingoa elkarrizketa liburua da. Nola laburbilduko zenuke?

Hamabi elkarrizketa etorkizunaz, sorkuntzaren profesional autonomoei eginikoak; hemen ageri direnak euren sorkuntza lanetik bizi baitira, zeina ez baita batere gauza erraza!

Ander Lipus, Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Eñaut Elorrieta, Iban Arantzabal, Maider Unda, Miren Amuritza, Mari Añes Gorostiaga, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Hedoi Etxarte, Maia Eder Kurutzet, eta Miren Agur Meabe batu dituzu. Zergatik horiek?

Hasteko, esan bezala, profesionalak direlako, eta ez amateurrak. Horiek dutelakoan, bizipen errealean oinarriturik, gertatzen zaigunaren eta gerta dakigukeenaren berri, beste inork baino hobeto. Eta jarraitzeko, ba arlo ugari eta lurralde guztiak harrapatu nahi nituelako.

Galdera bakarra egin diezu: "Eutsiko diogu?". Zergatik galdera hori?

Hori galdera, zergatik? Inoizko momenturik kontraesankorrenean gaudelako, alde batetik.  Euskarazko espresiobideak heldu dira sekula heldu ez ziren tokietara, eta eskualde osoak ere –gurea, kasu– berreskuratu dira euskararako. Baina bestalde, maila orokorragoan, badira beste indize negatibo batzuk ere, adibidez, erabileraren inguruan; eta horregatik, oso momentu bitxian gaude: sekula baino hobeto ala bukaeraren hasieran?

Erantzunetatik ateratako ondorioak laburtzeko eskatuta... Zer nabarmenduko zenuke bakoitzetik?

Laburbilduko dut sortzaile bakoitzak esandakoa: Ander Lipus, enpresari bilakatutako bohemioa; Estitxu Eizagirre, komunitate bila; Luistxo Fernandez, igarlea. Mari Añes Gorostiaga, konpaktatzailea; Eñaut Elorrieta, berriz, igorlea; Miren Amuritza, etorkizunaren erantzukizuna; Hedoi Etxarte, altermundismoa; Maider Unda, lurrari atxikia; Iban Arantzabal, osotasun bila; Maia Eder Kurutxet, euskal globalizazioa. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, bikaintasuna helburu. Miren Agur Meabe, jasoa bezain jatorra.

Zein elkarrizketatuk edo zeinen erantzunak harritu zaitu gehien?

Inork ez eta denek, era berean. Egia esan, ez dugu hitz egin normaltasunetik kanpoko kontuez, baina sortzaile horien egunerokotasunean ezohiko indargune asko elkartzen dira.

Argitaletxe berak aurrez gazteleraz argitaratutako beste lan baten "jarraipena" da, nolabait esanda.   

Bai, arazo handi samarra dago jendeak irakur dezan, eta pentsatzen dut bakoitzaren hitz egiteko manera, araudiak agintzen duenetik haratago errespetatzea, denoi izango zaigula lagungarri.

Eta ba ote du Ferminek beste lanik mahaiaren gainean dagoeneko?

Hasita nengoen, hirugarren fikziozko lan batekin, musikaren inguruan. Alde batera utzi nuen, eta orain ez dakit horrekin jarraituko dudan edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak