Irati Usandizaga: "Dudarik gabe, nahiko nuke etorkizunean talde mistoak egotea, aberasgarriagoa izango litzateke"

Andoni Muxika 2014ko abe. 6a, 00:00
Irati Usandizaga, beteranoen txapelketa jokatzen duen zelaian.

Emakume gazte horrek futbola du bizitzaren parte. Hain du gogoko, aurtengo Oñatiko beteranoen txapelketan jokatzen ari da; txapelketako emakume bakarra izan da. Hain zuzen ere, gizonez osatutako liga horretan, Indar 85 taldean ari da jokatzen, aurrelari. Oraingoz, oso pozik dagoela aitortzen du, eta etorkizunean emakume gehiago animatzea espero du. Horretaz gain, ikasten jarduten du astean zehar, EAZ+Zuzenbidea Bilbon. 

Zer dela eta erabaki zenuen Oñatiko beteranoen txapelketan jokatzea? 

Joan den urtean hasi nintzen kontu honekin; animatzeko esaten zidaten, ni ere gogoz nengoen... Baina, azkenean, ez nintzen apuntatu. Aurten, ordea, lotsak kendu eta animatu egin naiz. Taldean adin askotariko jendea dago, 1985ean jaiotakoak eta nire kuadrillako bi. Eta, oraingoz, oso ondo nabil bertan. 

Betidanik gustatu izan zaizu futbola, ezta? 

Bai; batez ere, jokatzea gustatzen zait. Ikustea, ez horrenbeste; izan ere, ez naiz futbolzale amorratua, jokatzea bakarrik gustatzen zait. Txikitan Aloña Mendi taldean jokatzen nuen, baina ikasketak hasi orduko utzi egin behar izan nuen, Bilbon ikasten dut-eta.

Nolako harrera izan duzu taldean? Eta ligan? 

Oso harrera ona izan dut; bai taldean, bai txapelketan. Taldean, denoi oso ondo iruditzen zitzaiela esan zidaten, poztu egin zirela, alegia. Eta kontrako taldekoek ere, berdin-berdin. Ez nuen espero horrelako harrerarik, baina benetan oso pozik nago.  

Oraingoz, hiru partidu jokatu dituzue. Nolakoa izan da esperientzia orain arte? 

Bai, hiru partidu jokatu ditugu. Orain dela sei aste hasi ginen, eta bi astean behin jokatzen ditugu partiduak. Oraingoz, hiru partiduetatik bi galdu eta bakarra irabazi dugu. Baina oso ondo nabil, gustura, eta inolako arazorik gabe. 

Nolakoa da zuen dinamika Indar 85 taldean? 

Ni ez naiz entrenatzen. Badakit taldeko kide batzuek kantxa bat alokatzen dutela noizean behin jokatzeko, baina nik neuk astea Bilbon ematen dudanez, ez naiz entrenatzen. Gero, partiduetan denon artean erabakitzen dugu zeinek jokatuko duen hasieratik, ze aldaketa egongo diren... Azkenean, horrela oso ondo funtzionatzen dugu; alegia, ez da egoten arazorik.

Talde bezala, zeintzuk dira zuen helburuak aurtengo ligan? 

Ahalik eta ondoen egitea. Baina oso talde onak daudenez, lehiakortasun handia dago. Txapelketan bi liga daude, azkenengo geratzen direnek Kopa jokatzen dute eta lehenengoek, berriz, liga. Oraingoz, gure asmoa da Kopan lan ona egitea. 

Horretaz gain, baduzu bestelako zaletasunik?

Bai. Mendia gustatzen zait; izan ere, sarri joaten naiz mendiaz disfrutatzera. Eta, horretaz aparte, Oñatiko dantza taldean ere banabil. 

Etorkizunean, nahiko zenuke neska gehiago animatzea? Ala nahiago duzu beste liga bat sortzea emakumez bakarrik osatuta? 

Dudarik gabe, nahiko nuke etorkizunean talde mistoak egotea. Horrela, aberasgarriago bihurtuko litzateke txapelketa. Izan ere, polita izango litzateke talde bakoitzean erdi eta erdi egotea, baina, oraingoz, utopiko samarra ikusten dut hori.

20 urte baino ez dituzu; etorkizunean, futbolean segitu nahiko zenuke? 

Zaletasun moduan, bai. Betiere, horrela jarraitzen badugu; hau da, lagunen artean jokatzen. 

Zure adibidea jarraituz, datozen urteotan emakume gehiago animatzea posible ikusten duzu?

Espero dut baietz. Oñatin badago nesken futbol talde bat, eta, haiekin hitz egiten nengoela, komentatu nien animatzeko, eta baten batek pentsatuko zuela aipatu zidan. Horrenbestez, espero dut animatzea! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak