Artia mendiaren plangintza onartu zuen udalbatzak eguenean egin zuten azaroko osoko bilkuran. Gai zerrendatik kanpoko gaia izan zen eta aho batez onartu zuten bi alderdiek.
Herri onurarako lurrak
"Basogintza Herrijorran ekimenean erabaki zuten herritarrek Artia mendirako zer gura zuten. Han erabaki zuten, esaterako, aurrerantzean ez dela pinu landaketarik egingo. Orain daudenen zikloa beteko da, baina landaketa berriak egiten direnean, hosto zabaleko zuhaitzak landatuko dira, pagoak, haritzak edo ametsak, adibidez. Hori osoko bilkurak onartu zuen aho batez eta orain, Gipuzkoako Aldundiarekin batera egindako plangintza adostua onartu da", azaldu zuen alkateak, Mikel Biainek.
Izan ere, titularitatea Udalarena izan arren, kudeaketa Aldundiarena da eta bien artean egin dute plangintza, Eguzkigintzaren laguntzarekin. "Lana ondo dagoela uste dugu guk ere eta jasota dagoenaren alde egiten dugu. Hala ere, uste dut plangintza honek bultzada politikoa behar duela. Esperientziagatik diogu hori", adierazi zuen bozeramaile jeltzaleak, Lourdes Idoiagak. Bildu ere ados agertu zen proposamen horrekin.
Oñatik 108 metro karratuko azalera du eta herri onurarako lau baso: Aloña, Iturrigorri, Araotz-Txikilaleku eta Artia. Egun, Iturrigorri hezkuntzara, heziketara dago bideratuta Life programarekin; Aloñan herriko abeltzainek euren abereak larreratzen dituzte. Orain, Artiako plangintza zehaztu dute eta Araotz-Txikilalekun ere antzera jokatzea dela asmoa adierazi zuen Biainek osokoaren amaieran.
Biolentzia eta merkatariak
Apaolaza Alarguna kalea aurrerantzean Maria Irizar kalea izatea ere onartu zuten. "Jerardo Elortzak idatzitako artikulu batean irakurrita hasi ginen horri bueltak ematen. Egun onartezina da emakume bat norbaiten alaba, alarguna edo iloba delako bakarrik onartzea. Beste hiruzpalau kale ere badaude emakume izenak dutenak herrian, elizari lotutakoak, baina hau deigarria iruditu zitzaigun eta horregatik hartu dugu erabakia", adierazi zuen Maialen Urtzelaik. Emakumeei zuzendutako biolentziaren aurkako Bilduren mozioa eta, Txandak aurkeztuta, etorri turistiko handiko gunetan merkataritza ordutegia zabaltzearen aurkakoa ere aho batez onartu zuten.