Apaolaza Alarguna kaleari izena aldatu eta Maria Irizar jartzea erabaki dute Oñatin

Julen Iriondo 2014ko abe. 1a, 07:46

Bere garaian Maria Irizarrek herriarekiko edukitako jokabideagatik, kale bat eskaini zion Udalak. Kalearen plakan haren izena jarri beharrean, baina, bere senarrarena ageri da, kalea haren alargunari eskainia dela adieraziz: Apaolaza Alarguna. Hori "onartezin" jo eta aldatzea onartu du udalbatzak.

"Maria Irizar nahikoa eskuzabala izan zen herriarekin. Badirudi euren jabetzakoak ziren lursail batzuk-eta herriaren zabalkunderako eman zituela". Maria Irizarrek berak eman, baina kaleari izena jartzerakoan gizona izan zuenaren abizena ageri zen, haren alargunaren omenezko kalea zela adieraziz: Apaolaza Alarguna. "Bere omenez jarritako kale izena da, baina ez bere izenarekin, baizik eta, kasik, [emakumea] norena zen esanez: inoren alarguna, inoren alaba, inoren emaztea... Horrelako gauzak onartezinak dira, begietara ere min egiten dute", dio Oñatiko Udaleko Berdintasun batzordeko buru Maialen Urtzelaik. Horrela, joandako egueneko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zion udalbatzak, aho batez, kaleari izena aldatzeko proposamenari.

Jerardo Elortzak Kontzejupetik-en argitaratutako artikulu bat deigarri eginda hasi ziren gaia batzordean eztabaidatzen. Aurrez, Berdintasun Plana egin zutenean ere, kontuan izan zuten hirigintzaren inguruko hausnarketa egin beharra, hirigintza aztertzea "genero ikuspegitik": "Ikusita hausnarketa hori egiteko genuela eta hor barruan sartuko zirela, baita ere, kale izendegiaren eta kaleko iruditegiaren-eta azterketa, atzeratu egin genuen gaia. Baina hirigintzako hausnarketa hori bukatu genuen iazko ikasturte amaieran, eta orain kontua zen erabakia hartzea; batzorde desberdinak ukitzen ditu, Hirigintza batzordean landu behar izan da gaia, eta Berdintasunekoan ere bai". Eta gaia osoko bilkurara iritsi da, eta Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten kaleari izena aldatzea.

EAJko Lourdes Idoiagaren arabera, hartutako erabakia "mugarri bat" da: "Ea hemendik aurrera ere emakumeok geure izenarekin agertzen garen agertu behar garen lekuetan; ez bakarrik kaleetan, geuk ere sarri erabiltzen baitugu zeinen emaztea garen-eta. Nik uste oso garrantzitsua dela irizpide hori aldatzea".

Emakume izen gutxi
Gutxi dira Oñatin emakumeei eskainitako toki izenak; Elizari lotutako Arantzazuko Ama, Bakardadekoa eta Santa Marina plaza, bakarrenetakoak. Kale izendegiaren eta iruditeriaren inguruan egindako azterketan baieztatu ahal izan zuten hori. "Behintzat", urgentziaz egin beharrekoa zela iruditu zitzaien Apaolaza Alarguna kalearen izena aldatzea, "bereziki deigarria" zelako, Berdintasun batzordeko buru Maialen Urtzelaik dioenez.

Aurrera begira, kale edo plaza berriei izena jartzerakoan erabiliko den irizpideari buruz galdetuta, Urtzelaik dio, bere garaian, "desberdintasun hori ekiditeko", leku izenak edo ofizioenak jarriko zirela erabaki zela: "Egia dena da gaur hartutako erabakiarekin bide berri bat irekitzen dugula, eta lehengoari gehitu dakiokeen irizpide bat izan daitekeela herrian esanguratsuak izan diren emakumeei dagokien lekua ematea kale izendegian, iruditerian, monumentuetan eta abarretan. Hemendik aurrera beste edozein proposamen jasoz gero, irekita geundeke. Nahi genuke ahalik eta eskrupulosoenak izatea kontu honekin".

Alegazioetarako epearen ostean erabakia behin betikoa bihurtzean, Udala arduratuko da dagokion lekuetan aldaketaren berri emateaz. Bizilagunek ez dute ezer egin beharko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak