'Oñatiko euskeria' erabili eta jolasteko eskuliburua

Irati Goitia 2014ko aza. 27a, 12:52

Mutila Oñatiko euskeria liburuari begira.

Udal Euskaltegiak lehiaketa bat antolatu du. Oñatiko euskeria liburuaren gaineko ekarpenak jaso nahi dituzte eta herritarrak parte hartzera animatzen dituzte. Sariak ere izango dira. 

"Helburua da ekainean argitaratu genuen Oñatiko euskeria liburuaren gaineko ekarpenak jasotzea", azaldu du Roberto Altuna zuzendariak.

Bi lehiaketa, sei sari

Parte hartzeko bi modu daude: batetik, modu "arina": liburuan zenbat txantxiku dauden zehaztu behar da. "Azalean zein barrualdean hainbat txantxiku daude. Horiek topatu behar dira. Azken batean, jendeak liburua esku artean izatea eta harekin jolas egitea nahi dugu", zehaztu du.

Parte hartzeko bigarren modua ekarpenak egitea da. "Jendeari eskatzen diogu liburuaren gainean dituen iritziak, kritikak, zuzenketak... bidaltzea. Interesatzen zaigu jakitea irakurleak zer ikusi duen liburuan ondo edo zer zuzenduko lukeen. Berba bat, aditz forma bat, esaera bat... izan daiteke", dio Altunak. Hori parte hartzeko modu sakona izango litzateke. "Ez da jakitunentzako zerbait; herritarrendako baizik", zehaztu du. Hala ere, deialdi berezia egin diete, adibidez, ikastetxeetako irakasleei. "Ikastetxe bakoitzera ohar bat bidali dugu dituzten ekarpenak bidaltzeko eskatuz. Oñatierako ikastaroa hartu dutenei ere bidali diegu gutuna. Interesa erakutsi dutenei dei berezi bat egin diegu".

Ekarpenak helbide honetara bidali behar dira:  euskera@oinati.net. 2015eko urtarrilaren 11ra arte dago horretarako. Ondoren, guztiak aztertuko dira eta onenek saria izango dute. Hiru ekarpen onenentzako sariak izango dira: 50 txantxi bakoitzarendako. Eta liburuan zenbat txantxiku dauden asmatzen dutenentzako ere beste hiru, haiek ere 50 txantxikoak.

Bigarren edizioa

Lau hilabete dira liburua argitaratu zutenetik eta balorazio positiboa egin du Altunak. "Salmenta aldetik oso ondo joan da. 500 ale argitaratu genituen eta denak saldu edo banatu ditugu. Horregatik, 300eko bigarren edizio bat atera dugu", gaineratu du. Liburua salgai dago toki hauetan: Altunan, Aritzan, Ibarrondon, Hirukarren, Turismo Bulegoan eta Arantzazuko dendan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak