Oñatiko Ortuzabala kontsumo taldea handitu gura dute

Julen Iriondo 2014ko aza. 7a, 12:02

Lau lagunek hartu dute Iban Telleriaren lekukoa Ortuzabala kontsumo taldeko ekoizle gisa. Lanerako esku gehiago edukita, jende gehiagorengana iristeko modua badutela ikusi dute, eta 25 laguneko taldea gura dute osatzea. Datorren eguenean informazio bilera egingo dute, 19:00etan ETEOn.

Hiru urte egin ditu Iban Telleriak Ortuzabala kontsumo taldeko ekoizle gisa, eta, orain, hark utzi eta lau lagunek hartu diote lekukoa, arreba Arianek eta beste hiru neskak: Rebeka Maestro, Arantzazu Sagarzazu eta Ane Anduaga.

Lanerako ere jende gehiago izanda, eurek ekoiztutako produktuak jasotzen dituztenen taldea ere handitzea nahi dute: Iban Telleriak zituenei gehituko zaizkien dozena erdi bat lagunez gain, beste hamar bat gura dituzte, 25 ingurura iristeko. Horientzako guztientzako barazkiak ekoizteko ahalmena badutela diote, eta euren asmoa da taldea handitu ahala ortukoa denen ogibide bilakatzea, lanerako baldintza eta soldata duinekin.

"Kontsumo taldekoa ez da harreman komertzial hutsa"; hori ere argi uzten dute ekoizle lanetan dihardutenek. Honela, asteroko otarra jasotzen dutenek parte hartzen dute, horrez gain, ortuaren planifikazioan –zer erein edo landatu erabakitzen–, eta auzolanetan jarduteko konpromisoa ere hartzen dute.

Bi hilean behin-edo egiten dituzte auzolanak, eta izaten dira denbora asko eramaten duten lan errazak: kipula sartzea, patata jasotzea... 

70 euro hilean
Otarrak jasotzerakoan, berriz, bi aukera daude: osoa edo erdia. Osoagatik 70 euro ordaintzen dira hilean, eta orain, adibidez, dakar: lau porru, kilo bat kalabaza, kilo erdi kipula, kilo erdi espinaka, aza bat, azalore bat, brokoli bat, hiru erremolatxa, errefautxo sorta, eskarola, letxuga eta patata kilo bat.

Saskiaren erdia horren erdia litzateke kopuruz, eta prezioa 40 euro. Astean behingo otar osoek, beraz, 17,5 euro balio dute: produktuei ematen diete 15 euroko balioa, eta gainerako 2,5 euroak dira "proiektuaren iraunkortasuna bermatzeko", diotenez. Aipatutako produktuez gain, taldeko kideek beste ekoizle batzuen produktuak ere ekartzen dituzte tarteka kanpotik, marmelada, ogia edo pasta, adibidez, saskia osatzeko, beti ere salmenta zuzenaren bitartez.

Otarrak uzten dituzte Ortuzabala kontsumo taldeak ETEOn duen lokalean, martitzenetan, 17:00etan, eta ordutik aurrera dagokiona jasotzera edozein unetan joan daiteke taldeko kidea, bakoitzak bere giltza baitu.

Izena emateko
Ortuzabalak hektarea eta erdiko ortua du Murgia auzoan, eta era ekologikoan egiten dute lan bertan. Orain ekoizpenaren ardura hartu duten neskak aurretik ere ortuko lanetan ibilitakoak dira, nahiz eta era apalagoan eta eurentzako. Orain, neurria ere handitu denez eta taldekideekiko konpromisoa dutenez, formazio saioetan parte hartzekoak ere badira, euren ezagutza handitzeko.

Kontsumo taldeko kide izan nahi luketenentzat horren berri emateko bi bide jarri dituzte: ortuzabala@gmail.com helbide elektronikoa eta 670 56 62 51 telefono zenbakia. Honez gain, informazio bilera bat ere deitu dute datorren eguenerako, hilak 13: 19:00etan ETEOn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak