Bernat Alberdi: "Euskararen jazarpenari buruz diziplina asko batzen dituen ikuskizuna da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urr. 31a, 09:44
Bernat Alberdi da ikuskizunaren zuzendaria.

Euskara, añubea eta eguzkibegixa euskarak historian zehar izan duen jazarpenari buruzko ikuskizuna erakutsiko dute gaur, egubakoitza, Oñatiko Santa Ana antzokian. Bi emanaldi egingo dituzte: 19:00etan eta 22:00etan. Ikuskizuna zuzendu duen Bernat Alberdirekin izan gara.

Estreinaldiaren eguna; zer moduz?

Pozik gaude, eta irrikaz, egindako lana jendaurrean erakusteko. 

Zer kontatzen duzue ikuskizunean? Eta nola?

Askotariko diziplina batzen dituen multimedia ikuskizuna da. Euskarak Erromatar garaitik gaur  egunera arte izan duen jazarpena eta errepresioa kontatzea da istorioaren mamia. Hizlariak, aktoreak, musikariak eta dantzariak izango dira taularen gainean, eta horien guztien osagarri izango dira pantaila handian erakutsiko ditugun irudi eta bestelako testigantzak. 

Izan ere, gaur Santa Anan erakutsiko duzuenak aurrez egindako dokumental bat du abiapuntu. 

Hori da; kontua da orain dela hilabete batzuk euskararen jazarpenari buruzko Euskera, ospela eta egutera dokumentala egin genuela hainbat lagunek, Euskal Memoria elkarteak horrela eskatuta; Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu zuen. Dokumental  hori, gai bera jorratzen duen erakusketarekin batera, herririk herri dabil. Oñatira zetorrela-eta pentsatu genuen urrats bat gehiago egitea; hala, dokumentala oinarri hartuta sortu genuen gero gaur estreinakoz erakutsiko duguna. 

Gaur erakutsiko duzuena, beraz, espresuki Oñatirako egindakoa da.

Bai, hala da; berez, ikuskizuna ibiltaria izateko jaioa da. Horren ekoizpena herri bakoitzean aztertu beharko litzateke nola egin. Guk Oñatiko idiosinkrasia jaso dugu; hau da, barruko kontuak (euskara, dantzak, bertako testigantzak...). Ikuskizuna beste herri batean egingo balitz, gure ustez, herri horretako protagonistak eta ezaugarriak jaso beharko lituzke; bide batez, herri horren memoria historikoa jasota geratuko litzateke horrela. Atzean oso lan interesgarria dago memoria hori guztia gal ez dadin. Ikuskizuna Oñatiko Udalak ekoitzi du, eta benetan eskertzen dugu Udaletik jasotako babesa.

Nola heldu zen, baina, proiektu zabal hori zure eskuetara? 

Maiatzean Euskal Memoriakoak etorri zitzaizkigun euskarari buruzko dokumentala egiteko eskaerarekin. Esan behar da lantalde berak aurrez torturari buruzko Barruko arrastoak dokumentala egin genuela elkarte horrendako. Euskararena egiteko, baina, hilabete bat bakarrik genuela esan ziguten. Gai honetan jantziak dauden pertsonengana jo genuen, orduan: David Anaurt Euskararen kate hautsiak liburuaren idazleak eman zizkigun historiaren gaineko argibideak; hain zuzen ere, aurrez aipatutako erakusketarekin paralelo doazen hitzaldiak egiten ari denak; Joan Mari Torrealdaik frankismo garaiaren azalpenak,  Xabier Amuritzak eta Kontxita Beitiak 60ko hamarkadako borrokaz eta ikastolaren sorreraz, besteak beste. Gaur egunera etorrita, berriz, Zigor Etxeburuarekin eta Garbiñe Petritegirekin izan gara, besteak beste. Horiekin guztiekin eta Ahotsak.com atariko testigantzekin eta Filmotekako irudiekin osatu genuen dokumentala. Hainbat herritan erakutsi dute dagoeneko; besteak beste, Arrasaten, eta datorren astean Oñatin.

Oñati hankaz gora jarri duzu.

Egia da, bai [barrez]. 60 lagun inguruko lantaldea osatu dugu. Horien artean daude: askotariko teknikoak (argiztapena, jantziak, dekoratuak...), aktoreak, dantzariak, Ganbarako abesbatzakoak, bestelako musikariak... Arloka antolatu gara eta arloka landu ditugu ikuskizuneko osagaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak