Pipa erretzen, berogailuaren ondoan eserita eta gurutzegramak egiten gogoratzen du Paulo Anduagak Aita Bedita Larrakoetxea, haren biografia jasotzen duen liburuaren egileak. Udal euskaltegiak Bedita Larrakoetxea izena du 1988tik, orduko Udalak horrela erabakita.
Shakespeare-n itzultzailea
Sortzez bizkaitarra zen Bedita Larrakoetxea, Zeanurikoa (1894-1990). "Altsasura joan zen lehenengo eta handik Oñatira etorri zen. Hemen eman zuen lehen meza. Apaizgintza ikasketekin batera egin zituen irakaskuntza ikasketak eta gerra aurretik, 1930 urte inguruan, gazte oñatiarrei eskolak ematen jardun zuen, Bixente Meabebasterretxea, Alfonso Urkidi eta Fernando Urkiarekin batera", dio Paulo Anduagak, liburuaren egileak.
Larrakoetxea euskaltzale petoa zela dio Anduagak eta gerra aurretik euskal giroa zakartu egin zelako, Ingalaterrara joan zela. "Erbestean egon zen denboran harreman estua izan zuen Euskal Herritik Europara joandako gerrako umeekin", dio Anduagak.
Ingalaterratik Argentinara joan zen, Saltara, eta eskolak eman zituen han ere. "Zuen denbora libre guztia euskalgintzari eman zion", zehaztu du egileak. Oñatin gelditzeko saiakera bat egin ostean, 1972. urtean etorri zen berriz Oñatira. "Urte hartatik hil zen arte, 1990. urtera arte, hementxe bizi izan zen. Gogoan ditut bere ohiturak eta akordatzen naiz umore oneko gizona zela", azaldu du Paulo Anduaga agustindarrak. Eta gaineratu du: "Oñatin bukatu zituen Shakespeare-n lanak ingelesetik euskarara itzultzeko lanak. Izan ere, euskaltzalea izateaz gain, euskararen alde zerbait egin behar zuela uste izan zuen, eta erabaki zuen idazle ingeles horren literatura lanak euskarara itzultzea".
Gizonezkoa
Askoren ustearen kontra, Bedita Larrakoetxea gizonezkoa zen. "Benito zen bere benetako izena. Garai baten, ordea, izen propioak euskaraz adierazten hasi ziren, euskara garbi baten alde-edo. Hala, Bedita izena erabiltzen hasi zen bera. Guk Benito deitzen genion, baina berak Bedita izenarekin sinatzen zituen liburu eta agiri guztiak. Euskaltegiari Bedita izena jarri zioten bere ohitura hori errespetatu gura zutelako ", dio Paulo Anduagak.