Orain bi seinale mota daude jarrita Oñatiko auzo eta baserrietan. Auzoaren izena agertzen den seinaleaz gain, baserri bakoitzak bere izena zein den adierazten duen plaka bat du jarrita etxearen fatxadan. Laster, baserrien izenak agertzen diren seinaleak jarriko dituzte auzoetako bidegurutzeetan. Izenaren ondoan, baserriraino iristeko zenbat metro dauden ere agertuko da.
500 baserri
Hamasei auzo daude Oñatin eta baserriak, berriz, 500 inguru. Oñatiko mapa toponimikoan jasotzen dira batetik, baserrien izen ofizialak, hau da, onartuta dauden izenak, eta bestetik izen jatorrak, ahozko erabilera dutenak. Seinaleetan, izen ofizialak agertuko dira gehien bat, baina zenbait kasutan izen biak agertuko dira idatzita, ofiziala eta jatorra. "Adibidez, Arantzazuko Bellotza baserriaren izen ofiziala Begiolatza da. Garibaiko Koixkarrena, berriz, Korosbizkar. Bigarren kasu horretan izen biak agertuko dira, ziurrenik", azaldu du Aitor Gerenabarrenak, landa garapeneko udal teknikariak.
Izenaren ondoan, bidegurutzetik baserrira heltzeko dagoen distantzia ere agertuko da, metrotan. Seinaleek izango duten itxurari buruz, metalezkoak izango dira eta hiru tamaina ezberdinetakoak. "Sei baserritik gorako bidegurutzeetan seinale handiak jarriko dira; seitik beherakoetan, ertainak eta izango dira baserri bakar baten izena dutenak ere. Ideia bat egiteko, Legazpin dauden moduko seinaleak izango dira", azaldu du Gerenabarrenak.
Auzo-alkateen foroan landutako gaia da eta auzoetako ordezkariak, beraz, jakinaren gainean daude. Noiz jarriko dituzten, baina, erabaki barik dago oraindik. Arantzazu, Araotz, Urrexola eta Zañartu auzoetan jarri behar diren seinaleak enkargatuta daude dagoeneko, eta laster enkargatuko dituzte gehiago ere. "Azaroan helduko dira lehen seinale horiek, baina oraindik ez dago erabakita noiz eta nola jarriko diren. Kolokazioa oraindik zehazteke dago", esan du landa garapeneko teknikariak.
Asfaltatzeko diru laguntza
Bestalde, astelehenean, urriak 27, bukatzen da landa bideak asfaltatzeko udalak ematen duen diru laguntza eskatzeko epea. Partikularrei emango zaien laguntza da eta material eta garraio gastuetarako izango da soilik. Eskatzaileak, Oñatiko landa auzoetako bateko baserri baten jabe dela egiaztatu beharko du eta konpondu asmo den bidearen titulartasuna publikoa dela.