'Euskera, ospela eta egutera' dokumentala oholtzara eramango da

Imanol Beloki 2014ko urr. 24a, 11:53

Dantzariak eta musikariak, besteak beste, Euskera, añubea eta eguzkibegixa ikuskizuna entseatzen. | txarlo markez

Euskal Memoriak eta Gipuzkoako Diputazioak ekoiztutako Euskera, ospela eta egutera dokumentala oholtza gainera eroango dute Oñatiko Santa Ana antzokian. Dokumental horretan, historian zehar euskarari egin zaion jazarpena eta euskal kulturgintzak jaso duen errepresioa batzen da. Bi emanaldi izango dira, urriaren 31n: lehena 19:00etan eta bigarrena, 22:00etan.

Antzerkia, dantza, zuzeneko musika eta testigantzekin osatutako bideoak tartekatuz ikuskizun multimedia bat sortu dute, eta sarrerak salgai daude Txokolateixan, 5 eurotan. Bigarren emanaldirako sarrerak erosi dituenak eta 19:00etako saiora joan nahi duenak sarrerak trukatzeko aukera izango du Txokolateixan.


Ikuskizuna euskararen jazarpenaren inguruan izango da, aurretik egindako Euskera, ospela eta egutera dokumentalean oinarritutakoa. Hala, Euskara, añubea eta eguzkibegixa izenarekin deituko da ikuskizuna, Oñatiko euskaran esaten den moduan. Hori horrela, Euskal Herri mailako estreinaldia izango da.
Bernat Alberdi ikuskizuneko zuzendariaren esanetan: "Dokumental hau oholtza gainera ekarri nahi izan dugu eta horretarako ikuskizun multimedia bat sortu dugu. Hau da, proiekzioak, dantzariak, aktoreak, herri kirolak… guztir,a ordubeteko iraupena duen ikuskizuna izango da". Ikuskizunean parte hartuko duen gehiengoa oñatiarra izango da eta 60 pertsona inguruk osatzen dute lantaldea. "Gauza oso positiboa da lantaldetik %90 edo %95 oñatiarrak izatea".

Lantalde betea ikuskizunerako

Euskal kulturgintzan eta euskararen historian parte izan diren Xabier Amuritza, Kontxita Beitia –ikastolen sorreran egondako irakaslea–, Zigor Etxeburua–Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria– eta Garbiñe Petriati –Behatokiko zuzendaria– izango dira, besteak beste, taula gainean. Dantza garaikidea egiten duen Ziomara Ormaetxe eta Oñatiko Oñatz dantza taldea ere izango dira. Joseba Irazoki eta Ander Etxaniz musikariak, Oñatiko Ganbara abesbatzakoak eta Ttakun txalaparta taldekoak ere izango dira; Eneritz Dueso idazle eta abeslari irundarra eta Karmen Biain, Oñatiko aktorea. Horiez gain, Oñatiarren testigantzak ere entzungo dira bideo formatuan.

Oñatiarrak testigu

Duela bi urte ekin zion Euskal Memoria Fundazioak hizkuntza zapalkuntzaren gaia lantzeari, eta horrela hasi ziren Oñatiko kideak ere.

Oñatiko Euskal Memoria Taldeak testigantzak jaso ditu. Hala, besteak beste, Ana Mari Zumalde, Gurutz Jausoro, Jose Urtzelai, Bernate Belategi eta Jokin Ezpeleta oñatiarren adierazpenak jaso dituzte. Eurei egindako elkarrizketak ikusi ahal izango dira eta haien ahotik entzun ahal izango dira euskararen kontrako jazarpenaren lekuko izan ziren istorioak; adibidez, eskolan ze zigor jasotzen zuten euskaraz berba egiteagatik…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak