Loli Ordoki: "Puntua egiten ez, baina musika partiturak aurrean ditudala ikusten dut telebista"

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko urr. 12a, 00:00

Loli Ordoki bere etxe aurrean eguenean.

Lesakan jaio zen Loli Ordoki, baina Oñatin bizi da 22 urte zituenetik, ezkondu zenetik. Familiatik datorkio musika zaletasuna, eta musika ardatz hartuta bizi da. Eguneroko paseoa egin ostean erantzun ditu elkarrizketa honetako galderak.

Musikarekin lotzen zaitugu ikusten zaitugun bakoitzean.

Bai, batera goaz. Txikitan hasi nintzen, Lesakan, musika ikasten, eta harrezkero musikari lotuta bizi izan naiz. Eta bizi naiz.

Non egin zenituen musika ikasketa horiek?

Donostian, Bilbon eta baita Madrilen ere. Musika eta kantu ikasketak egin ditut eta kantu irakasle jardun dut urte askoan. Oñatiko Txantxiku ikastolako irakasle izan aurretik, Lazkaoko ikastolan izan nintzen musika irakasle bi urtez. Gainera, eskola partikularrak ere eman izan ditut; gazteak prestatu ditut musika azterketak gainditzeko.

Irakasle moduan ez, baina lanean jarraitzen duzu egun, musikari lotuta, jakina.

Bai, eta gogoko dudan lana da, gainera. Oñati eta Aloña abesbatzetako zuzendaria naiz eta kantuak prestatu behar izaten ditut. Lana da hori niretako, eta, askotan, film bat ikustera edo kontzerturen bat entzutera joan barik gelditzen naiz, nire lana bukatzen, baina gustuko lana dut, trukean jasotzen dudan konpentsazioa handia da.

Noiz entzuten duzu musika?

Egunero, eta asteburuetan, gehiago. Edozein momentutan entzuten dut. Telebista ere partiturak aurrean ditudala ikusten dut. Batzuek puntua egiten duten bitartean ikusten ei dute; ba, nik partiturak aurrean ditudala. 

Egia da belarri ona behar dela musikarako?

Bai, baina ez da jaio behar belarri onarekin. Belarri txarra edo ahots ez hain ona izanda ere, landu egiten da hori. Horrek badu konponbidea.

Familian denok ei duzue belarri ona.

Egia da, zortea izan dugu horretan, baina belarria landu daiteke. Nire anaia Mikelek, esaterako, sekulako ahotsa du. 12 urte zituela Parisera joan zen abestera, hangoek propio eskatuta. Anaia zaharrena ere oso ona zen kantuan. Profesionalki ni bakarrik bizi naiz musikatik, baina Malagan bizi den ahizpak eta Lesakan bizi denak ere abesbatzetan abesten dute. 

Instrumenturik jotzen duzu?

Pianoa, noski. Etxean beti izan dut pianoa.

Paseora joateko tartea ere egunero hartzen duzu.

Bai. Zortzi kilometro egiten ditugu egunero. 09:00etan irteten gara etxetik eta Errotaraino joaten gara. Bospasei lagunek egiten dugu irteera hori. Horietako bat, gainera, Arrasatetik etortzen da egunero: Jose Antonio Billar. 

Musika entzuten egiten duzu ibilbidea?

Ez, ez. Musikaz ere hitz egiten dugu batzuetan, baina naturaz, ekonomiaz eta politikaz mintzatzen gara, adibidez.

Oñatin horrenbeste abesbatza eta musika talde egonda, herritarrak musikazaleak direla esan daiteke?

Bai, dudarik gabe. Horiez gain, gainera, Jose de Azpiazu musika eskola ere badago. Oso ondo egiten dute lan. Hortxe dago musika bandaren harrobia, esaterako.

Eta entzule onak dira oñatiarrak?

Hor baditut zalantzak. Egia da antolatzen diren musika emanaldietan, bai bertako abesbatzen edo bai kanpotik datozen taldeen kontzertuetan, jendea batzen dela, baina, hala ere, beti berdinak joaten garen sentsazioa izaten dut askotan. 

Oporrak eta aisialdia musika eskaintzaren arabera antolatzen dituzu?

Denak ez, baina asko bai. Donostiako Musikaldira, esaterako, urtero joaten gara.

Zer moduz ibili zara jaietan?

Oso ondo. Iparragirre Oñatin antzezlanean hartu dut parte eta asko gustatu zait emaitza. Andres Zabalak bikain egin du Iparragirrerena eta Iñazio Irizarren moldaketa ere ona izan da.

Askorendako, beti izango zara andereño Loli, ezta?

Bai, bai. Lesakako jaietan dantzarien atzetik elizara gindoazela, "Andereño Loli!"oihukatzen entzun nituen gazte batzuk. Nire ikasleak izandakoak ziren, Lesakara parrandara joanda!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak