Aitor Biain: "Pastarekin esperimentatzea asko gustatzen zait, saltsekin-eta"

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 8a, 00:00
Aitor Biain oñatiarra, Ganbara abebatzako zuzendaria.

Musikaria da Aitor Biain (Oñati, 1983), musikaria hanka puntatik azken ileraino: Oñatiko Ganbara abesbatzako zuzendaria; Bergarako orfeoiko zuzendaria; Lazkaoko musika eskolako irakaslea eta zuzendaria; eta Oñatiko bandako kidea.

Aitor Biain zelakoa da?

Ikasteko gogo handia duen pertsona, musika asko maite eta bizi duena, eta egunero jaikitzen denean gehiago ikasteko eta lan egiteko gogoa duena.

Zein harreman duzu sukaldearekin?

Neuretako gertatzen dut, baina bestelakoan ez dut harreman handirik.

Zein da zure espezialitatea?

Pastarekin esperimentatzea gustatzen zait, saltsekin-eta, baina ez naiz batere aditua.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Kontzertu on batera.

Eta etsai bat ezertara?

Bai, ez dut inorekin arazorik.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?

Hurbilekoekin egotea dut gustuko. 

Musikari izateak zer eman dizu?

Guztia da musika, guztia. Musikaren inguruan daukat bizitza guztia: lagunik onenak, bikotekidea… 

Eta ezer kendu dizu?

Bai… Behar bada bizitza sozial apur bat, lagunekin egoteko denbora. Denbora gutxiago izan arren egoten naizen hori hobeto aprobetxatzen dut. Eta bizitza pasio handiagoarekin hartzen dut horrela.

Zure lanbidean inor miresten duzu?

Miretsi? Berba handia da gero hori. Nik uste egunero musikan lanean jarduten dugunok nahiko miresgarri garela. Bestelakoan ez naiz idolo zalea.

Zer da mundu horretan gustuko ez duzuna?

Erakunde publikoek musikarekiko eta orokorrean kulturarekiko duten jarrera; krisi garaian kultura delako egurra gogorren jasotzen duena.

Zer gurago zuzendari, abesbatzako kide edo klarinete-jole?

Ahotsaren munduarekin dut harreman onena. Eta zuzendari lana izugarri gustatzen zait, musika barrutik ezagutzeko aukera ematen duelako. Talde baten antolakuntza kontuak ere oso gustuko ditut: saioak egin, kontzertuak antolatu, proiektuak bideratu… 

Zein kontzertutara joango zinateke gustura?

Musikan aukera asko dauzkat baina kontzerturik gustukoena Brahms-en Requiema da. Bai edo bai joango nintzateke.

Iratxoek hiru desio eskatzeko aukera eman dizute...

Zoriontsu eta osasuntsu bizitzea; musikan aukera profesionalak eta proiektu interesgarriak izatea; eta desio orokorra, kulturak bultzada handi bat izatea.

Zure bizitzako anekdota bat.

Ganbara Txikirekin ETBko Oh Happy Day saioan izan ostean kalean sinadurak eskatzen zizkiguten bai kantariei, baita niri ere. Txokantea izan zen.

Musikari izateko zer da ezinbestekoa?

Esfortzua eta pazientzia.

Damu zara…

Bizitzako etapa ezberdinetatik pasatu naiz, lanbide ezberdinetatik, eta batzuk gehiago gustatu izan zaizkit, baina damutu ez. Hori behintzat ona dut, beti positiboarekin geratzen naiz.

Zer errepikatuko zenuke?

Sei urterekin musika ikasten hastea.

Zerk beldurtzen zaitu?

Igual bakardadeak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Lanean jarraitzen dut, mila kontu ekartzen ditut-eta. Sofan esertzen naizenetan telebista jartzen dut tontakeriaren bat ikusteko.

Nora egingo zenuke ospa?

Hondartza duen edozein herrialdetara. 

Ze esaldi konpartituko zenuke?

Orain ez dut bat ere gogoan.

----------

Aukeran...

Lehen platera: Pasta. 

Bigarrena: Azpizuna edo txuleta. 

Postrea: Hostopilezko kremadun pastela. 

Edatekoa: Ura. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak