Urriko lehen asteburuan izaten dira herriko jai nagusietako ekitaldi herrikoienetako asko, eta oñatiarren gustukoak izaten dira horiek. Herri Eguna eta Bixamona Eguna izaten dira, adibidez, jaietako egunik onenak askorendako.
Bertso saioa gaur
Aurtengo Herri Eguna ere goiz hasiko da. Ohi den moduan, herriko elkarte gastronomikoak zabalik egongo dira salda hartu edo txorizoa jan gura duena sartzeko. Bestalde, animalien eta fruta eta barazki azokaren inguruan, ardien erakusketa izango da aurten lehiaketa izan beharrean, horren antolaketaren ardura duen Nekazarien Elkarteko presidente Jabier Markuletak azaldu duen moduan. Ahuntzak ere izango dira aurten ikusgai. Herriko taberna, artisauak eta sagardo dastatzea ere egongo dira. Baita herri bazkaria ere. Aurten, gainera, segurtasun neurriengatik, 650 lagunendako bazkaria prestatuko dute, bertako produktuekin. Txartelak kultura etxean (arratsaldez) edo udaletxean (goiz eta arratsalde) eros daitezke, 19 eurotan.
Musikak girotuko ditu herriko txoko asko egun osoan. Bestalde, 18:00etan izango dira herri kirolak, eta, horren ostean, lehenengo aldiz, Erdizka Lauetan taldeak joko du Foruen plazan bertan. Dantzari baten gidaritzapean euskal dantzak ikasi eta praktikatzeko aukera egongo da.
Domekan, besteak beste, haur parkea egongo da Etxaluzen –eguraldi txarra egiten badu kiroldegian– 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 13:30ean, berriz, ibilgailu klasikoen karabana ikusi ahal izango da herriko kaleetan zehar. 20:30ean, Balkoitik Balkoira bertso saioa egongo da, Kale Zaharrean, Irazu eta Zubeldiarekin. Astelehena. Errosaixo Bixamona eguna: parranda, mozorroak, paella jana eta Di-Bertsioak jaialdia txosnagunean, 18:00etan, besteak beste.
Gaur, bestalde, bertso saioa dago Zubikoan, 22:30ean. Nagusiendako sarrera zortzi euro izango da eta sei, gazteendako.