Udako oporren ostean hasten da herriko jaien atzera kontaketa. Ez da bat ere lan zaila izaten, iraila ekitaldiz betetako hilabetea izaten da-eta. Aurten ere halaxe izan da. San Migel bezperaren data, baina, herritarren buruan egoten da hilaren hasieratik, orduan hasten direlako jaiak bete betean. Eta domekan da irailak 28. Txantxikua jaitsiko da 20:00etan, eta horrelaxe hasiko dira aurten ere, San Migel eta Errosaixo jaiak.
Aurretik, baina, egongo da zer egiteko, ikusteko edo entzuteko herrian. Domekan bertan, esaterako, gaztetxoei zuzendutako jolasak, bazkaria, flashmoba eta musika emanaldia izango dira Errementari plazan.
Amparo Sanchez gaur
Domekara arte itxaron barik, gaur, egubakoitza, ere badago musika entzuteko aukera. Hain zuzen ere, Amparanoia taleko Amparo Sanchezek abestuko du, zuzenean, Foruen plazan. Duela bi urte kaleratu zuen Alma de cantaora lanarekin etorriko da. Bere aurretik, Euskal Herriko eta Kubako musikariek osatutako La Jodedera taldeak joko du. Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta ez 23:00etan, jaien egitarauan datorren moduan.
Bestalde, txosnak era gaur zabalduko dituzte eta txosna batzordea osatzen duten hamaika eragileek, jaietako egun guztietarako ekintzak jasotzen dituen egitaraua prestatu dute aurtengo jaietarako. Hainbat berrikuntza izango dituen egitaraua. Hala, Egun Morea dataz aldatu, eta zapatu honetan bertan egingo dute. Aurten, lehen aldiz, gainera, Aniztasun Kulturalaren Eguna ospatuko dute.
Egunero egingo dituzten ekitaldiekin batera, txosna batzordekoek jakinarazi dute jaietan egon daitezkeen eraso matxisten aurrean erantzuteko protokoloa ere egongo dela aurten, eta kanpotik Oñatira datorren jendearentzat gaztetxean lotarako lekua ere egongo dela. Sukaldearekin ateratako dirua, berriz, Berria-rendako izango da eta bazkarietarako txartelak Boga, Arrano eta Ona tabernetan egongo dira salgai. Herri Eguneko Antixeneko bazkarira joateko izena, berriz, Ona tabernan edo gaztetxean bertan eman behar dela ere jakinarazi dute txosna batzordeko kideek.
'Iparragirre Oñatin'
Bestalde, bihar, zapatua, antzeztuko dute Iparragirre Oñatin antzezlana Santa Anan. Bi emanaldi egingo dituzte, eta bietarako sarrerak aspaldi agortu ziren. Beraz, jaietako ekitaldi arrakastatsuenetako bat izateko bidean da herri antzerki hori. Olaitturri Kultura Elkarteak prestatu du, herriko hainbat eragilerekin batera. 27 herritar igoko dira oholtza gainera.
Bestalde, jaiak direla eta, astelehenean eta martitzenean itxita egongo dira udal zerbitzuak.
Edukiontzi gehiago hondakinendako
Herriko ostalari eta gastronomia elkarteek jaietan normalean baino hondakin behiago pilatuko dituztela kontuan izanda, hondakinak jasotzeko edukiontzi bereziak jarriko dituzte jaiak irauten duten bitartean. Hala, jaietako bi asteburuetan, 1.000 litroko edukiontziak erabili ahal izango dituzte erdiguneko taberna, jatetxe eta txosnetako langileek eta elkarte gastronomikoetako erabiltzaileek. Frakzio bakoitzeko lau edukiontzi jarriko dituzte gune hauetan: Aita Madina kalean, institutuaren ondoan; Iturritxo inguruan eta azoka plaza ondoko biribilgunean. Giltzadun edukiontziak izango dira eta horiek erabiltzeko giltzak inguruko zerbitzuetan banatuko dituzte eta edozein ordutan erabili ahal izango dituzte.
Mila litroko edukiontzi berezi hauek, baina, ohiko zerbitzuaren osagarri izango dira, jaietan ostalaritzako lokaletan eta elkarteetan sortzen diren hondakinak urtean zeharreko gainerako egunetan bezala jasoko baitira, ordutegi eta toki berdinetan. Edukiontzi berezi horiek, beraz, ohikoaren gaineko hondakin kopurua batzeko izango dira.
Merkatari, ostalari eta elkarteei eskaintzen zaien goizeko zerbitzua, baina, aldatu egingo da Herri Egunean eta Errosaixo Bixamona egunean. Egun horietan, kale Zaharra, kale Barria, Atzeko kale eta Foruen plazan dauden lokalek eurekin batera adostu diren inguruko beste puntu batzuetara atera beharko dituzte hondakinak. 09:00ak aurretik. Arrazoia da bi egun horietan jende asko ibiltzen dela kalean goizetik, eta kamioia ezingo dela pasa herriko erdiguneko kaleetatik.
Bestalde, etxeetako hondakinen bilketan ez da aldaketarik egongo jaietan eta egutegia eta ordutegia ohikoa izango da. Enpresetako bilketan ere ez da aldaketarik egongo.
Unibertsitate etorbidea, itxita
Herriko jai nagusiek eragina izango dute herri barruko zirkulazioan, kale batzuk itxi egingo dituzte-eta motordun ibilgailuendako.
Hala, Unibertsitate etorbidea, Aker taberna paretik postetxera bitartean, itxita egongo da egun hauetan: irailak 28, domeka, txantxikuaren jaitsiera hasi aurretik (20:00etan jaitsiko da), danborrada amaitu arte; astelehenean eta martitzenean, berriz, tarteka itxiko dute.