Xabi Altube: "Balaztarik ez izatean, tentsioa sortzen da eta horrek badu xarma"

Irati Goitia 2014ko ira. 11a, 16:00

Xabi Altube fixed bizikletarekin, Oñatin.

Orain dela lauzpabost urte probatu zuen lehendabizikoz fixed bizikleta bat, piñoi finkoduna eta   balazta gabekoa, Xabi Altube oñatiarrak. Jakin-minak bultzatuta jarri zen horrelako bizikleta baten gainean. Orain, jakin-min hori afizio bilakatu da eta lasterketatik lasterketara dabil. Bartzelonan izan berri da txapelketa batean.

Nolatan hasi zinen piñoi finkoko lasterketetan parte-hartzen?

Antton Zubia lagunak ekarri zuen modalitate hori Oñatira Italiatik. Guretzako erabat ezezaguna zen eta jakin-mina sortu zigun. Bizikleta ezberdinak ziren. Hala hasi nintzen. Izango dira lau edo bost urte. Gero lagunak elkar xaxatzen hasi ginen lasterketetan izena emateko eta orain hor gabiltza aurrera eta atzera. 

Beraz, fixed bizikletaren gainean ez daramazu horrenbeste denbora, baina txirrindularitzari lotuta gaztetatik.

Bai, txirrindularitzan hamaika edo hamabi urterekin hasi nintzen eta horrezkero ez naiz jaitsi. Mendiko bizikletan, errepidean eta ziklo-krosean ere ibili izan naiz. Modalitate gehienak probatu ditut.

Zer du piñoi finkoko bizikletak besteek ez dutena?

Eskatzen du errepidean oso adi joatea, izan ere, ez duzu balaztarik. Sor daitekeen edozein ustekaberi aurre egiteko gertu egon behar zara. Tentsio horrek badu bere xarma.

Zenbateraino dago hedatuta kirol hau Euskal Herrian?

Egia esan, oraintxe dabil indarra hartzen. Orain dela hiru urte, Bilbon bakarrik zegoen modalitate honetako lasterketa bat. Gero Oñatin hasi ginen antolatzen eta aurten Donostian ere egin dute. Zegaman ere badabiltza txapelketa bat antolatu nahian.

Oñatin antolatzen den Kantoikrit-ek beste urrats bat eman du aurten. Kanpotik ere etorri da jendea...

Bai, badoa izena hartzen eta gero eta jende hobeagoa dator. Igarri zen mailak gora egin duela. Eta espero dugu hurrengo urtean gehiago etortzea, eta gero eta konpetentzia gehiago izatea.

Lehen biak zeuk irabazi zenituen. Aurten gurpila zulatu ez bazitzaizun zer gertatuko zen?

Hainbatek esan zidaten irabazi egingo nuela, baina ez, ez nuen irabaziko. Bigarren egingo nuen, akaso, baina ez nintzen lehen postuan helmugaratuko.

Kantoikritek zerbait berezia du beste lasterketekin alderatuta?

Zirkuituak harrizko zorua du eta hori berezia da. Besteetan ez dago horrelakorik. Milanekoa izan daiteke antzerakoena. Hangoan ere kale estuak eta kurbak daude, baina harrizko zorurik ez. Hori Oñatiko esklusiboa da.

Zenbat lasterketetan hartu duzu parte dagoeneko?

Bilbokoan izan ginen –hura behin bakarrik antolatu zuten–. Oñatin hiru bider korritu dut, Gijonen birritan egon gara eta Bartzelonan beste birritan. Hil honen 20an Madrilera goaz. Asteburu honetan Leonen zegoen beste bat, baina ez gara joan. Izan ere, ezin da astebururo kanpora joan. 

Abuztuan izan zara Bartzelonan, ez al duzu oporrik hartu?

Bai, izan gara oporretan, baina hori ere bizikletan. Eslovenian egon gara zakutoekin.

Bartzelonan txukun aritu zinen. Gustura eginikoaz?

Emaitza ona baino, jendea nik egin nuenaz gustura gelditu zela esango nuke. Izan ere, 46. egin nuen. Ez da emaitza on-ona, baina lehian zegoen maila ikusita, pozik ziren gertukoak. Izan ere, oso jende ona zegoen, profesionalak. Ez dago honetatik bizi den inor, baina badaude dirulaguntzak dituztenak eta honi dedikazio gehiago eskaintzen diotenak. Bartzelonakorako 244 pertsonak genuen izena emanda eta lasterketarako 85 sailkatzen ziren soilik. 1 Formulan bezala, aurretiaz, hogei minutu zenituen zirkoitoan ahalik eta itzuli azkarrena egiteko, eta lehenengo 85ak sailkatzen ziren. Sei multzo zeuden eta ni nire multzoko bigarren gelditu nintzen. Lasterketarako, 62.en sailkatu nintzen irteeran eta 46. postura aurreratzea lortu nuen. Gertukoak oso pozik zeuden horrekin.

Zein herrialdetan du indar gehiago kirol honek?

Talde alemaniar on bat dago edo asko dira estatubatuarrak edo Puerto Ricokoak, adibidez. Toki horietan lehenagotik ezagutzen dute kirola eta laguntza gehiago daude. Bartzelonako lasterketara faborito bezala etorri zena Puerto Ricokoa zen, esaterako. Kanadan, Errusian eta Ukrainan ere nahiko hedatuta dago. Australiarrak ere nahiko onak dira. Izan ere, herrialdearen zati handi bat desertua da eta pistako modalitatean ibiltzen dira asko. Eta zela pistako eta piñoi finkoko ezaugarriak nahiko antzerakoak diren...

Eta zuk non entrenatzen duzu?

Errepidean ibiltzen naiz. Ez da egokiena. Pistan aritzea egokiagoa izango litzateke, baina baita aspergarriagoa ere. Belodromo bati bueltaka aspertu egiten naiz, ez dut horretarako balio. Azken finean, ez naiz horretatik bizi; afizio bat da. Lortutakoa lortu eta kitto.

Zer eskatzen du kirolak, fisiko ona izatea eta zer gehiago?

Hanka onak eskatzen ditu eta teknika apur bat. Balaztarik ez izatean, pixka bat bizia izan behar zara. Bestalde, potentzia asko behar da. Azkenean, piñoi bakarrean zoaz denbora guztian. Pistakoei hori igartzen zaie, potentzia asko izaten dute. Indarrak ere ondo neurtu behar dira. Arinegi joanez gero, hanketan indarra faltan izaten da gero.

Lasterketak egiten jarraitzeko asmoa duzu? Baduzu kirola serioago hartzeko asmorik?

Afizioa bakarrik dela esango nuke. Bartzelonakoa, adibidez, Munduko Kopako lasterketa bat da. Horrekin batera Milanen egiten da beste bat eta New Yorken bi. Lau lasterketa horietan puntu gehien lortzen dituena izaten da irabazlea koparen irabazlea. Bartzelona gertu dago eta joan gara, baina besteak... New Yorkera joateak izugarrizko aurrekontua du, ez da posible. Milanekoa... Lagunak badabiltza bertara joan behar dugula esaten, baina ez dakit... Gurea afizioa da eta ez beste ezer, baina jarraitu dugula ziur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak