Lonelyowl Recods diskoetxearekin kontratua sinatu du eta hiru hilean behin disko labur bat kaleratu beharko du. Dagoeneko Nameless eta Lonely01 kalean daude eta luzerako proiektua da. Horrez gain, udan lan guztiaren fruituak jasotzen hasi da Cerqueira. Izan ere, Richie Hawtinek, munduko dj ezagunenetarikoak, oñatiarraren Dark site (original mix) kantua erabili du hiru astez Enterexperience jaialdian.
Noiztik produktore lanetan?
Honetan sartu aurretik rap eta hip-hop musikan sartuta ibili nintzen. Egia esan, proiektuan kasualitatez sartu nintzen. Mikel Gil, Lonelyowl Records diskoetxeko nagusia, bazkari batean ezagutu nuen eta bertan nire kantu pare bat jarri nizkion mugikorrean. Gil diskoetxea sortzeko prozesuan zebilen, Euskal Herriko jendea fitxatzen zebilen eta harekin kontratu bat sinatzeko proposamena egin zidan. Baiezkoa eman nion eta hori dela-eta hiru hilean behin disko labur bat kaleratzeko konpromisoa hartu dut.
Nolakoa da sortze prozesua?
Hutsetik hasten naiz. Gaur egun, pertsona askok eredu antzekoak erabiltzen dituzte kantuak sortzeko, gero ereduen gainean hainbat aldaketa egiten dituzte eta kantu propio bezala aurkezten dituzte, baina emaitzan antzematen da. Horrek ekartzen du azkenaldian kantu asko antzekoak izatea. Nire sortze prozesua hutsetik hasten da; pixkanaka base erritmikoa izango zena egiten dut eta horren ostean hainbat efektu eta detaile grabatzen ditut. Dena etxean dudan estudioan egiten dut, azkenaldian gauez lan egin eta horren ostean hasten naiz konposatzen. Gaur egun, disko-jartzaile askok produktore lanak ere egiten dituzte; bestela, nire ustez, lekuz kanpo geratzen zara. Zure kantuak egin eta disko-jartzaileek horiek erabiliz gero, horrek ospea eta errekonozimendua ematen dizu. Gil momentu honetan Miamin, Amsterdamen, Milanen... dabil diskoak jartzen, eta hori bai beretzako eta baita niretzako ere oso onuragarria da; azkenean, nire musika munduan zehar eramaten du.
Zein kontzeptu dituzu buruan konposatzeko orduan?
Azken finean, musika da eta musika elektronikoak musikaren oinarri berak jarraitzen ditu. Patroi bat jarraitu beharra dago; 4x4, esaterako, eta horren ostean sintetizadoreak, efektuak, ahotsak...edo dena delakoa sartzean ere harmonia bat jarraitu behar da. Rock kantu batean bezala ezin duzu sintetizadorearekin la nota bat egin eta baxuarekin sol bat. Hori guztia kontutan izanda, egun bakoitzeko aldartearen eta pertzepzioaren arabera kantu lasaiagoak edo alaiagoak izan daitezke. Egia esan, ni musikari etiketak jartzen oso txarra naiz. Lonelyowlekin ateratako diskoak, adibidez, Frantziara bidaltzen ditugu masterizatzera eta bertakoek esan ohi didate zein musika den, deep-house kantu bat den edo nu-diskotik gertuago dagoen.
Kontratuak ere jarraitasuna eramatera behartzen zaitu.
Bai; bestela, askotan musika egiten dugunoi gertatzen zaiguna zera da: etxean hainbat abesti gordetzen ditugu eta horiek kaleratzea lan handia da. Lonelyowlekin sinatu dudan akordioarekin nire burua ere sortzera behartzen dut, gutxienez urtean lau disko argitaratu behar ditut. Hasiera baten, diskoa ez da formatu fisikoan kaleratzen, Beatport plataforman jartzen da salgai, eta, bertan salmentak izanez gero, diskoa biniloan kaleratzeko aukera egongo litzateke. Kantuak saltzea oso zaila izaten da, baina nire kasuan, gutxienez, badakit India inguruan erosi duela batek edo bestek. Gainera, diskoetxea promozio guztia egiteaz arduratzen da, eta hori lagungarria da.
Bildumako lehenengoak Itsaso lehorra du izena.
Bai, Itsaso lehorra Alertha Recordsekin kaleratu dut, beste elektronika estilo bat da, deep-house edo nu-disko estiloa. Lonelyowlekin beste estilo batzuetako kantuak egiten ditut; beraz, Gilekin hitz egin ostean, kantu horiek Alertha Recordeskin kaleratzea erabaki genuen. Azken finean, bai niretzako baita beretzako ere positiboa zen; izan ere, nire musika zabaltzen dugu eta, nire izena Lonelyowlekin lotuta dagoenez, diskoetxea ezagutzera ematen dugu.