Gaztetxeko kideak gustura daude orain arte egindakoaz. Bi urtean askotariko ekitaldiak egin dituzte; kontzertuak eta bestelako ikuskizun eta ospakizunez gainera, hitzaldiak, erakusketak, askotariko tailerrak, irakurketa taldea eratu...
Aterpe komun beharrean
"Gazte topaketak egin genituen 2012ko martxoan Eteon. Hor ikusi zen Oñatiko gazteek elkartzeko lekurik ez izatea arazoa zela elkar ezagutzeko. Hori horrela, gaztelekuan hasi ginen elkartzen, baina konturatu ginen guk kudeatutako leku bat gura genuela. Irailaren 5ean, bada, herriaren erdigunean dagoen Antixeneko etxea okupatu genuen", dio Maria Apaolatzak, gaztetxeko kideak.
Antixenak aurrekari asko ditu, aurrez hainbat gaztetxe izan dira-eta herrian; azkenekoa San Martinen. Bakoitzak bere antolatzeko modua eta taldea izan duen arren, oinarrian funtzionamendu bera izan dute guztiek.Batzarretan hartzen dira erabakiak; Antixenean zapatuetan elkartzen dira, uztailean eguaztenetan izan badira ere. "Hilabeteko egitaraua prestatzen dugu bertan, kontzertuak, tailerrak edo bestelakoak. Talde finko bat gaude, baina, tarteka, herriko beste eragile batzuk ere etortzen dira gauzak proposatu eta elkarrekin antolatzeko asmoarekin. Poliki-poliki norbanakoen eskari gehiago ere jasotzen ari gara", esan dute Asanbladako kideek.
Taldeka antolatzen dira gero, eta arlo bakoitzak arduradun batzuk ditu; hau da: sukaldekoek, esaterako, sukaldean behar den guztia egoteaz arduratu behar dute, eta baita sukaldeko egutegiaz ere. Ikuskizun eta kontzertuetarako, berriz, teknikari talde bat ere badago. Botileroa ere badago, tabernarako eskariak egiten dituena, besteak beste.
Ostalalaritza Eskola izandakoa
Ohi bezala, Antixenean ere autogestioan oinarritzen dira; beraz, antolatutako ekintzak aurrera eramateko tabernatik, kamiseta salmentetatik eta bestelako ekimenetatik... ateratzen dute behar duten dirua.
Gaur egun Oñatiko gaztetxea den Antixena erakina Oñatiko Udalarena da. Oñatiko udalbatzarrak urtarrilaren 30ean onartu zuen Antixena herriaren esku jartzeko akordioa; izan ere, Mondragon Unibertsitateak zuen 2031. urtera arte Antixena erabiltzeko eskubidea. MUko Ostalaritza Eskola izan zen hasiera baten eta Unibertsitateko beste zerbitzu batzuetarako gunea geroago.
Bisita gidatua
Hiru solairu ditu; sotoaz gainera, beste bi. Margotze lanez gainera, aldaketa askorik ez dute egin erakinean. "Ostalaritza eskolaren harrerako pareta bota genuen areto nagusira sarrrera handiagoa eta erosoagoa egiteko. Horrez gainera, lehenengo agertokia egin genuen, gero tabernako barra eta askoz gehiagorik ez", azaldu du Oier Fernandezek.
Sarreratik eskuinaldera areto nagusia dago, taberna eta agertoki txiki batekin. "Kafe-makina ere guk jarri genuen. Egubakoitz eta zapatuetan zabaltzen dugu taberna eta kuadrillen, herriko gazte taldeen artean egiten ditugu txandak", gaineratu du gaztetxekoak.
Aretotik irten eta eskuinera dauden eskailerak igota, bigarren solairuan, batzar gela, sukaldea eta askotariko erabilerako gela daude. Igogailua ere badago.
"Bilera gelan, gaztetxeko kideez gain, herriko eragileak eta beste elkarte batzuetako kideak ere biltzen dira, astean zehar. Horrek bizitasuna ematen dio gela horri, guk gehienbat zapatuetan erabiltzen dugu-eta. Horrez gain, urteko sasoi zehatzetako erabiltzaileak ere badaude; orain, esaterako, herriko jaien bueltan, txosna batzordekoak hemen biltzen dira. Herriko taldeentzako zabalik dago gaztetxea, eta ez proposamenak egiteko bakarrik. Behar duten materiala eta bakoitzaren gauzak gordetzeko tokia ere badago", dio Fernandezek, eta zera gaineratu: "Liburutegi txiki bat ere badago gela horretan, ohiko liburutegiek moduan maileguz funtzionatzen duena. Jendeak ekarritako liburuekin osatzen ari gara".
Batzar gelatik sartzen da sukalderaino. Ostalaritza Eskola garaian zerbitzatzeko gela zen eta ez zegoen, bada, sukalde altzaririk han; gaztetxekoek jarri zituzten beharrezkoak geroago. Gaztetxeko jardunetarako, gainera, sukaldeak badu beste erabilpen bat ere, ohiko elkarte gastronomiko baten moduan funtzionatzen du-eta. Herriko eragile edo norbanakoek lagun arteko jatordu bat egin gura izanez gero, lekua hartu eta erabilitakoa pertsonako ordainduta, alokatzeko aukera dute. Harrikoa bakoitzak egin behar du, ez dute garbitzailerik.
Sukaldeko bigarren ateak askotariko erabilerarako gelara ematen du. "Denetik egin izan dugu hemen: dokumental emanaldiak, argazki erakusketak, hitzaldi jendetsuak, askotariko tailerrak... (estanpaziokoa izan da azkena). Bilera gela moduan, hau ere edozeinendako dago erabilgarri", diote gaztetxetik.
Bigarren urteurren festa
Antixeneko gaztetxeak bi urte gaur bete baditu ere, datorren zapaturako prestatu dituzte bigarren urteurreneko ospakizunak. "Hasierako asmoa egun osoko jaia antolatzea zen, baina egun horretan Oñatin zein Debagoieneko beste herri batzuetan ere askotariko ekitaldiak daudenez, egun erdiko egitaraua antolatzea hobetsi genuen, gaztetxeko ospakizunetan parte hartzen dutenek ere trabarik izan ez dezaten beste batzuetara hurbiltzeko. Urteurrenaren kamisetak ere egin ditugu Arrasateko gaztetxekoen laguntzarekin", azaldu dute.
Ez goiaz etxera izena jarri diote iraiiaren 13an, zapatua, egingo duten bigarren urteurren festari. Hona hemen egitaraua:
- 10:00: Haurrentzako jolasak egiingo dituzte plazan.
- 12:30: Gaztetxetik abiatuta, gazteen lokal poteoa egingo dute bizikletan.
- 14:30: Urteurren bazkaria, Kale Zaharrean. (Bakarirako izena emateko aukera dago gztexean eta Ongi tabernan, irailaren 11ra bitartean).
Bi urte oparo eginda, hirugarrenari gogoz heltzeko daude Antixenean. Abuztuan oporrak hartu dituzte, eta laster, herriko jaiak bukatuta, helduko diote berriz ere gaztetxeko eguneroko ohiko jardunari.