Paulo Agirrebaltzategi: "Hiztunak irabazteko, euskara erakargarriago eta samurrago egin beharko dugu"

Eneko Azkarate 2014ko ira. 5a, 10:00

Euskaltzaindiak beste 12 ohorezko euskaltzain izendatu zituen joan zen maiatzean eta horien artean dago Paulo Agirrebaltzategi (Oñati, 1942) frantziskotarra.

Uztailaren 18an egindako ekitaldian jaso zituzten diplomak. Horrenbestez, 39 ohorezko euskaltzain ditu Euskaltzaindiak. Euskaltzaindia, euskara eta Arantzazu ditugu berbeta gai, Teologoan doktore eta, besteak beste Jakin-en eta UZEIn lan egin duen araoztarrarekin.

Urte asko daroatzazu jaioterrik kanpo, baina Arantzazurekin harreman zuzena izan duzu beti.
Bai, 72 urte direla jaio nintzen Araotzen eta, hortaz, Arantzazura lotuta egon naiz txikitatik. 11 urterekin Arantzazura joan nintzen ikastera; ondoren, batxilergoa egin nuen; Foruan, Humanitateak ikasi nituen; Zarautzen Filosofia; Oliten ere bai, eta Arantzazun eman nituen beste lau urte, azkenak, apaiztu aurretik. Gero, Erromara joan nintzen Teologia ikastera. Baina, handik Jakin Taldeko kide izateko eskaera jaso nuen eta Donostiara joan nintzen.

Jakin Taldean jardun duzu, hortaz, urte askotan.
Bai eta hortik sortu genuen UZEI. Urte askotan bertan egin nuen lan. EUSENOR entziklopediaren proiektuan ere ibili nintzen 8 bat urte.

Eta Gandiagaren ondare literarioa aztertu duzu azkeneko urteotan.
UZEI utzi ostean, Arantzazuko lan editorialari lotuta eman ditut urteak. Gandiagaren ondare literarioaren edizio kritikoa egin dut, Interneten dagoena. Arantzazuri buruz literaturan idatzi dena aztertzen dihardut azkeneko aldian.

Euskalgintzari lotua jardun duzu lan-bizitza ia guztia.
Bai. Erromako sasoian, uda baten, Alemanian nintzela, gogoan dut Rikardo Arregi hil zen egun berean, konbentzitu ninduten Euskal Herrira itzultzeko eta horrela ekin ginen Jakinen. Honekin esan nahi dut euskararen borroka kontuetan nahiko atzeratua naizela. Anaitasuna aldizkarian-eta idazten hasi nintzenerako 28 urte bainituen. Aurretik oso gutxi ibilia nintzen euskalgintzan. 1970eko hamarkadatik dihardut Jakinen, UZEIn, EUSENORen…

Hain justu ere, erakunde horietan euskararen alde egindako lanagatik etorri zaizu ohorezko euskaltzain aitortza?
Bai. Izan ere, euskaltzain ez naiz inoiz izan, Euskaltzaindiaren arauak beti zintzo bete ditugun arren. Dena den, harritu nintzen izendapenarengatik, uste dut-eta nik baino merezimendu gehiago duenik badela, baita Arantzazun bertan ere.

Euskararen normalizazioari dagokionean, botila erdi hutsik ala erdi beteta ikusten dituen horietakoa zara?
Euskara eremu guztietan normalizatzea izan da beti gure helburua. Eremu guztietan eta maila guztietan. Euskara modernizatzea. Ez bakarrik etxean eta eskolan, baita gizartean ere. Eta adin guztietan… Euskarak, halere, bide handia dauka egiteko normalizatzeko eta modernizatzeko bidean, erabileraren aldetik batik bat. Erakundeen aldetik plangintza partziala egin dela uste dut. Ahaleginak bideratu dira telebistara, irratira eta egunkarira ere bai, azken honetan kostata bada ere, sorrera bihurri samarra izan bazuen ere; Goiena ere hor dago…

Beste eremu batzuetan ere normalizatzea da helburua?
Bai. Eta hortik EKBren sorrera ere. Guk uste genuen plangintza orokor baten inguruan batu behar genituela eremu ezberdinetan euskara normalizatzeko asmotan zebiltzan erakunde, talde eta abarrak. Uste dut urteetan, behintzat, falta izan dela erabilerarako politika, plangintza eta kanpaina. Irakaskuntzan eta hedabideetan egin da ahalegina baina… Dena den, hedabideen artean ere ahula da euskararen egoera. Telebistan, esaterako, ETB1 eta, toki batzuetan, Goiena bezalako telebista lokalak daude, baina horien aurrean, dozenaka erdal telebista dago.

Hedabideen kasuan, baina bestela ere, normalizatzetik urrun dago euskara.
Hala da, argi dago. Martxelo Otamendiri esaten diot sarritan: "Haserretu egingo haiz, baina euskal egunkarien eskabidea ez dago normalizatuta, gutxienez, bi ez dauden bitartean". Bide luzea egin beharra dago. Eta eskaintza kulturala ere hor dago. Gazteek beste nonbaiten aurkitzen dute asebidea. Sentsibilizazio kanpainekin bakarrik ez da arazoa konpontzen. Egunero bizitzeko behar ditugun elementuak behar ditu euskarak. Erabileran dago erronka. Baina baikor naiz. Asko dagoen arren egiteko, asko egin da. Eta egiteko gauza gara!

Zer behar da horretarako?
Duela 30 urte egon zen sentsibilitate sozial berezia. Eta behar dugu, orain, euskararen aldeko beste iraultza sozial bat. Ez "euskara salba dezagun" baizik eta "euskara erabil dezagun", urteotan egindako ahalegina indarberritzeko eta zabaltzeko. Beste astindu sozio kultural bat behar dugu, nahi bada, politikoarekin batera. Baikor naiz, baina arriskua beti dago hor eta gure hizkuntza bertan behera gera daitekeela esatea ez da boutade bat. Baina neurriak behar dira, urratsak eman, ezkortasuna nagusitu ez dadin.

Kalitatezko euskara darabilgu euskal hiztunok?
Kalitatearen gainean zaharrek beti protesta egiten dute gazteek ez ei dutelako ganorazko euskara erabiltzen. Bihurrikeriak egiten dituztela. Belaunaldi eta hizkuntza guztietan gertatzen da, seguruen. Euskarak baditu berezko zailtasunak, inguruan eta gainean dauzkagun hizkuntzen eraginagatik, lexikoarengatik, egiturengatik. Baina ez nau horrek hainbeste kezkatzen. Euskarak eboluzioa behar du, etengabekoa, identitatea zaindu behar duen arren. Euskalerritar guztiak euskaraz hitz egiten jarri beharko baditugu, euskarak dezente aldatu beharko du.

Ez da erronka makala.
Ez. Gauza batzuetan dimisioa egin beharko dugu: hizkuntza erakargarriago, samurrago… egin beharko dugu, baina, euskal hiztun berri horiek aldatu egingo digute hizkuntza. Hitzak, egitura… Hipotesia da, baina hori izango litzateke benetako iraultza. Orain, galdetu behar diogu geure buruari zer nahi dugun: berdin jarraitzea, garbi, gurea kontserbatuz ala euskal hiztunak eta erabiltzaileak irabaztea eta hizkuntza aldatzea. Hau da, sakrifizioak egin.

Zeinek aldatuko du hizkuntza?
Hiztun berriek aldaraziko dute. Zer behar dugu: euskal osoak ala euskaldun gehiago?

Euskarak aurrera egiteko duen eragozpen nagusia, diozun amets hori egi bihurtzeko oztopo nagusia, zein da?
Jende asko konbentzitu beharra. Euskalerritar gehienak ez daude euskal komunitateari begira, baizik eta kanpora begira, gaztelaniaren bidez hartzen baitute kultura. Hori da zailtasun handi bat. Edozelan ere, iraultza edo astindu soziala gazteen aldetik etorri beharko da.

Bitoriano Gandiaga zenaren Poema argitaragabeak lana publikatzeko lanean ibilia zara eta harekin egin duzu lan. Zela gogoratzen duzu?
Harremana geneukan eta hiltzeko zegoela, lan argitaragabe batzuk eman zizkidan. Ez zidan esan zer egin paper haiekin. Gerora, hil ostean, elkartu ginen taldetxo bat Gandiagaren lanekin zer egin erabakitzeko. Lauzpabost liburu baditu argitaratuak, baina beste horrenbeste argitaratu barik. Digitalizatu, datu basea osatu, idatzi kritikoa prestatu eta Interneten jarri nuen, jendeak irakurri eta erabiltzeko. Ondare hori ezin zitekeen bazterrean geratu.

Ze nabarmenduko zenuke bere lanetik?
Poeta bezala handia izan zela uste dut. Baina, batez ere, Arantzazuri buruz asko idatzi zuen. Mitxelena genuen Arantzazuren poeta eta, haren ondoren, Gandiaga etorri da aurrera begirako ikuspegia ematera: modernoagoa eta irekiagoa. Inportantea da Arantzazuren irudiari dagokionez. Arantzazu berriaren interpreterik onenetakoa da Gandiaga, poesiaren bidez.

Berriki argitaratu duzu Egan aldizkarian Arantzazuren kantariak eta olerkariak. Zer da?
Lantzen ari naiz 500 urteko herri literatura Arantzazuarra. Hau da, Arantzazuren inguruan, fraideen aldetik edota kanpotik ere, landu den literatura. Fenomeno kultural eta soziala izan da Arantzazu eta, akaso, politikoa ere bai. Oñatiarrek eta arrasatearrek asko dute esateko Arantzazuren sorreraren gainean. Proiektu kultural errenazentista modukoa izan zen Arantzazu. Eta proiektu horrek oihartzun literarioa ere izan du. Urte askotan herri literatura izan da batik bat. Baina 1834era arte zer egon zen ez dakigu. Izan ere, gerra Karlistetan erre baitzuten Arantzazu liberalek. Fraideen gelak eta artxiboak desagertu ziren. Dorrea bakarrik geratu zen zutik eta, hain justu, han gordeta zegoen artxibo musikala bakarrik salbatu zen. Hortaz, 1891tik aurrera suspertze kulturala gertatzen da Euskal Herrian eta Arantzazu bada horren erreferente. Poesia eta bertso aldetik, eta kantatzeko testuen aldetik, suspertze bat gertatzen da. Hortik aurrerako bilduma egin dut. Bada, hori guztia bildu nahi izan dut. Horretan dihardut azkeneko urte hauetan. Bolumen handiko lana da. Kalkulatzen dut 3.000 bat orriko bilduma izan daitekeela. Artzak, Etxegarai, Jose Inazio Arana, Mitxelena, Aresti, Gandiaga, Zelaia… horien lanak-eta asko daude.

Zein da Arantzazuk euskarari, euskal kulturari, literaturari egin dion ekarpen nagusia?
Herri literaturari duintasuna eman dio, batez ere autore batzuen partetik. Bestetik, euskarari oso lotua egon da. Eta, bereziki, euskal poesia eta musika daude oso lotuta Arantzazuri.

Aita Santu berriaren gainean ze iritzi duzu?
Aita Santuek ondorengoak ondo lotuta uzten dute jeneralean, baina Frantzisko honekin ustekabea gertatu da. Haize berria ekarri dio Elizari. Oraindik ez du iraultzarik egin eta, beharbada, ez du egin ere egingo. Egituretan ez du aldaketa handirik ekarri eta, beharbada, ez du ekarri ere egingo. Eliza aparatu handia da. Gutxienez, kristau, katoliko edo eliztar askori arnasa hartzeko aukera eman die. Baita neuri ere. Baina Aita Santua ez da gure erreferentzia nagusia, eta gutxiago gotzaina. Jesukristo da gure erreferentzia.

Aurtengo uztailaren 18ko irudia, Bilbon, ohorezko euskaltzain izendatu zuteneko unea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak