Outhsa enpresaren likidazioaren harira, polemika

Irati Goitia 2014ko uzt. 25a, 09:36

Atzoko osoko bilkuran, besteak beste, Olabarrieta auzoko bidegorriaren proiektua aldatzea onartu zuten eta baita San Martin auzoko plan partzialaren aldaketa behin betiko onartzea ere. Horretaz gain, Outhsa enpresaren likidazioak ere aurrera egin zuen. Horixe izan zen polemika gehien sortu zuen gaia.

Atzo egin zuten opor aurreko azken osoko bilkura eta hainbat izan ziren aztertu zituzten gaiak. Polemikarik ere ez zen falta izan.

Olabarrietako bidegorria

Olabarrieta auzoan bidegorria egiteko, GI-2630 errepidearen azpitik eraiki behar den pasabidearen proiektua aldatzea onartu zuten, aho batez.

Aldaketa horren arabera, 71 pabiloia eraitsiko dute pasabidearen malda ez dadin horren malkartsua izan. "Pentsatu genuen hobekuntza bat sartzea posible izango litzatekeela. Hasierako proiektuan pasabideak errepidea gurutzatu eta U bat egiten zuen. Bertako pabilioi bateko jabe batekin berba egin eta aztertu dugu ea posible izango litzatekeen U hori egin beharrean, zuzen Aiastuiko okindegi aldera joatea bidegorria. Hala, malda txikiagoa izango litzateke. Gaia aztertu da, baina akordioa ez da sinatu oraindik. Badirudi, baina, posible izango dela hitzarmena sinatzea", adierazi zuen Mikel Biain alkateak osoko bilkuraren ostean.

Proiektuaren aldaketa honek aurrera eginez gero, Jaurlaritzarekin ere egin beharko lirateke tramite batzuk eta instituzio honek zehaztutako lituzkete lanen epeak. Hala ere, alkateak zehaztu zuen euren nahia dela aurten hastea lanekin eta bi-hiru hilabetetan gauzatzea.

San Martin auzoko urbanizazioa

Bestalde, San Martin auzoko urbanizazioaren plan partzialaren aldaketa ere onartu zuten behin betiko. Puntu honetan alderdi jeltzaleak aurka bozkatu zuen. Hain zuzen, alegazioa ere jarri zuen bere garaian."Kontra jarraitzen dugu gure txosten tekniko eta juridikoek esaten dute ez dela legala sinatu den hitzarmena eta egin den plan partziala. Izan ere, legearen arabera 32 etxebizitza babes ofizialekoak izan behar lirateke", esan zuen Lourdes Idoiaga, EAJko bozeramaileak. 

Alderdi jeltzalearenaz gain, izan dira, onartu ez diren, beste alegazio batzuk ere gai honetan: herritarrenak eta enpresa sustatzailearena. Biain alkateak adierazi zuen akordio hona dela lortutakoa: "Gure ustez lortu den hitzarmena ona da. Lehen, etxebizitza batzuk libreak izan behar ziren; eta orain, denak izan behar dira prezio mugatukoak. Bestalde, hitzarmen honen bitartez lortu duguna izan da sustatzaileei betebehar eta egutegi batzuk jartzea".

Outhsa-ren likidazioa

Atzoko osoko bilkuran polemika handiena sortu zuen puntua, baina, Outhsa enpresaren likidazioa izan zen. Outhsa 2003an sortu zen, Ulmarekin batera, Garagaltza auzoan ikerketa zentro bat sortzeko helburuarekin. Plan hori, baina, bertan behera geratu zen 2010ean eta proiektu horretan sortutako zorra ezkutatzea leporatu zien alkateak jeltzaleei. Hor sortu zen tira-bira. "Lotsa gabe esan du alkateak eta oso mingarria izan da. Ez dugu inondik inora onartuko burugabe edo justifikazio gabe zor bat utzi genuenik. Hori da edozer gauza esatea. Gainera, aipatu dituen hainbat datu gezurrak dira", zihoen Idoiagak. Alkateak, berriz, honako esan zuen: "Nik ekarri dut 2012ko azaroko ogasuneko akta bat non azaltzen den Idoiagak onartu zuela zor hori zegoela, baina ahaztu egin zitzaiela gobernua aldatu zeneko unean horren berri ematea". 

Orain, Ulmarekin adostu da Outhsa desegitea eta aktiboen banaketa egitea. Hala, Udalak 39.000 euroko ekarpena egin behar du eta berreskuratuko ditu Goribar Goitiko baserria eta landa eremuko hiru lursail. Ulma geratuko da, bestalde, hiri-eremuko bi lursailekin eta landa eremuko beste batzuekin.

Bi mozio

Atzoko mozioan, bestalde, menpekotasun arretako etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren arteko hitzarmena ere bozkatu zuten. Jeltzaleak aurka azaldu ziren, euren ustetan murrizketak dakartzalako.

Bi mozio ere onartu ziren aho batez. Bata Desembarco del Granma eta Sierra Maestra-Euskadi elkarteek aurkeztutako idatzia, eta bestea, Gazaren aurkako erasoak berehala gelditzeko eskaera.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak