"Ez da erreskate talde bat; hau da, ez dugu erreskaterik egiten arriskua handia den kasuetan", uzten du argi hasieratik taldeko arduradun Javier Igartuak, azalpenarekin jarraituz: "Horretarako talde profesionalak aktibatzen dira; eta ez da jende gaiturik ez dugula, baizik eta boluntario izateagatik ez gaituztela arrisku handiko egoeretara bideratzen".
Hamasei gizon-emakumek osatzen dute Debagoieneko ERIE, "prestakuntza espezializatua" dutenak guztiak: "Prestatzen gara formazioarekin eta praktikekin: orientazioa, GPS teknologien erabilera eta mendian gidatzea"; esku-hartze errealetarako baliagarri zaizkien ezagutzetan, Igartuak azaltzen duenez. Esku-hartze ohikoenak izaten omen dira desagertutako pertsonen bila: "Muturreko eguraldi txarragatik ere aktibatzen gaituzte, haizeteengatik, euriteengatik...".
Lurreko bilaketa taldea
Euskadiko Gurutze Gorriko ERIEko parte da Debagoieneko taldea –hamabi daude guztira, sei Gipuzkoan–. Lurreko bilaketa eta salbamendu taldea da bailarakoa, ze halakoez gain beste batzuk ere baditu Gurutze Gorriak: esku-hartze psikosozialerako taldea; behin-behineko aterpe-babeserako taldea; osasun arretarako eta biktimen sailkapenerako taldea; eta komunikaziorako eta koordinaziorako taldea.
Debagoieneko taldeak Oñatin du egoitza –ETEO eraikinean–; bertan egiten dituzte bilerak eta prestaketak. Deitu, baina, edozein lekutarako dei ditzakete: "Pentsatzen badute ekarpenen bat egin dezakegula eta gure esku-hartzea eraginkorra izango dela". Aldea dago, ordea, esku-hartze tokiaren arabera: "Aktibazioa gure inguruan, Debagoienean, bada, geu aktibatuko gaituzte aurrena; kanpotik datozen taldeen koordinazioa egin beharko dugu, eta SOS Deietako arduradunarekin antolatzea ere gure egitekoa izango da. Aktibazioa beste eremu batean bada, eremu hartako taldeei laguntzera edo haiei erreleboa ematera joan beharko dugu".Dena den, Debagoieneko taldeko arduradun Javier Igartuaren arabera, Erkidegoa da euren jardute-eremu ohikoena, nahiz eta inguruko erkidegoetara ere joan behar izaten duten tarteka.
SOS Deien ardura izaten da taldeen aktibazioa: "Pertsona baten desagerpenaren abisua jasotzen dutenean, bilaketa antolatzeari ekiten diote. Beharrezko informazioa jaso eta behar diren taldeak aktibatzen dituzte, bilaketaren ezaugarrien arabera. Gurutze Gorriak jasotzen duenean ERIE aktibatzeko eskaria, bilaketa tokitik gertuen dagoen taldea aktibatzen da, eta bilaketaren bilakaeraren edo ezaugarrien arabera, gainerako taldeak ere aktibatzen dituzte, laguntza modura, errelebo modura...".
Boluntarioak izaki, dena den, aktibazioa izaten da taldekideen disponibilitatearen araberakoa: "Talde batek jasotzen duenean herrialdeko larrialdietako teknikariaren aktibazio eskaria, ahalik eta bizkorren erantzun behar da; baldin eta taldeak baditu kideak irteteko modura, adierazten da zenbat denbora beharko duten martxan jartzeko. Behin aktibatuta eta jarduteko eremura bidean, informazioa eta egin beharreko lanaren gainekoak jasotzen dira. Esku-hartzea koordinatzea guri dagokigun kasuetan, koordinaziorako arduradunak izendatzen ditugu eta haiek dira SOS Deien operatiboarekin harremanetan egongo direnak".
Larrialdietan Berehalako Erantzuna Emateko Taldearen jardunerako baliabide nagusiak izaten dira jantziak, segurtasun gailuak, orientaziorakoak, GPSak, ibilgailuak eta osasun arretarako materiala eta biktimak ebakuatzekoa, batez ere; lanerako oinarrizko materiala bermatzen badiete ere, Debagoieneko ERIEkoek "zerbitzu hobea" ematea nahi dute: "Hobeto egokitutako ibilgailuak nahi ditugu, trasladoak erosoagoak izan daitezen; osasun arretarako material gehiago ere nahi genuke, eta komunikaziorako gailu hobeak ere bai, lanean ari garela estaldura arazoak izan ez ditzagun". Halako aparteko gastuetarako, Debagoieneko postuak jartzen ei du bere baliabideetatik, "Urrearen Loteriatik" ateratakotik, besteak beste: "Une honetan, gehien behar duguna da ibilgailu berri bat. Daukagunetako bat oso egoera txarrean dago; bi urte pasa dira horren berri eman genuenetik, eta aurrekontuek eskari hori jasotzeko zain gaude", dio Igartuak.
Larrialdiak eta prebentzioa
Mendiko ekintzetan prebentzio zerbitzua eman behar izaten dute, batetik, Debagoieneko ERIE taldekoek; bestelakoa da egitekoa, bilaketa bat egiteko deitzen dituztenean. Halakoak delikatuak izaten dira: "Hor atzean familia bat egon ohi da bere etxekoa non dagoen jakin nahian; lehenengo orduak kezka eta urduritasun handikoak izaten dira, eta behar izaten dena izaten da patxada eta bilaketa ondo antolatzeko faktoreen analisi objektiboa". Gurutze Gorriko boluntarioak saiatzen dira "barruan daukaten dena" ematen, familien "sufrimendu hori arintzeko". Horretarako, bilaketa lanak ez ezik, desagertutakoaren gertukoen animoei eusteko ahalegina ere egin behar izaten dute.
Eta bilaketa, askotariko baldintzetan, batzuetan beste batzuetan baino luzeago, eta beti ez deseatutako emaitzarekin; eta noski: "Bilaketa antolatzen ari denak bidaltzen digunean mezua dioena 'pertsona aurkitua', hori da izan daitekeen unerik bereziena, harrapatzen zaituen lekuan harrapatzen zaituela, lekuan bila ari zarela edo erreleboa emateko etxean atseden hartzen ari zarela", dio ERIEko arduradunak.
Prebentzio zerbitzuei dagokienez, berriz, aurreko asteburuan egin zuten, adibidez, azkena, Ehun Miliak, mendiko lasterketa luzea: "Lanerako oso proba zaila da, lasterketako tarte bakoitzean behar direlako postuak, eta edozertarako gertu egon behar dutelako taldeek". Izan ere, 166 kilometro dira mendian barrena, "iristea zaila den puntu batzuekin". Javier Igartuak dioenez, bi lan mota egin behar izaten dituzte halakoetan, "lasterkariak zauri txikiengatik artatu eta erabat ahitutakoen trasladoa": "Aurten ere izan dira euren muga fisikora iritsi direnak; zorionez, azken edizioetan ez dugu aktibatu behar izan bilaketarik, inor ez da eta bidean galdu".
Batzuetan lan hobeak, besteetan gogorragoak, beraz, baina Igartuak dei egiten die beste batzuei laguntzeko interesa dutenei, oro har, Gurutze Gorrira –tartean, ERIEra– hurbil daitezen –edo 943 76 55 76ra deitu–, "ekintza ugari" omen dituzte-eta, "eta ideia eta proiektu asko" martxan jarriko lituzketenak –nahiz eta, orain arte, Debagoieneko postua anbulantzia zerbitzuarekin jardun den, batez ere–. ERIEko arduradunak argi du: "Pertsonalki, uste dut merezi duela; arazo bat konpontzeko pasatzen dituzun ordu guztientzat nahikoa ordain da esker on hitz bakar bat".
----------
Javier Igartua (ERIEko arduraduna): "Perretxiko garaia delikatua izaten da"
Noiz eta zein duzue hitzartutako hurrengo zerbitzua? Prebentzio zerbitzuak urtero errepikatzen dira ia: mendiko ekintzak, martxak, mendiko bizikleta probak... Irailera arte ez dago ezer iragarrita; irailean eta urrian azken mendi bizikleta probak izango ditugu, eta urtea bukatzeko formazioa eta praktikak egingo ditugu. Hori bai, SOS Deiek aktibatzen bagaituzte, hor egongo gara.
Uda ez da, hortaz, bereziki zaila izaten? Ez; baina inoiz ez dakizu noiz desagertuko den pertsonaren bat. Dena dela, perretxiko garaia izaten da delikatua zentzu horretan.
----------
2013. urteko jarduna
-Hamalau aldiz aktibatu zen ERIE (Zadorra ibaian, Lareoko urtegian, Tolosan, Eibarren, Azpeitian, Lapuebla de Labarcan...).
-Aktibazioa edo aurre-aktibazioa eguraldi txarragatik (elurra), sei aldiz.
-Mendian egindako zerbitzu bereziak, hamabost.
-Formazio jardunaldiak, praktikak eta taldearen mantenua: 23 ekintza, guztira.
----------
Debagoieneko ERIEko boluntarioak
Ainhoa Lazpiur: "Bost urte daramatzat Gurutze Gorrian eta lau ERIE taldean. Esan zidaten ea joango nintzen mendiko lan batera; joan nintzen, gustatu egin zitzaidan eta geratzea pentsatu nuen. Erizaina naiz eta beti gustatu izan zait laguntzea eta osasun arloko lana. Oso gustura nabil, eta jarraitzeko asmoz".
----------
Gaizka Telleria: "Hamazortzi urte dira Gurutze Gorrian hasi nintzela; talde honetan, berriz, sorreratik nago. Anbulantziarekin badakizu zertara zoazen; talde honetan ez dakizu noiz deituko dizuten, eta mila lekutara izan daiteke: egunez, gauez, elurrarekin, euriaz... Askotarikoak egiten ditugu".
----------
Gotzon Garitaonandia: "Hamazortzi urte daramatzat nik ere Gurutze Gorrian, eta 2010a ezkero nabil ERIEn. Mendia gustatzen zait, lur orotariko ibilgailuak ere bai, eta horregatik hasi nintzen. Momentu txarretan pentsatzen duzu ea jarraitzea merezi duen, baina alde onak gehiago dira".
----------
Iban Iartza: "Soldadutza ez egitearren hasi nintzen Gurutze Gorrian duela 26 urte, eta 2010a ezkero nabil talde honetan. Mendia, lur orotarikoa, GPSa... gustatzen zaizkit, eta, soroslea izanda, puntu guztiak neuzkan: gauza gehiago egiteko eta ikasteko. Sarri, oso aukera gutxi egoten dira abiatzerako".
----------
Adrian Martinez: "Iaz hasi nintzen Gurutze Gorrian, eta hasi berria naiz talde honetan. Animatu ninduten hasteko, eta proba modura ari naiz; gustura nabil. Mendia beti gustatu izan zait, eta beste batzuei laguntzeko bokazioa ere betikoa dut. Lanik ez dago; beraz, ahal den heinean laguntzen saiatzen naiz".