Martxa ona daramazu epaile modura; bost urtean, hiru kategoria.
Bai, daramadan denbora laburrerako, bai. Lekuak egon dira igotzeko, eta zortea eduki dut, orain arte. Batzuetan gaizki ohitu zaitezke horrekin, arriskutsua izan daiteke. Kontua da jokoa ondo ulertzea, eta kategoriara ondo moldatzen bazara, beti izango duzu ahalmen hori pauso bat aurrera emateko.
Eta oraintxe zaude beste pauso bat emateko aukera izan dezakezun une batean; noraino gustatuko litzaizuke iristea?
Niri gustatuko litzaidakeena da Espainiako Federazioan sartzea. Beste koska bat igotzea da, eta hor dena da askoz ere serioagoa, beste erkidego batzuetako epaileekin-eta ibili behar duzulako. Gauza serioagoa da: arratsalde horretan duzu partidu hori bakarrik eta kito. Euskaditik irten eta Kantabriara joan zaitezke, Burgosera... Niretzat da hobby bat; gero eta serioagoa izan daitekeena, baina hobby bat.
Polita izan daiteke, beraz, EBAn arbitratzea, nahiz eta aukerarik izango ez bazenu, ez litzatekeen ezer gertatuko.
Erakargarria da kategoria igotzea eta hurrengo denboraldian beste liga batean egotea. Baina, beste ikuspuntu batetik, lehenengo urtea izan dut liga honetan [Nazionalean], eta da liga bat ezin izango nukeena esan erabat menperatuta dudanik; beraz, beste urte bat horrela, lanean jarraitzea, ez zen inongo tragediarik izango. Eta hurrengo urtean egon daiteke beste Espainiako Txapelketa baterako aukera; eta beti ikasten da. Ateratzen zara hemendik eta kanpoko txapelketa bat ikusten duzunean, ikusten duzu hainbeste jende hain prestatuta...
Arautegiagatik bai [adibidez, 24 segundoko jabetza muga ez dago denetan], baina bestela ere desberdina izango da kategoria batean edo beste batean jardutea.
Ematen du ezetz, baina zenbat eta gorago, orduan eta gutxiago pitatzen da, gero eta tontakeria gutxiago pitatzen dira. EBAn, adibidez, estatistika ofizialak daude; webgunean sartu eta ikus dezakezu bakoitzak zenbat falta egin dituen, eta abar. Eta maila horretan, adibidez, erabaki bakoitzak pisu handiagoa du. Dena neurtzen da askoz gehiago; ez du esan nahi gauza askoz gehiago uzten direnik, baina zerbait adierazterakoan segurtasun askoz handiagoa izan behar da. Mugimendua eta kokapena neurtuko dizute; ez hainbeste erabakian asmatzen duzun edo ez, baizik eta nola egiten duzun lan, jokaldi bat jasotzeko. Horrek ematen du segurtasuna; ondo kokatuta ez bazaude, intuizioaren arabera jokatuko duzu, eta hori oso gaizki ikusia dago Espainiako Federazio mailan. Ondo kokatuta ez bazaude, berdin da asmatzen duzun edo ez; eta hori zigortu egiten dute; asmatu arren, zigortu egin dezakete.
Hain justu, Tenerifen, Espainiako Txapelketan, egin zizueten jarraipena epaileei.
Martxotik maiatzera astero bi azterketa egin behar izan ditut, espresuki, Espainiako Txapelketara nindoalako; eta han bertan ere azterketa bat egin behar da, 25 galderako test bat, araudiaren gainekoa. Final-zortzirenetarako epaileak izendatzeko, hamabi epailetik zortzi behar dira, eta kanpoan geratzen diren aurrenekoak dira azterketa gainditzen ez dutenak. Gure kasuan, denek gainditu genuen, eta beste irizpide batzuk erabili zituzten aukeraketa egiteko.
Eta han ikusitakoaren arabera erabakiko dute EBAra jauzia egiten duzun ala ez? Ala urte osoan jarraitzen zaituztete?
Bai, han ikusitakoaren arabera, batik bat; gero, egin diezaiokete galderaren bat hemengo federazioari, eta hemengo informeak lagungarri izan erabakia hartzeko. Baina txapelketa hartan euren gustuko gertatu ez bazara, ez zara igoko. Ez zaielako gustatu lan egiteko era, komunikazioagatik, apatikoa iruditu zatzaizkielako... Lau begirale egoten dira Espainiako Txapelketan, eta bosgarren bat, koordinatzailea. Pentsa zenbat begitatik pasatzen zaren eta zenbat iritzi egon daitezkeen.
Aipatzen ari garenez gain, non egiten dira epaileen arteko desberdintasunak?
Asko baloratzen dena da partiduaren kontrola. Eta partiduaren kontrola da baita aulkitxoan gertatzen diren gauzak ere. Partidu askok dituzte momentu kritikoak, eta momentu horiek nola kudeatzen dituzten, hori da epaileak desberdin egin ditzakeena. Abisu bat ematea, erabaki bat hartzea... Jokaldi normaletan bi aukera daude, zigortu edo ez; baina, une batean, partiduak exijitu diezazuke aulkia kontrolatzea, entrenatzailea kontrolatzea, edo entrenatzaile bati teknika adieraztea; edo bi teknika adieraztea eta aldagelara bidaltzea. Horiek aurrera nola eramaten dituzun, horrek erakusten du epaile batek ze gaitasun duen partidu bat aurrera ondo ateratzeko, jakinda edozeinek eduki dezakeela egun txar bat. Baina ematen du partiduaren kontrola dela teknika bat adieraztea, eta ez; agian, une batean, begirada bat izan daiteke jokalari bati, eta adieraztea non dagoen muga, beste ezer egin gabe.
Erabakietan koherentzia ere garrantzitsua da.
Fisikoa den eta kontaktu asko dagoen joko baten, ekintza asko mugan daude. Eta muga horretan, jakin behar duzu koherente izaten. Lehen izan dena beste aldean ere izan egin behar da; bestela, orduan bai izango dugu entrenatzailearen kexa, eta okerrena izan daitekeena, arrazoi izan dezakeela. Garrantzitsua da partidua kontrolatzea, baina ezin dena da ez ulertzea agian zure erabaki bat izan dela protesta horiek eragin dituena. Horretarako, garrantzitsua da jakitea zure arbitrajea kanpotik ikusten; epaile denek ez dute gaitasun hori. Baina beti saiatu behar dugu jakiten kexa horietan arrazoirik dagoen edo ez. Guk ezagutzen ditugu entrenatzaileak eta euren erreakzioak; entrenatzaile asko lasaiak dira, eta kexatzen ari diren momentuan zure buruari galdetzen diozu: "Hau zergatik ote dabil kexatzen? Ze normalean ez da-eta horrelakoa...". Eta orduan saiatzen zara autokritika egiten, istant batean. Kontziente izan behar dugu zenbateraino ari garen koherente izaten, ze ildo jarraitzekotan geratu garen partidu aurretik, eta betetzen ari garen edo ez. Ze hori hitz egiten dugu-eta aurrez partiduko bi epaileon artean. Arbitraje batek izan dezakeen gauza txar bat da epaile batek bai adieraztea gauza batzuk eta besteak ez. Horrek egin dezake lasai zegoen partidua piztea.
Baina egongo dira entrenatzaile maltzurrak ere, zure erabakietan eragiten saiatzen direnak, publikoa kontra jartzen ahaleginduz...
Egoten dira maltzurkeriak entrenatzaileen partetik; segurtasun falta adierazten duten epaileekin gertatzen da askotan. Nik badut nortasuna, eta ez zait normalean pasatzen. Baina, halakoetan, beste epailea konturatu egin behar da, eta hori kontrolatu. Eta entrenatzailea lan psikologiko zatar bat egiten ari bada, epaile bat saiatu behar da bestea psikologikoki partiduan mantentzen, eta hori bai da lan zaila, ze lehenengo konturatu egin behar zara-eta zer gertatzen ari den. Baina maltzurkeria asko ez dira kanpotik ikusten; entrenatzailea eta zu baino ez zarete ohartzen, eta beste epailea beste puntan dago. Ikusten duzu laguna apur bat apatiko, eta gertatuaz ohartzea oso garrantzitsua da. Gertatzen dena da hemengo ligan gehienok ezagutzen dugula elkar, eta epaile asko argi egoten dira entrenatzaile batengandik zerbait arraroa ikusi orduko. Partiduaren kontrola edukitzeko, detaile horiek inportanteak dira.