20:15ak aldera azaldu zen Foruen plazara Juan Kruz Maiztegi Aloña eta bertan batutakoek harrera egin zioten. Oñatiko zein bailarako beste herri batzuetatik etorritako jendea elkartu zen atzo iluntzeko ongietorrian.
Behin elkarretaratzea amaitu ostean, kale Barria zeharkatu zuen iheslariak familiarekin batera, alde banatan herritarrak ikurrinak eusten zeuden bitartean. Ondoren, aurreskua egin zioten Arrano tabernaren aurrealdean. Ekitaldiarekin amaitzeko, Oñatiko Harrera taldeko kide batek hitz batzuk esan zituen, eta ondoren, Juan Kruz Maiztegi Aloña berak egin zuen berba.
"Une izugarri polita izan da. Inpresio pixka bat ere ematen dizu hainbat egunetan zure gogoetan ibili duzu momentu hori heldu dela ikustean. Gainera, jende asko ez duzu ezagutzen. Hala ere, oso momentu polita izan da. Izango da bizitzan ahaztuko ez dudan oroitzapen bat. Barren-barrenetik hunkitzen du momentu honek", adierazi zuen amaieran.
"Herria izan da gure arnas"
Batutakoei eskerrak eman nahi izan zizkien Aloñak: "Herria izan da gure arnas. Herriak ez gaitu ahaztu eta hori izan da gure eguneroko bultzada. Herri honi gaur ezin diogu esan ezetz eta gutxiago geldi geratu. Bide honetatik aurrera jarraitu behar dugu gure herria askatu arte". Hala, gaineratu zuen ekainean iheslarien kolektiboak abian jarritako bide-orriari jarraiki, iheslari guztiak etxeratzea beharrezkoa dela: "Euskaldun eta abertzale garenok azkeneko iheslaria eta preso direnak herrira ekarri arte aurrera egin behar dugu". Bestalde, gogoan izan zituen lagunak ere: "Asko izan dira bidean gelditu direnak. Hainbat anaiek utzi zuten bizia Gerra Zikinaren ondorioz. Beste asko kolpatuak izan dira ezarritako baldintza gogorrengatik. Ezin ahaztu ezta espetxean daudela gure lagun asko".
Aloñak 40 urte eman ditu Oñatitik kanpo eta erbestera egin zuenean ez zela horren luzerako izango uste zuela ere esan zuen. "Nire biziaren parte handienaren zati bat eman dut kanpoan". Atzo itzuli zen, baina ez gelditzeko. "Geratuko naiz astebete eta egun batzuk pasatzera ere etorriko naiz aurrerantzean. Baina horrenbeste urte pasatu ondoren, nire bizia Iparraldean dago. Gainera, maite dut Euskal Herria den aldetik eta nire bizitokia han kokatuko dut. Nik nahi nuke Oñatin eta Euskal Herri guztian askatasun osoarekin ibili".