Eguaztenean zabalduko dute txokolatearen interpretazio zentroa

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko uzt. 10a, 12:34

Anton Azpiazu Txokolateixia berrian, eguaztenean

Kakaoa usaindu ahal izango da, txokolatearen historia errepasatu, produktu horrek zineman edo kirolean utzi dituen arrastoak ikusi eta Juanito Zahor kromo bildumak gogoratu, besteak beste. Eskaera pertsonalizatuak ere jasoko dituzte, orain arte moduan, eta Txokolateixia berriak ere izango du hain estimatua bihurtu den erakusleihoa.

Orain arteko Txokolateixia dendatxoaren parean, lehen Orbea txokolatea egiten zuten tokian zabalduko dute Txokolateixia berria. Denda bakarrik izan barik, baina, interpretazio zentroa eta museo txiki bat ere izango da.

Juanito Zahor

Datorren eguaztenean, hilak 16, inauguratuko dute lokala. Anton Azpiazuk gertutik jarraitu ditu lanak eta zabaltzeko ilusioz dago: "Txokolatea usaindu ere egin ahal izango da gero. Txokolatea egiteko behar diren osagaiak eta prozesu ezberdinen ostean osagai horiek hartzen duten forma, kolorea eta usaina ere ikusi eta usaindu ahal izango da hemendik aurrera. Izan ere, usain diferentea du kakaoak, esaterako, tostatu aurretik eta ostean. Gainera, hotzean edo berotan ere aldatu egiten da usaina eta hori guztia erakusteko moduan egongo gara orain. Pozik nago".

Txokolateixa berriaren erakusketa gelak 75 metro karratu inguru ditu eta era guztietako informazioa jasotzen du. Txokolateari lotua dena, noski. Esaterako, Oñatin garai batean egon ziren zazpi txokolate etxeen inguruko informazioa dago, argazki zahar eta guzti. "Ikusten da, adibidez, lehen denak egiten zutela txokolatea armadarendako. Kuriosoa da", dio Anton Azpiazuk. Txokolateak kirolean izan duen islaren adibideak ere badaude, esaterako, futbolean, txirrindularitzan, mendian edo saskibaloian. Produktu hori zinemarekin eta margoekin lotutako adibideak ere ikusgai daude eta baita lehengo kromo bildumak ere, Juanito Zahor ilargira joan zeneko bilduma, tartean.

Turismo bulegoarekin

Hemendik aurrera, baina, turismo bulegoarekin elkarlanean jardungo dute, kanpotik datozen bisitei txokolatearen berri emateko. Oinatur kooperatibarekin berba egin dute, dagoeneko. Ikastetxeekin ere hitz egingo dute, umeen bisitak antolatzeko. "Erakusleiho txiki bat ere badugu eta lehengo bidetik jarraituko dugu", gaineratu du Azpiazuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak