Estela Biain: "Kirola oso gustuko dut eta lehiatzea ere bai, horregatik jarraitzen dut umeak izan ostean ere"

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 9a, 12:00

Estela Biain lasterkaria Torreauzoko txapelketa irabazi ostean.

Hilaren 7an, astelehenean, joan zen Estela Biain (Oñati, 1974) oporretan kanpora, lanak ondo egin eta gero. Izan ere, joan den ekainaren 29an Torreauzoko krosa irabazi zuen. Hala, denboraldia bukatutzat eman du.

Torreauzoko lasterketa irabazi duzu; lehen saria eta etxean, gainera, poztasuna emango du, ezta?

Bai horixe. Egun ez da samurra lasterketak irabaztea eta etxean, gainera, oso pozik.

Horrekin bukatutzat eman duzu denboraldia?

Bai. Lehen denboraldi luzeagoak egiten nituen, baina orain, bi umerekin ezin. Negu partean krosetan jardun dut, baina udaberrian ez dut lasterketa asko egin: Gasteizeko emakumeen lasterketa eta Torreauzokoa. Eta oraingoz listo iraila arte.

Gasteizko La Blanca kirol taldean zabiltza, ezta?

Bai, bertan nago federatuta. Eta klubeko kideekin batera, neska eta mutil, hainbat krosetan jardun dut kanpoan. Beterano mailako Espainiako erdi maratoia jokatu dugu eta hirugarren geratu (iaz, bigarren). Eta Euskadiko kros txapelketan ere, maila absolutuan, hirugarrenak izan ginen. 

Eta bakarka, Torreauzokoaz gain, beste sari batzuk ere eskuratu dituzu, ezta?

Bai, Espainiako txapelketan hirugarren geratu nintzen, 5.000 metro pistan. Eta aurtengo Euskadiko kros txapelketan bigarrena izan naiz neure mailan, beteranoen mailan, hain zuzen ere.

Pozik egotekoa da, ezta?

Bai. Lehen, umeak izan aurretik, askoz gehiago entrenatzen nuen, beste martxa bat zen. Orain ahal dudana egiten dut, baina asko gustatzen zait kirola eta lehiatzea ere bai, hortaz, hemen jarraitzen dut. 

Kirolak zer ematen dizu?

Asko; kirola egiten dudan une hori nire momentutxoa da. Ordubete edo 45 minutu hartzen ditut, batzuetan ezin dudalako gehiago, eta deskonektatzeko momentua da. Eta eskerrak horri! Hustu egiten naiz orduan eta pilak bete-bete eginda itzuli.

Emakumeak gero eta gehiago ikusten dira korrikan baina lehiatzen ez hainbeste, edo?

Herri lasterketetan gora egin duela kopuruak, dezente, gainera, esango nuke. Hala ere, ez da parekatu gizonekin.

Noiz hasi zinen korrikan?

Urte asko dira… 25 bat behar bada. Orduan Gasteizen bizi ginen eta taldetxo bat entrenatzen gintuen Martin Fizek. Baina ez pentsa, larri eta estu ibiltzen nintzen orduan: arnasestuka, ezinean… Gainerako guztiak moduan. 

Burugogorkeriagatik edo aurrera egin eta begira nora iritsi zaren…

Hori da, entrenatuz gero lortzen da. Hemen ez dago misteriorik: diziplina eta konstantzia. Benetan diot ez dagoela sekreturik, entrenatu egin behar da.

Eta orain, umeak izan ostean, bigarren etapa etorri da.

Bai, hori da. Orain tarteak topatu behar egunari entrenatzera joateko, eta tarte horiek ere dira hala-holakoak. Eta umeekin antolatzea zaila: bata gaixotu, bestea hara edo hona eraman… Ez da samurra. Eta gogoa ere izan behar gero, batzuetan oso nekatuta egoten delako bat. 

Esan izan da umeak izan ostean momentu ona bizitzen dutela emakumeek, zure kasuan?

Haurdunaldian bederatzi hilabete ezer egin gabe egoten zara, zoru pelbikoarendako ere ez dela komeni korrikan egitea diote, eta asko galtzen da. Niri kosta egin zitzaidan hastea, baina gustura eginez gero… Hori bai erritmo batera ohituta nengoen aurretik, eta gero hori hartzea kosta egin zitzaidan. Baina azkenean hartu dut. 

Zein luzeratako lasterketak dituzu gustuko?

Maratoi erdiak gehienbat. Lehen maratoiak ere egiten nituen, baina orain ez daukat denborarik horiek gertatzeko. Horregatik, umeak izan ostean maratoi erdiak egiten ditut; gainera, gustuko dut distantzia hori. 10 eta 21 kilometro artean nabil, batez ere.

Gustura egingo zenukeen lasterketarik baduzu, datorren denboraldian behar bada?

Gasteizko maratoi erdiarekin hasiko dut denboraldia, Euskadiko txapelketa izaten da eta klub mailan eta bakarka jardungo dut. Abenduan izaten da hori, eta ordurako erritmoa hartuta egoteko aurretik herri lasterketaren bat edo beste egingo dut, sortzen direnak. Motzagoak izango dira horiek, baina maratoi erdia gertatzeko baliagarriak.

Eta gero krosak ere bai, aurten probatu dut lehenengoz eta jarraitzea gurako nuke. Lokatzetan ez naiz oso ondo moldatu baina gustura ibili naiz eta jarraitzea pentsatzen dut.

Eta horien ondoren mendi lasterketak etorriko dira?

Lehen egiten nituen eta sari batzuk eskuratu ere bai, Burgos aldean esaterako. Baina orain pentsatzen dut oraindik pixoihal batzuk aldatu behar ditudala eta ezin naizela ibili edozein modutan. Izan ere gorantz joatea hainbestean, baina beheranzko bidea arriskutsua da eta jaustea erreza. Eta esku bat igeltsuarekin… 

Irailean martxan jarri eta datorren denboraldian lasterketa gehiago izango dira?

Gurako nuke. Baina ezin ditut aurrez antolatu, egoerara moldatu beharrean nago lehen esandako moduan, eta momentuan jakingo dut.

Zeure airera entrenatzen duzu?

Bai; senarrak, Ritxar Fernandezek, gidatuta. Bergaran egiten dut lan eta batzuetan han daukaten asfaltozko pistan entrenatzen dut, Oñatin ez daukagu halakorik-eta.

Eta senarra entrenatzaile; konfiantza dagoen lekua…

Berak zehazten dizkit saioak eta gero… gerokoak. Zorrotza da baina ez nau oso gertutik kontrolatzen, izan ere, ondo ezagutzen nau.  

Ume txikiak dituzu; hazten direnean gurako zenuke korrikalariak izatea?

Oraindik ez zaie afizioa piztu baina kirolariak izatea gurako nuke, bai; korrika edo beste kirolen bat egitea… Izan ere, niretako balore bat da kirola eta bizitzeko era bat.

----------

Hirugarren, kros txapelketan

Euskadiko kros txapelketa absolutoa jokatu zuen Biainek otsailean, eta La Blanca klubarekin hirugarren postua eskuratu. Bakarka, ostera, bigarrena izan zen, beteranoen mailan. Lokatzetan ez dela "ondo" moldatzen dio baina gustura hartu du erronka eta datorren denboraldian ere jarraitu gurako luke. Horrez gain, maratoi erdiak egingo ditu eta abenduan Gasteizkoa jokatu. Eta irailetik abendura bitartean, herri lasterketetan jardungo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak