Esteban Irusta: "Azken 35 Corpus egunetan ez dut organo-jole gisa hutsik egin"

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 8a, 00:00

Esteban Irusta, musika partitura batzuk eskuetan dituela.

Munitibarkoa da Esteban Irusta, "Bizkaiko kapitalekoa", berak jendeari esaten dion moduan, baina Oñatin ia bizi osoa eman du. Irakasle erretiratua da eta agustindarra ere izan zen 18 urtean, baina musikatik eta kiroletik, bere bi zaletasun handietatik, ez du inoiz erretiroa hartzeko asmorik.

Musikaren inguruan ezagutu izan zaitugu; zure bizitzaren zati handi bat da…

Bai. Nik uste dut berezkoa dudala, familiatik datorkidala. Osaba bat nuen Argentinan, Luis Mallea, eta Buenos Airesen, 1939an, hemendik joandako euskaldunekin orfeoia sortu zuen: Lagun Onak. 

Gero, Oñatira etorri nintzen eta sasoi hartan, domeka askotan meza solemneak ahotsetara egiten ziren eta ni zoratuta egoten nintzen organistari entzuten… Anekdota gisa hauxe esango dizut: egun baten herrira joan nintzen oporretan, eta han elizan nengoela, jendea jaunartzean zegoela emakume bat kantuan entzuten nuen, ze ederki kantatzen zuen!… eta gure ama zela ikusi nuen. Oso kantorea zen. 

Zaletasuna baino gehiago da musika zuretako, hortaz…

Bai, bai. 10 urte nituela, niretako Bach-en musika gauzarik handiena zen. Askotan esaten dut ni musikari esker izan naizela agustindar, eta erdi brometan esaten dut, aita santua izango banintz, Bach-eta kanonizatu egingo nituzkeela. 

Nola ikasi zenuen organoa?

Anaiak pianoa ikasi zuen eta organista da. Ni ere ikasteko desiratzen nengoen. Kurtsoa batera hasi genuen, baina piano bat  zegoen hiruzpalau lagunendako. Gero harmoniuma ere ikasi nuen, eta gero, pixka bat organoa ikasten hasi nintzen. Oñatiko parrokiako organistak etxeko jairen bat zuenean deitzen zidaten, bezperak-eta jotzera. Baina ez dut ia irakaslerik izan; gehiena nire kontura ikasi izan dut.

Oñatitik kanpo ere bizi izandakoa zara, ezta?

1959ko udan Lesakara bidali ninduten. Herri txikia zen baina musika aldetik garrantzia zuen: Luis Taberna eta Miguel Etxebeste organistak hangoak ziren, eta baita Pepito Iantzi soinujole famatua ere. Horiek denak ezagutu nituen. 

Gero, urte bat Ekuadorren eman nuen. Lesakatik 1978an joan nintzen hara, ikastera. Ikastolak sortu zireneko sasoia zen eta euskaldun tituludun oso gutxi zeuden, eta nik jakin nuen nola Ekuadorren apaiz karrera geneukanok samurrago geneukan Filosofia eta Letretako titulua ateratzeko. Handik bueltan, 79an, Oñatira bidali ninduten eta ikastolan sartu nintzen. 

Oñatin noizbehinka bakarrik ez, sarritan jo izan duzu organoa, eta oraindik ere jarraitzen duzu… 

Lesakan nengoela, Oñatiko koruak –orduan Oñati Abesbatza bakarrik zegoen– organistarik ez zeukan eta urtean behin behintzat joaten ziren Donostiara, meza nagusia kantatzera; organistak gutxienez ordu erdian aurretik jo behar zuen bere kontzertutxoa, eta niri esaten zidaten han jotzeko. Gerora esan zidaten ea organista gisa eurekin jarraitu nahi nuen, baina ezetz esan nuen; orduan ikastolako maisu nintzen eta nahikoa lotura nituen; bakarrik behar nindutenean joango nintzela, eta horrela jarraitzen dut. Corpus egunean, 35 urte hauetan, ez dut behin ere huts egin; Errosario bezperan ere jotzen dut… Nik badakit organista ona izateko egunero hainbeste ordu jo behar dela, baina ni ez naiz horren aldekoa. Beste afizio batzuk ere baditut. Gero, edozein herritan, normalean organista isil-isilik egoten da meza hasi arte; ni ez naiz horren aldekoa. Aurretik jo pieza batzuk, gero ere bai… Nire gustura ibiltzen naiz.

Bizikletan hara eta hona ikusten zaituzte oñatiar askok…

Deportista handia izan naiz. Lesakan nengoela, futbolean hango ekipoan jokatu nuen; 20-22 urteko jokalariak ziren eta nik 36 neuzkan eta abade nintzen. Hango pala txapelketan ere parte hartzen nuen. 

Dena dela, egiteko, futbola eta pala gustatzen zaizkit, baina ikusteko, bizikletazalea izan naiz ni; futbolariak ez ditut miresten, baina txirrindulariak, bai. Tourra ikustera joan izan naiz 60. urtetik oraintxe arte, Anquetil-en denboratik hasita gaur arte. Mendia ere gustatzen zait eta Pirinioetara joan izan naiz gehienetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak