170 arrazolatar baino gehiago elkartu ziren; tartean ziren Belgikakoak, Euskal Herrikoak eta Guadalajarakoak. Baita Zaragoza, Madril edota Bartzelonatik joanak ere. Izan ere, Bizkaian eta Araba osoan batuta baino arrazolatar gehiago dago Checan, eta, datu bitxi horri tiraka, Jose Ramon Arrazola oñatiarrak eta Jose Mari Arrazola donostiarrak topaketa antolatzea erabaki zuten; aspaldi Checako abizen horretakoen jatorria aztertzen ziharduten bi arrazolatar horiek.
Jatorria, Oñatin
Ekimenak, beraz, ibarrean du abiapuntua, eta Checako arrazolatarren jatorria ere Oñatin dago. Urte asko dira Jose Ramon Arrazola olabarrietarra haien jatorria aztertzen hasi zela: "Espainiako historian pertsonaia ezaguna da Lorenzo Arrazola. Abokatua, politikaria eta unibertsitate katedraduna, Isabel II.aren garaian gobernuko presidente izana, sei bider Justizia ministro, Auzitegi Goreneko presidente... Hari abizen hain oñatiarra nondik zetorkion jakin guran hasi nintzen ikertzen". Hainbat artxibo eta dokumentu aztertu ondoren, Santxo Arrazola izeneko Oñatiko semearenganaino heldu zen: "1522 inguruan Santxo Arrazola oñatiarrak Checara egin zuen haren emazte Magdalena Basarterekin ", dio Jose Ramon Arrazolak. "Hiru seme-alaba izan zituzten", gaineratu du. Mineral askoko herria da Checa, eta burdinoletan lan egitera joan omen zen oñatiarra Guadalajarara. Haiek dira gaur egungo Checako arrazolatarren arbasoak.
2016an Oñatin
Oñatin egin gura duten topaketa erraldoi baten aurrekari izan da Checan egin dutena. Hain zuzen ere, Oñatitik 25 arrazolatar joan ziren hara, eta, haien bitartez, Oñatiko alkate Mikel Biainek eskutitz bat helarazi zien Checan batutako guztiei, 2016ko Oñatiko topaketara gonbidatuta.
Checan batu diren arrazolatarrez gain, Mexikon eta Kolonbian bizi direnak ere etorriko dira 2016an Oñatiko topaketara. Arrazolatarren herri bilakatuko da orduan Oñati.