Aitor Uriarte: "Esperimentatzea gustuko dut eta neure erara ibiltzen naiz sukaldean"

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 1a, 00:00

Aitor Uriarte.

Oñatiko Latzen heavy metal taldeko abeslaria izan zen Aitor Uriarte Uri (Oñati, 1976), baina horren ondoren beste proiektu batzuetan ere ibili da; besteak beste, Usurbilgo Sen eta Bilboko Une taldeetan.

Aitor Uriarte... zelakoa da?

Zoriontsu izatea helburu duen tipo bat, eta kuriositate handia duena.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Oso jatun ona naiz, eta konpainia onean jatekoarekin disfrutatzea gogoko dut. Eta ondorioz, sukaldean ere gustura jarduten dut.

Zein da zure espezialitatea?

Patatak errioxar erara, esango nuke. Esperimentatzea gustuko dut eta neure erara ibiltzen naiz.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Bidaia on batera; ezagutzen ez dugun beste kultura batean murgiltzera, esaterako.

Eta etsairik handiena zertara?

Bidaiatzera, baina bakarrik.

Eta zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Lagunekin oso gustura egongo nintzateke. Eta pertsonaia ospetsu bat aukeratzekotan, Nelson Mandelarekin.

Abeslaria izan zara Debagoieneko heavy talderik arrakastatsuenetako batean. Nolatan?

Futboleko entrenamendu ostean dutxan kantuan jardutetik lagunarteko proiektu bati hasiera eman genion, eta egia bihurtu zen, gainera. Lan asko, ordu asko eta ilusio asko joan ziren gero proiektu horren bueltan.

Zer eman dizu heavyak?

Hainbat musika estilotan jardun dut, baina egia da heavyok oso leialak garela, eta, hain zuzen, barruan dut heavy sen hori.

Mikrofonoa esku artean duzu… 

Ez naiz oso mikrofono-zalea, baina egia da gustuko dudala bai sortzea, bai abestea.

Mikrofonoa ala gitarra?

Mikrofonoa.

Dutxatzean abesteko ohiturarik baduzu?

Bai; azkenaldian, Pirritx eta Porrotxen kantuak alabarekin.

Musikan, inor miresten duzu?

Bai, asko. Bat esatearren, Bob Marley, karisma handiko figura izan zen-eta bere garaian.

Alabak reggaetona du gustuko. Orduan zer?

Bueno… aurrera. Baina beste estilo batzuk ere badaudela erakutsiko nioke.

Zer da musika munduan gustatu ez zaizuna?

Musikaren industrializazioa eta merkatu horretan sortzen den lehia. 

Oñati ala Arrasate?

Oñati, baina Arrasatek asko eman dit eta lagun asko ditut.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Zoriontasuna; osasuna; eta hirugarrena, komodina izan dadila beste mila desio betetzeko.

Zure bizitzako anekdota bat.

Gertaera pila bat, baina orain ez dut akorduan bat ere.

Abeslaria izateko zer da ezinbestekoa?

Gogoa eta egiten duzuna sinistea.

Damu zara…

Ez… gertaera txarrek ere ikasteko balio dutelako. Beharbada, musikari eskainitako denboraren eraginez beste kontu batzuk ezin egin izanaz; kanpora ikastera joan, esaterako.

Zer errepikatuko zenuke?

Semea edo alaba izatea; gainera, bigarrena bidean dator.

Zerk beldurtzen zaitu?

Maite ditudanak galtzeak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Alabarekin disfrutatzera eta aspaldian egunero kalera joaten naiz harekin.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Mila lekutara, bidaiatzea oso gustuko dudalako. Rapa Nuira egindako bidaia, esaterako, magikoa izan zen. Hori bai, beti Euskal Herrira itzultzeko gero.

Ze esaldi edo aholku konpartituko zenuke?

Bidea garrantzitsuagoa dela helmuga baino, eta, ahal den heinean, bidearekin disfrutatzeko.

----------

Aukeran...

Lehen platera: paella. 

Bigarrena: bisigua. 

Postrea: pellak. 

Edatekoa: Albariño ardoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak