Gauez eta kalean, kontzertu ederra egin zuten ikusle mordoaren aurrean

Jagoba Domingo 2014ko eka. 28a, 19:51

Ganbara Gazte abesbatza atzo Bidaurretako atarian.

Udako Gauak izenburupean, kontzertua eskaini zuten egubakoitz gauean Ganbara Gazte eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak elkarrekin. Ezohiko eszenatokia aukeratu zuten horretarako, izan ere, kalean egin zuten kontzertua: Bidaurretako monasterioaren atarian, alegia.

Iaz hasi zuten abesbatza biek Udako Gauak egitasmoa –aurtengo kontzertua, Kalean egitasmoaren barruan egin da–: "Asmoa da urtean behin gutxienez, kalean kontzertu bat egitea", dio Aitor Biain zuzendariak. "Ohiko tokietatik, eliza, antzoki eta halakoetatik ateratzea ideia ona iruditu zitzaigun, herritarrei abesbatza musika beste formatu baten eskaintzeko aukera eman asmoz eta bide batez, guk ere, bestelako erronka batzuei erantzuten ikasteko", gaineratu du. Izan ere, eliza baten edo kalean abestea oso gauza desberdina da: "Elizek oso akustika ona izaten dute. Abesteko ere egokiagoak dira askotan, asko laguntzen baitio abesbatzari akustika horrek. Kalean abestean abesbatzako kide bakoitzak ahalegin berezia egin behar du dena ongi atera dadin".

Eta halaxe izan zen. Esan eta egin. Dotore gainera. Bidaurretako monasterioaren ataria argiztapen bereziz apaindu zuten, eta abesbatzek ere, ederki bete zuten euren lana. Jazza eta habanerak izan ziren gaueko izarrak, eta euskal kantu, gospel edota musika erlijiosoz osatu zuten errepertorioa. Ganbara Gazte abesbatzak izan zuen kontzertuari hasiera emateko ardura. Pianoa, baxua, kontrabaxua eta perkusioa izan zituen lagun Ganbara Gazte abesbatzak. Chicott-en A little Jazz Mass piezarekin hasi zuten kontzertua. Hainbat mugimenduz osatutako pieza da hori. Ganbara Abesbatzaren txanda izan zen ondoren. Rachmaninov-en Bogoroditise Devo eta Morten Lauridsen konposatzailearen O Magnum Mysterium obra bikainekin eman zioten hasiera euren kontzertuari. Gero etorri ziren, habanerak. Javier Bustoren A tu lado lehenik, eta ondoren Minguezen Amor esto es amor edota Albert Alcarazen Lo que necesito de ti. Gogoratu, Torreviejako Habaneren Nazioarteko Lehiaketan abestuko dituela Oñatiko Ganbara Abesbatzak uztailaren bukaeran, habanera horietako batzuk.

Ganbara Gazte abesbatza atera zen ondoren, berriz ere eszenatokira. Besteak beste abestu zituzten Don't worry, be happy eta Aquarius Let Sun Shine abesti ezagunak. Kontzertuari bukaera borobila eman zioten bi abesbatzek elkarrekin, Josu Elberdin euskal konposatzailearen Segalariak abestiarekin eta R.Ray-ren He never failed me gospel kantuarekin.

400 ikusletik gora

Kontzertu jendetsua izan zen egubakoitzeko hori. 300 pertsona egon baitziren eserita, eta beste ehundik gora zutik. Ikusleak gustura entzun zituen abestiak, abesbatzen lana bikaina izateaz gain, tokiak ere eman baitzion  xarma kontzertuari. Bukaeran beraz, pozik ikusleak, eta pozik abeslariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak