Jokin Garai: "Erritmo baxua eskatzen duten lasterketa luzeei gustua hartu diet"

Julen Aperribai 2014ko eka. 24a, 12:00

Jokin Garai, Hiru Handiak proban.

Kirolarekin eta, batez ere, mendiarekin lotura estua izan du beti Jokin Garaik (Oñati, 1983). Hainbat urteren ondoren futbola uztea erabaki zuenean, beste kirol mota bat probatzeko gosea sartu zitzaion. Horrek bultzatuta, Aloñako Igoeran hartu zuen parte. Ordutik hona, mendi lasterketetan gelditu barik dabil oñatiarra.

Emaitza bikaina lortu zenuen Hiru Handiak proban. Esperotakoa izan zen?

Niretzat sorpresa izan zen. Hiru bat aste lehenago Zegama-Aizkorri proba egin nuen, eta, orduan, ez zen nire egunik onena izan. Banekien fisikoki ondo nengoela, baina ez horrelako emaitza bat lortzeko bezainbeste. Egun ederra izan zen, eta ustekabekoa ere halakoxea. 

Ospatu zenuen?

Ez nuen ospakizun berezirik egin. Familiakoekin eta ingurukoekin bazkaldu nuen, eta sari banaketa bukatuta etxera joan nintzen. 

Proba egin aurretik zein zen zure helburua?

Helburua hamahiru ordu inguruan ibiltzea zen, baina gozatu egin nahi nuen, gehienbat. Inoiz egin gabeko proba bat zen eta hain proba luzeetan parte hartzen iaz hasi nintzen. Hori guztia kontuan hartuta, ez nekien nire gorputzak nola erantzungo zuen hainbeste kilometrotan. Azkenean, oso ondo atera zitzaidan lasterketa eta denbora ederra egin nuen. 

Lasterketako zein zati egin zitzaizun gogorrena?

Oso atzetik hasi nintzen eta atzetik aurrerako lasterketa egin nuen. Egia esan, askorik ez nuen sufritu. Landa inguruan tripak nahiko nahastuta izan nituen, baina zerbait jan eta edan ondoren, hobeto sentitzen hasi nintzen. Azken kilometroak luze samarrak egin zitzaizkidan, beroak ere eraginda. Hala ere, lasterketan ez zen egon bereziki gaizki pasa nuen zatirik. 

Beroa aipatu duzu. Horrelako probetan eguraldiak eragin handia izango du, ezta?

Dudarik gabe. Horrelako probetan askotan ez du irabazten edo postu on bat egiten azkarrenak. Psikologikoki ondo egon beharra dago, adibidez, edota bidea egoera onean egotea garrantzitsua da. Faktore askok eragiten dute, eta, tartean, baita eguraldiak ere. Horrek guztiorrek emaitza baldintza dezake. 

Kirol honetan zer da zuretzat garrantzitsuena emaitzak lortzeko?

Garrantzitsuena lana da, entrenamendua. Ez dut uste entrenatu gabe aurrean ibiltzen den inor dagoenik. Ordu asko sartu behar dira aurrean ibiltzeko eta mendian gustura korrika egiteko, inongo zalantzarik gabe. 

Eta zu nola entrenatzen zara lasterketetarako?

Gabonen ondoren, urtarril aldera, hasten naiz korrika. Mendi-eskian eta bizikletan ere ibiltzen naiz. Entrenamenduak oso monotonoak izan ez daitezen kirol desberdinak tartekatzen ditut. Mendian ere entrenatzen naiz. Asko gozatzen dut eta asfalto gainean baino ordu gehiago sartzen ditut mendian.

Zein eratako lasterketetan sentitzen zara erosoen?

Orain arte, ibilbide motzekoetan gehiago aritu naiz, baina joan den urtean ultra izenez ezagutzen diren kilometro askoko probaren bat egiteko gogoa sartu zitzaidan. Iaz pare bat egin nituen eta nahiko ondo atera zitzaizkidan, eta aurten ere berdina egitea erabaki nuen, inolako presiorik gabe. Konturatu naiz ibilbide luzekoetan geroz eta gusturago nabilela, baina ez dakit ziur esaten zein lasterketa mota dudan nahiago. Erritmo baxua eskatzen duten lasterketa luzeei gustua hartu diet azkenaldian. 

Zuretzat desafio moduko bat izan da, beraz?

Bai, zerbait berria izan da. Orain arte ibilbide motzekoetan jardun dut eta joan den urtera arte egindako ibilbide luzeena Zegamako 42 kilometroak izan ziren. Luzetxoagoekin probatu nuen eta erritmo baxuagoekin agian gehiago disfrutatzen dudala konturatu nintzen. 

Kirol hau asko hazi da Euskal Herrian azken urteotan. Zein da horren arrazoia?

Kirola egitea, orokorrean, modan dagoela esango nuke eta kirola egiteari berau naturan egitea gehitzen bazaio, are erakargarriago bihurtzen da. Hori egiten duen kirola da mendi lasterketena eta badu zentzua orain hain zabalduta egotea. Euskaldunoi beti gustatu izan zaigu mendira joatea eta korrika bertan egitea erakargarria egiten zaigu askori. Oso kirol polita da, eta giro ederra sortzen duena. Gainera, kirol sinplea da. Nahikoa da zapatila pare bat hartu eta mendira korrika egitera joatea. 

Lesioak ere presente daude mendi lasterketetan. Zu errespetatu zaituzte?

25 urtera arte futbolean ibili nintzen eta esan dezaket futbolean askoz ere lesio gehiago izan ditudala mendi lasterketetan baino. Oraingoz, oso lesio txikiak izan ditut. Erorketaren batek eragindako lesioren bat izan dut, baina, bestela, giharretako lesioak eta antzerakoak oso gutxi izan ditut. Niretzat, adibidez, gogorragoa da asfaltoan korrika egitea mendian baino. Ez dakit zorua gogorragoa eta inpaktua ere halakoa delako izango den, baina nik, behintzat, mendian gutxiago sufritzen dut, normalean.

Denboraldia amaitutzat eman duzu Hiru Handien ondoren?

Ez, baditut bi lasterketatan lehiatzeko asmoa. Asteburu honetan Pirinioetara joango naiz nire taldeko beste hainbat lagunekin. Ainsan (Huesca) 66 kilometroko lasterketa bat egingo dugu. Uztaileko bigarren asteburuan, berriz, Goierriko Bi Handiak proba egingo dut. Proba horren barnean bi lasterketa egoten dira eta txikiena egingo dut nik, 88 kilometroko ibilbidea duena. Horrekin amaitutzat emango dut denboraldia. Irailera arte, behintzat, deskantsua hartuko dut eta gerora ikusiko dut zertan naizen.

Eta bi proba horiei begira helbururik zehaztu duzu?

Lehen esan dizudan moduan, berria naiz ultra lasterketen munduan. Badakit fisikoki egoera onean nagoela eta aurrealdean egoteko aukera badudala. Hala ere, lasai-lasai irtengo naiz eta ikusiko dut zer moduz noan lasterketan zehar. Esperientzia gutxi dut eta ez dut nahi nire buruarekin askorik fidatu. Azkenengoan oso egun ona izan nuen, baina auskalo hurrengoetan zer gertatzen den. Lasai irten eta disfrutatzen badut, gustura egongo naiz; eta emaitza ona bada, are gehiago. Lasterketan disfrutatzen bada, emaitza ere ona izaten da; kasu gehienetan, behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak