Lau ataletan banatuta dago. "Sarreraz gain, baditu gramatikari eskainitako orriak, hiztegia, esaera zahar eta esapideak eta baita Oñatiko eran idazteko idaztarau edo argibideak ere", dio Roberto Altunak.
Ezagutu eta egin
Izan ere, Oñatiko euskara ezagutzea eta erabiltzea ditu helburu eskuliburu honek. Horregatik du izen hau: Oñatiko euskeria. Ezagutu, aztartu, egin. Oñatiko Udalak argitaratu du eta Badihardugu euskara elkarteko Juan Martin Elexpuru eta Aintzane Agirrebeñaren laguntza izan dute moldaketak egiteko. Azala, berriz, Joxan Iza artistarena da.
Etxekoei, lagunei, herritarrei entzundako makina bat esapide edo hitz solte jasota zituzten egileek euren apunteetan. "Urte askotan batutako material horri forma eman diogu orain. Esaera zahar asko, esaterako, gure aitajaun eta amandreei entzundakoak dira. Hala ere, jasotako batzuk baino ez ditugu sartu", argitu du udal euskaltegiko irakasleak. Eskuliburuak 3.000 sarrera ditu eta euskaraz daude denak, Oñatiko euskaran. Bai hitzak edo esaerak, eta baita euren azalpenak ere.
DVD bat ere badakar eskuliburuak. Oñatiko Ahotsak proiektuan parte hartu zutenetako batzuk ikusi eta entzun ahal dira bertan, Oñatik dituen 16 auzo bakoitzeko bizilagun bat, hain zuzen ere.
Harrera ona
Atzo, eguena, aurkeztu zuten eskuliburua Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta herritar asko erakarri zituen ekitaldiak. Aretoa bete egin zen eta zutik ere jende asko egon zen. Egileez gain, Mikel Biain alkatea eta Juan Martin Elexpuru ere izan ziren aurkezpenean. Baita Xabier Ugarte eta Joxe Mari Anduaga musikariak ere. Gitarrak eskuetan zituztela, abestien esku-orriak banatu eta kantuan jarri zituzten aretoan zeuden lagun guztiak.
Salgai
Eskuliburuaren 500 ale atera dituzte eta salgai dago, 18 eurotan: herriko liburu dendetan (Altuna, Haritza, Hirukar, Ibarrondo), turismo bulegoa eta Arantzazuko dendan
Liburuan datozen esaera batzuk
- Arabako multilzaharra. Hego haizeari esaten xako Araotzen.
- Sororik soro ibilli. Noraezean ibilli, iparra galduta ibilli.
- Begirik ez batu. Bape lorik egin ez.
- Txakurren salara bialdu. Pikutara bialdu
- Trenari burua emun. Bere burua trenera bota.
- Bardinberora fan. Uheratu, uhera fan
- Beruenak kendu. Zerbait larregikua, exageraua danian ebalten da.
- Aurreragokorik ez euki. Gauza inportantiaguak (ez) euki.
- Eguraldi ona, bera praka eta bera gona! Erropa gutxi bihar dala, esanguran.