Mahai teknikoak landutako zirriborroak jasotzen duenaren arabera, txantxi deituko da Oñatiko moneta soziala, eta proiektura atxikitako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan erabili ahal izango da. Txantxi batek izango du euro baten balioa, eta 50 zentimoko eta bateko, bosteko, hamarreko eta hogeiko billeteetan eskuratu ahal izango da. Gutxienez 20 euro aldatu beharko dira aldi bakoitzeko, eta 20 euro bakoitzeko 21 txantxi jasoko dira, 21. hori hobari gisa, moneta sozialaren erabilera bultzatzeko.
Oñatiko Udala izango da monetaren erakunde jaulkitzailea eta haren funtzionamendua kudeatzeaz arduratuko dena: trukerako bulegoa ere Udalaren ardurapekoa izango da.
Proiektuarentzat urtebeteko frogaldia ezarri dute, 2014ko urriaren 1etik 2015eko urriaren 1era, eta ematen duen emaitzaren arabera erabakiko da aipatutako datatik aurrera zer egin. Ekimenaren helburua da "kontsumoa fidelizatzea" eta "Oñatiko herritarren gastu-ihesa mugatzea", bertako merkatarientzat ere hain zailak diren garaiotan. "Oñatiko herritarrak nahiz enpresak tokikoa denarekiko konpromisora gerturatzea eta ikusgarri egitea" ere nahi dute.
Enpresak aipatzen dira, ze herritar erabiltzaileez eta establezimenduez aparte, proiektuko beste eragileetako bat izatea nahi dute: "Enpresek tokiko moneta erosteko aukera izan dezatela aurreikusten da, langileen artean hedatzeko helburuarekin", adibidez "Gabonetako saskiari atxikitako elementu gisa".
Hori, baina, aurreragoko fase batean izango da. Aurrena Udaleko langileek izango dute Oñatiko moneta soziala erabiltzeko aukera; bigarren fasean hiritarrak sartuko dira, eta baita herriko zerbitzu eta industria-enpresa handi batzuk ere.
Gainera, tokiko monetaren erabilerak "gizarte-funts bat sortzen lagunduko du, udalerrian proiektu solidarioak garatu ahal izateko eta tokiko merkataritza sustatzeko". Trukea egiterako orduan, erabiltzaileak bere hobariaren zati bat funts horretarako utzi nahi duen ala ez erabaki ahal izango du. Horrez gain, establezimenduek txantxi-ak berriz ere euroetara aldatzean ordainduko duten tasa ere funtserako izango da. Establezimenduek bai, baina erabiltzaileek ezingo dute itzulketa hori egin. Gainera, billeteek iraungitze data izango dute, eta zehaztutako data pasata galdu egingo dute balioaren %2; diru hori ere gizarte-funtserako izango da.