Zer sentsazio sorrarazten dizu haurrei barrea eragiteak?
Niri asko gustatzen zaizkit umeak, eta agertokira igotzen garenean zoriontsu egiten ditugu; hori izugarria da. Beraien arreta guztia dugu, beraiek momentu horretan ikusi eta entzun nahi dutena gara, horrek poz handia ematen du.
Umorea eragitea ez da gauza erraza. Zerk ematen dizu ondo ari zaren segurtasuna?
Azkenean, ez naiz ni umeen aurrean jartzen dena. Mozorrotzen garen momentutik Potx eta Motx gara eta ahaztu egiten dut benetan nor naizen. Motx bezala beti sentitzen naiz seguru. Jendea barrezka ikusten badut, badakit nire lana ondo ari naizela egiten. Paperean sartu aurretik oso urduri egoten naiz, baina haurrak eta haien gurasoak barrezka ikusten ditudanean lasaitu egiten naiz.
Egunerokotasunean ere umoretsua zara?
Nik baietz uste dut. Nire izaera ez da agertokian nagoenean bezalakoa, baina alaia banaiz. Hala ere, haserretu behar denean ere badakit haserretzen.
Zuen ikuskizuna berritzen edo elementu berriak sartzen saiatzen zarete?
Naturan barrena izeneko ikuskizuna egiten dugu, eta, gero, Setan, Zerraldo eta beste pertsonaia batzuk agertzen dira. Hori da guk normalean egiten duguna. Bestela, eskatzen digutenaren arabera ikuskizuna moldatzen dugu. Oinarri bat dugu, baina aldaketa txikiak egiten ditugu.
Inprobisazioak badu lekurik?
Gidoi bat daukagu, nolabait, puntu nagusiekin. Momentu bakoitzean zer egin zehazten dugu hor. Ikuskizunean, baina, gauza asko ez ditugu egiten entseguetan egiten ditugun moduan. Inprobisatu egiten dugu, publikoaren erantzunaren arabera.
Duela gutxi kaleratu duzue diskoa. Zer-nolako harrera ari da izaten?
Diskoak Naturan barrena ikuskizuneko abestiak biltzen ditu. Eskaintzen ditugun ikuskizunetan eta Kiku eta Mizke gozoki-dendetan salgai jarri ditugu. Orain arte, jendeak erosi du, eta oso gustura gaude.
Zein motatako gaiak lantzen dituzue haurrekin?
Naturan barrena-n haurrei erakutsi nahi dieguna da gauzak buruz ikasterakoan ez direla barneratzen, ikusiz eta ulertuz hobeto barneratzen direla. Gure kasuan, Miope irakasleak animalia batzuen ezaugarriak buruz ikasteko esaten digu, baina gu, horren ordez, mendira joan eta bertan ikusiz ikasten dugu.
Nola entseatzen duzue?
Normalean, ikuskizunen bat daukagunean, gidoia ondo prestatzeko elkartzen gara. Behin hori ondo zehaztuta, bizpahiru egunean ikuskizuna entseatzen dugu goiz eta arratsaldez.
Udari begira zein asmotan zarete? Ikuskizunak eskainiko dituzue?
Oraingoz, auzo batzuetatik deitu digute, eta hori da daukaguna. Uda osterako jada zehaztu ditugu beste batzuk ere. Laudion egongo gara, esaterako.
Bideoklipa ere grabatu duzue, ezta?
Bai; datorren astean edo bi aste barru egingo dugu aurkezpena, Santa Ana antzokian. Esperientzia ona izan da, herriak parte hartzea lortu baitugu. Zati bat plazan grabatu genuen, eta jende ugari bertaratu zen. Eskertzekoa da, irudi batzuk oso politak geratu baitira.
Zure bizitza profesionala bete-betean honetara bideratu nahiko zenuke?
Ez, ikasten ere banabil eta ez dut pailazo izatera mugatu nahi. Oso gustura egiten dudan zerbait da eta jarraitzeko gogoz nago, baina hobby bat da niretzat. Nire profesioa baino gehiago ikusten dut bigarren lan gisa.