Hemen duzue ikusgai hiru orduko bidaia, hiru minutuan laburtuta.
Txantxiku I ipini diote izena proiektuari eta Oñatiko hiru ikastetxeetako DBHko neska-mutikoek hartu dute parte. Proiektuko beste kideak izan dira Oñatiko Gaztelekua, Ilatargi Astronomia Taldea, Gasteizko La otra mitad astronomiaren zabalkunderako taldea eta Bizkaiko Astronomia Elkartea.
12 neska-mutiko oñatiar aritu dira buru-belarri, egubakoitzean, prestaketa eta zeruratzeko lanetan, eta zapatuan, txantxikuak lur hartu ostean, jaso eta etxeratzean. Gazteengan zientziarekiko arra sartzeko modu bat izan dela diote bultzagileek, horien artean Manu Agirre Ilatargi taldeko kideak.
Oñatiko Errementari plazatik
Txantxikua barruan zeukan zunda, 11:39:29an zeruratu zuten Oñatiko Errementari plazatik, Manu Arregik kontatu duenez. Abiatzeko unean 100 bat lagun zeuden plazan. Zunda azkar-azkar zeruratu zen, 5 metro segundoko abiadurarekin. Haize arina zegoenez, Aizkorriko mendilerroa aise gainditu zuela kontatu du Arregik. "11:52:10ean, Arantzazuko santutegitik 400 metro ekialdera zegoen, baina 3.973 metroko altueran" dio. Lizarrarantz abiatu zen handik eta Zalduondo parean 9.892 metroko altuera hartu zuen.
35.000 metrora
Zundarekin kontaktua galdu zuten Antzin inguruan, Nafarroan, 18.277 metroko altueran, eta haizeak mendebalderantz eroan zuen orduan. Toloñoko mendilerroa, Meano inguruan, 13:40ean zeharkatu zuen 9.200 metroko altuerarekin, eta 14:00etan lur hartu zuen Bianatik gertu, mahatsondoen artean. "Uste dugu hartu duen altuerarik garaiena izan dela 35.000 metrokoa" dio Arregik. Guztira, bi ordu eta 22 minutu egin zituen zeruan Txantxiku I zundak.
Zeruratu aurreko prestaketa lanak Oñatin, zapatu eguerdian; behean, Bianatik gertu, txantxikua lurreratu zen tokian, Oñatiko gaztetxo kuadrilla.