Petroglifoak ikusteko aukera Aizkorri-Aratz Parke Naturalean

Miren Mujika 2014ko eka. 9a, 15:21
Petroglifoak aztertuko dituzte mendi irteeran zehar.
Ekainaren 15erako, domeka, Pinpil mendira irteera antolatu dute Arantzazu Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak. Bertako harrietan zizelkaturik dauden irudiak ezagutzea da helburua eta elkartzeko gunea Arantzazuko Parketxeko harrera izango da, 9:00etan.

Ibilbidea hasierako puntu berean amaituko da 14:00etan; hau da, 5 ordu iraungo ditu gutxi gorabehera. Ibilbidea 16 kilometrokoa da 550 metroko maldarekin, zailtasun ertainekoa, beraz. Ibilbidearen erdian etenaldi bat egingo dute Astozuloko petroglifoa ezagutzeko. Prehistorian jatorria duten neolitiko garaiko komunikazio sinboloak ezagutzera ematea da antolatzaileen asmoa, historiaren pieza zein objektuen zaintza eta babeserako baliogarria izango delakoan.

Petroglifoak

Petroglifo grekotik datorren hitza da eta "harkaitzean grabatua" esan nahi du. Munduan bakarrak dira eta Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalean ale batzuk aurkitu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez patrimonio inbentario lan baten ondoren aurkitutakoak dira. Astozuloko petroglifoa, esaterako, pieza handia da eta oraindik oso gutxi ezagutzen da. Pieza hauek idazkeraren aurrekari gertukoenak dira.

Informazio gehigarria

Interesatuek informazio gehiago web orrialde hauetan aurki dezakete: www.parketxesarea.org eta www.gipuzkoamendizmendi.net. Hala eta guztiz ere, Parketxera ere joan daitezke informazio bila.

Gomendioak

Hamar urte baina gehiago edukitzea gomendatzen dute antolatzaileek, baita mendiko arropa, oinetakoak eta bastoia eramatea ere. Izen-ematea telefonoz edota helbide elektronikoz egin daiteke Arantzazuko Parketxean.


 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak