Antonino Ibarrondo gogoan

Ane Elordi 2014ko eka. 7a, 08:00

Antonino Ibarrondo Oleaga musikari eta konpositore oñatiarrak 100 urte beteko lituzke ekainaren 12an. Mendeurren hori aitzakia hartuta, haren omenezko diskoa grabatzen ibili dira azken bi aste hauetan Oñatiko Udal Banda, txistulariak eta abesbatzak. Azaroko musikaldia haren omenezkoa izango da eta ordurako egongo da prest. Liburua ere aurkeztuko dute eta hiru kontzertu entzungo dira orduan.

Tituluduna

Antoninoren semea, Iñaxio Ibarrondo, ibili da diskoaren grabaketa zuzentzen. "Gure aitak 300 obratik gora ditu, transkripzioak aparte. Pieza batzuk arinak dira eta beste batzuk, fuerteak. Horregatik, diskoa hiru talde edo zatitan banatzea pentsatu dut. Talde baten pieza gogorrak egongo dira eta horiek Oñatiko Udal Bandarekin grabatu ditugu. Oñati eta Aloña Mendi piezak eta habanera bat, berriz, abesbatzekin batera grabatu ditugu. Kantuan jasoko diren piezak dira horiek eta neuk moldatu ditut okasiorako. Bestalde, txisturako ere lan asko egin zituen aitak eta herriko txistulariekin fandango bat eta arin-arin bat grabatu dugu", azaldu du Iñaxio Ibarrondok.


Santa Ana antzokian grabatu dute diskoa, zatika, azken bi aste hauetan. Azaroan aurkeztuko dute. Gainera, orduan egingo dituzten kontzertuetako baten ere hiru talde horiek hartuko dute parte. Hirugarrenean.


Antonino Ibarrondoren omenezko lehen kontzertua azaroaren 9an izango da, Santa Anan. Haren seme Felix Ibarrondok egindako piezak entzungo dira. "Gure etxean musikak presentzia handia izan du beti. Nik esaten dut anaia fraide joan zela musika ez ikasteagatik, baina begira noraino heldu den. Munduko bazter guztietara heltzen da", dio Iñaxio Ibarrondok.
Bigarren kontzertua Bilboko bandak emango du, parrokian, hango zuzendari ere izan zelako Antonino Ibarrondo.

Pedagogo ona

Haren biografia jasoko duen liburua ere azarorako bukatu gura dute Jose Antonio Azpiazuk eta Xabier Ugartek. Hura ezagutu zutenek, haren ikasleek eta etxekoek emandako informazioa jaso dute; materiala badute, eta forma ematen ari dira orain. "Bere biografia izango da liburuaren muina eta musika ere ezinbestean agertuko da. Gipuzkoan titulua zuten hiru musika zuzendari zeuden lehen: Miguel Gonzalez Bastida bergararra, Francisco Escudero zarauztarra eta Antonino Ibarrondo. Maila handiko musikaria izan zen", adierazi du Jose Antonio Azpiazu historialariak.


Antoninoren izateko era eta bertute edo abileziak ere jasoko ditu. "Banda zuzendari moduan gogoratzen dugu askok, baina pedagogo oso ona izan zen. Oñatiko musikarien %90 inguru haren eskutik pasatakoak dira. Adibidez, azterketa kanpoan egin zuten oñatiar batzuei ea ikasketak non egin zituzten galdetu zieten, maila handiko azterketa egin zutelako. Bere etxera ere musika egiten bai, baina idazten ez zekiten asko etortzen ziren, laguntza eske. Oñati oso ondo ezagutzen zuen eta txoko bakoitzerako pieza bat egin zuen, adibidez. Horrelako pasarteak ere jasoko ditugu liburuan", azaldu du Xabier Ugarte musikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak