Gorka Guridi: "Datorren urtean ahalik eta maila altuenean lehiatzen saiatuko naiz"

Julen Aperribai 2014ko eka. 3a, 12:00

Gorka Guridi, Torreauzo auzoan motorrarekin.
Aspalditik erakutsi du motorrekiko interesa Gorka Guridik (Oñati, 1992), etxekoek zaletasun hori oso gustukoa ez zuten arren. Lanean hasi zenean, motor bat erostea erabaki zuen eta pixkanaka lasterketen munduan sartzen hasi zen. Egun, cross country eta enduro modalitateetan aritzen da oñatiar gaztea. Bere herrian bertan izan zuen azken proba, Oñatiko cross country txapelketa, hain zuzen ere. Kirol horren gainean harekin hitz egin ahal izan du GOIENAk.

Gustura gelditu zinen asteburuan Oñatin lortutako emaitzarekin?

Aurten txapelketa gutxitan aritu naizela kontuan hartuta, gustura nago. Joan den urtean, aukera nuen lasterketa guztietan hartzen nuen parte. Aurten, berriz, ikasten ibili naiz, eta, diru gutxiago nuenez, ez naiz hainbeste lehiatu. Orain dela bi aste egin nuen lasterketa bat eta hau bigarrena zen. Entrenatu ere gutxi entrenatu naiz; beraz, pozik nago. 

Zure herrian horrelako txapelketa batean aritzeko aukera izatea garrantzitsua da zuretzat?

Niretzat bai. Oñatin, gainera, kirol honekiko afizio handia dago. Lehen, trabesiak egiten genituen, baina orain, horretarako ez dugu baimenik. Herriko zaleendako zerbait egin beharra dagoela uste dut eta proba honek horretan laguntzen duelakoan nago. 

Narrarte Off Road taldeko partaide zara. Zein dira taldean aritzearen abantailak?

Azkenean, inguruko jendearen babesa duzu taldean zaudenean. Oso tristea litzateke motorraren mundu hau inguratzen duen guztia bakarrik egin beharko bagenu. Leku desberdinetara joatea ere zailago izango genuke. Gainera, gure artean giro ona izanda, beti ibiltzen gara gusturago. 

Udalari edo erakunde publikoei eskaerak egitea errazagoa izango da taldean, ezta?

Bai. Azkenaldian egin izan diren eskaera guztiak Narrarte Off Road taldearen izenean egin dira. Jende asko gaude taldean, eta horrek lagundu egiten du. 

Txapelketak nola prestatzen dituzu? Asko entrenatzen zara?

Bizikletan ibili ohi naiz. Mendira joaten naiz eta tarteka baita korrika egitera ere. Hala ere, entrenatzeko modu onena lasterketaz lasterketa ibiltzea da. Bestela, mendira joan eta bertan zirkuitutxoak egin eta denborak neurtzen ere ibiltzen gara. 

Eta Oñatin bada entrenamendu horietarako leku egokirik?

Euskal Herrian badira zirkuituak eta antzekoak hainbat lekutan. Oñatin ez dugu halakorik, basoan entrenatzen gara normalean. 

Motorra egoera onean mantentzeak kostu ekonomiko handia dakar. Diru laguntzarik edo halakorik jasotzen duzu?

Behar dudan material guztia nik ordaintzen dut. Joan den urtean tailerrean bagenituen deskontu txiki batzuk, baina gainontzekoa gure poltsikoetatik ateratzen da. Ez dut diru laguntza edo babes ekonomikorik. Bila ere ez naiz ibili. Aurten proba gutxitan parte hartuko nuela banekien. Datorren urtean gehiago lehiatzeko asmoa dut, eta ea orduan laguntzarik lor dezakedan.

Cross country-az gain, enduroan ere aritzen zara. Zein da bi modalitateen arteko desberdintasun nagusia?

Cross country-an bi orduz aritzen gara zirkuitu baten bueltan. Enduroan, berriz, bost minutuko kronoak dira eta gero mendira joaten gara. Bertan, ordubete inguruko bueltak egin behar izaten ditugu gailur batzuk igoz lau alditan. 

Eta bi horien artean zein duzu zuk gogokoen?

Enduroa nahiago dut. Luzeagoa eta gogorragoa da. Bestalde, deskantsatzeko ere aukera handiagoa ematen du. Ordubete inguruko zirkuitua 45 minutuan egiten baduzu, adibidez, 15 minutu dituzu gero deskantsatzeko. Cross country-an, berriz, ez da hain erraza izaten erlaxatzea, nekezagoa izan ohi da.

Kirol hau arriskutsutzat duzu?

Apur bat bai. Beti jasotzen ditugu kolpeak. Kirol honekin bat doan zerbait da, baina, bestela, ez nuke esango aparteko arriskurik duenik. 

Gorputzeko zein ataletan sufritzen duzu gehien?

Besoetan eta gerrian gehien, baina baita hanketan ere. Hala ere, gorputz guztia lantzen da motorrean eta bolak igota bukatzen dut hanketan, besoetan...

Euskal Herri mailan bada jarraikortasun bat izateko adina txapelketa eta zirkuitu?

Bai. Gipuzkoan lasterketa gutxi egoten dira, baina Bizkaian izaten da nahikoa aukera. Enduroaren eta cross country-aren artean 15 bat lasterketa izaten dira eta, horretaz gain, enduro indoor delakoak ere egiten dira zirkuitu itxietan. 

Junior kategorian Euskal Herriko cross country txapelketa irabazi zenuen iaz eta endurokoan bigarren egin zenuen. Nola gogoratzen duzu txapelketa eta momentu hura?

Egia esan, ez ninduen sorpresaz harrapatu, lasterketa gehienak irabaztetik nentorren eta. Enduroan suerte txarra izan nuen, motorra apurtu nuen eta nahi baino atzerago gelditu nintzen. Bestela, emaitza oso pozgarria izan zen. 

Datorren urtean elite mailan ariko zara. Alderik igarriko duzu?

Dudarik gabe; maila horretan oso motor-gidari onak daude eta haiengandik ikasi nahi dut. Kategoria bat beherago aritzeko aukera ere banuen, B mailan, baina ahalik eta maila altuenean lehiatu nahi dut nik. 

Zein txapelketatan aritzeko asmoa duzu aurrerantzean eta zein helbururekin?

Aurten lasai amaituko dut denboraldia. Lasterketa solte batzuetan hartuko dut parte, baina datorren urteari begira nago, gehienbat. Errumanian egingo den zortzi eguneko proba batera joateko asmoa dut. Mundu mailan oso proba garrantzitsua da eta ederra litzaidake bertan izatea. Horretaz aparte, Euskal Herriko txapelketa prestatu etapodiumerako borrokan egon nahi nuke. Hala ere, helburu nagusia maila handiagoko motor-gidariengandik ikastea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak