Potx eta Motx: "Potx eta Motx' kantuaren bideoklipa kaleratuko dugu laster"

Jagoba Domingo 2014ko eka. 3a, 00:00

Potx eta Motx, diskoaren aurkezpenean.
Oñatiko Potx eta Motx pailazoek Naturan barrena diskoa kaleratu berri dute. Izen bereko ikuskizuneko kantuak batzen ditu lanak; eta herrian bertan, lagunez inguratuta egin dute kolorez eta umorez betetako diskoa.

Noiz jaio ziren Potx eta Motx?

Kasualitatez jaio ziren. Eskolan geundela, Euskararen Egunerako bi pailazo behar ziren eta ia behartuta Amaia Igartuak eta biok [Josu Zubia] baiezkoa eman genuen. Hasieran Potx eta Motx ginen arren, familia handituz joan da; tartean, Itziar Arkauzek bizitza ematen dion Miope dugu gure artean. 

Nola animatu zineten grabatzera?

Naturan barrena ikuskizunerako sortu genituen kantuak daude diskoan. Gure lehenengo ikuskizuna dela esan genezake; aurretik proba moduan ere beste show batekin ibili garen arren. Ikuskizunean apaingarri ziren kantuekin zerbait egitea pentsatu genuen, eta disko formatua aukera egokiena zela erabaki genuen. Kantu gehienak Naturan barrena ikuskizunean agertzen diren pertsonaien ingurukoak dira: Ambrosio marrazoa, Setan bazozaina, Zerraldo ehiztaria...

Non grabatu zenuten lana?

Wildboar estudioan grabatu genuen, apirilean, Iñaki Cerqueira teknikariarekin. Kontua da instrumentu guztiak midi formatuan, euskarri digitalean, grabatuta daudela. Estudioan soinu horiek txukundu eta ahotsak sartu genituen. Egia esan, midi formatuan grabatzea esperientzia eta erronka berria izan da; aukera asko eskaintzen ditu, baina ez da batere erraza.

Laguntzaileak izan dituzue, ezta?

Bai, kolaborazio nahikotxo izan ditugu. Batetik, abesbatzako haurrek hartu zuten parte; ez dute kantu guztietan abesten, baina diskoan protagonismoa badute. Bestetik, Oñatiko zein Aramaioko hainbat bertsolariren laguntza izan dugu; tartean, Xabi Igoa aramaioarra eta Maider Arregi eta Andoni Goitia oñatiarrak. Izan ere, diskoaren helburuetako bat neska-mutikoak bertsogintzara hurbiltzea da. Kantu askoren musika konposatzeko orduan, bertsolariek aukeratutako doinuari moldaketa pare bat egin genizkion; beste batzuk, ordea, guztiz aldatu genituen.

Gozoki-dendetan dago salgai.

Gure diskoa saltzeko leku aproposak direla uste dugu; azken finean, haurrentzako musika da. Kiku eta Mizke gozoki-dendetan dago salgai eta potxetamotx@gmail.com helbidera idaztea da diskoa erosteko beste aukera bat. Horrez gain, gure ikuskizunetan ere egongo dira. Aste honetan zehar, gainera, Facebook bidez disko bat zozketatuko dugu. 

Erreferenterik baduzue?

Zalantza barik, Pirritx eta Porrotx erreferente handia dira, eurengandik asko dugu ikasteko. Gainera, eurekin kontaktuan egon gara eta asko lagundu digute, hainbat aholku eman dizkigute. Poxpolo ta Konpainia eta Argentinako beste pailazo batzuk ere, esketxetan baino gehiago arlo musikalean, erreferente dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak