Izendatu berri dituen hamabi horiekin, 39 ohorezko euskaltzain ditu Euskaltzaindiak. Hauek dira, izendatu berriak: Paulo Agirrebalzategi (Oñati, 1942), Angel Aintziburu (Luzaide, 1930), Dionisio Amundarain (Itsasondo, 1930), Xabier Amuriza (Zornotza, 1941), Xipri Alberbide (Heleta, 1934), Antonio Campos (Orio, 1942), Maite Idirin (Ugao, 1943), Mixel Itzaina (Alduden, 1933), Jon Landaburu (Paris, 1943), Joan Martí (Tarragona, 1945), Matin Orbe (Errigoiti, 1934) eta Manu Ruiz (Donostia, 1941).
Paulo Agirrebalzategi oñatiarra, apaiz frantziskotarra da. Romako Antonianum-ean Teologia doktorea da. Deustuko Teologia Fakultatean irakasle izan zen. 1971tik, Jakin aldizkariko kide eta lauzpabost urtez Jakin Taldearen arduradun izan zen.
1970eko hamarkadan, UZEUren fundatzaileetako bat izan zen eta erakunde horretako lehen presidentea. 1990eko hamarkadan EUSENOR egitasmo entziklopedista diseinatu zuen eta egitasmo horren zuzendari orokorra izan zen. EKBko (Euskal Kulturaren Batzarrea) presidentea ere izan zen. Lan handia egina du hiztegigintzaren esparruan eta liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu hainbat kultur gairi buruzkoak.
Argitaratutako lanak
Paul Tillich-en Fedearen Dinamika eta Ernest Cassirer-en Gizakiari buruzko entseiua lanak itzuli zituen. Kultura eta fedea, natur zientziak: hiztegia, Catálogo de incunables e impresos del siglo XVI de los conventos franciscanos de Arantzazu y Zarautz eta Herria 2000, Eliza lanen egileetako bat da.
Bitoriano Gandiagaren argitaragabeko poemak biltzen zituen Poema Argitaragabeak obra publikatzeko ere lan egin zuen. Eugenio Agirretxe (1920-2005) eta Araozko kantuak eta kontuak Bitoriano Gandiagak araoztarren ahotatik batuak lanak ere argitaratu ditu