Entrenamendu eta partidurik gabeko egunerokotasunera ohitu zarete?
Iñigo Zabaleta: Egia esan, ez dira egun asko pasa denboraldia amaitu zenetik eta ez dut pentsatzeko denbora luzerik izan. Pentsatzen dut aurreraxeago hasiko naizela saskibaloia faltan igartzen eta gauzak beste modu batera ikusten.
Iban Lizarralde: Oraingoz, normaltasun osoz daramat. Irail aldean denboraldi berria hasten denean, agian, apur bat arraroa egingo zait, baina momentuan ez dut gehiegizko aldaketarik igarri. Erabakia aspalditik nuen hartuta.
Zaila izan da taldea uzteko erabakia hartzea?
I.Z.: Bai, beti da zaila horrenbeste urteren ondoren horrelako erabaki bat hartzea. Izan ere, saskibaloia nire bizitzaren parte bihurtu da eta buruari buelta asko eman ondoren hartu dut erabakia. Hogei urte asko dira, azken finean.
I.L.: Aurten utzi egingo nuela erabakita nuen, nahiz eta denboraldiaren amaiera hurbildu ahala arraro sentitu naizen. Alde batetik, fisikoki eta mentalki nekatuta iritsi naiz, eta, bestetik, arraroa izan da azken denboraldia izango zela jakitea.
Zer moduzko agurra izan zenuten azken partiduan?
I.Z.: Taldekideek etxeko azken partiduan egin ziguten agurra Ibani eta bioi. Ez genuen espero eta oso polita izan zen haiek guztiak gutaz oroitu izana. Zuzendaritzakoek ere omenaldi txiki bat egin ziguten partiduaren amaieran.
I.L.: Aurrez Iñigori esan nion ez nuela pentsatzen inolako ezer berezirik egingo zigutenik, azken finean talde honetatik jende pila bat pasa baita. Azken aurreko partidua berezia izan zen, Iñigok esan duen moduan. Jokalari guztiak gure izena zuten elastiko batekin irten ziren, eta partidua bukatu ostean egin ziguten omenaldia berezia izan zen.
Hogei urteotako oroitzapen guztiak batzea zaila izango da, ezta?
I.Z.: Oroitzapen asko ditut buruan. Eteoko kantxan egin nituen lehen entrenamenduak. Gero, poliki-poliki, maila guztiak pasatzen joan nintzen lehen taldera iritsi arte. Makina bat entrenamendu, partidu, bidaia, afari... datorkit burura.
I.L.: Talde honek asko eman dit. Jende asko ezagutu dut, eta baita lagun handiak egin ere. Hori da garrantzitsuena.
Zein izan dira zuentzat urte hauetan momentu onena eta txarrena?
I.Z.: Kirol arloan garai zailena EBA mailan jokatu genuen lehen urtea izan zela esango nuke, errenkadan partidu asko galdu baikenituen. Edozelan ere, une gogorrena, dudarik gabe, nire taldekide eta lagun oso ona den Asier de la Iglesiak bere gaixotasunaren berri eman zigunekoa izan zen. Kolpe gogorra izan zen. Ordizian jokatu genuen Lauko Finala aipatuko nuke momentu on moduan. Herriko zale asko bertaratu ziren gu animatzera. Oso asteburu polita eta berezia izan zen.
I.L.: Mailaz igotzen joan gara eta daukadan oroitzapen onena EBA ligara igo ginenean Oñatiko plazan egin genuen jaia da. Udaletxera igo ginen, eta ederra izan zen herritar guztiekin ospatzea. Momentu txarrena aipatzerakoan bat egiten dut Iñigorekin. Asierren gaixotasunak talde guztia utzi zuen ukituta. Hala ere, Asier bera animoz dagoela ikustea pozgarria da. Kirolean, urte gogorrena EBAtik jaitsi ginen urtea izan zen.
Zilarrezko LEB mailarako igoera-fasea jokatu zenuten... Nola heldu zineten maila horretara?
I.Z.: EBAko bigarren urterako talde sendo bat osatu genuen, fitxaketa batzuk tarteko. Aldagelako giroa ere paregabea izan zen eta, partiduak irabazten joan ahala, konfiantza handia hartu genuen.
I.L.: Alde batetik, jokalarien maila oso altua zen. Euskal Herriko hainbat lekutako jokalariak genituen. Bestetik, gure artean oso giro ona zegoen. Gogor entrenatzen ginen, baina taldea oso bat eginda zegoen.
Urte hauetan, gehiagotan egon zara taldea uztekotan?
I.Z.: Azken urteetan denboraldiaren amaiera iristerako nahiko nekatuta bukatzen nuen. Uda pasa ondoren, ordea, berriz sartzen zitzaidan jokatzeko gogoa.
I.L.: Joan den urtean pentsatu nuen ez jarraitzea, baina taldekideengan pentsatzen jarrita beste urtebetez segitzea erabaki nuen. Mailaz jaitsi ginen, baina maila baxuago batean disfrutatu egin nahi genuen. Hainbeste urtez taldean egonda, ez da erraza erretiroa hartzea.
Hasi zinetenetik hona zertan aldatu da Aloña Mendi taldea?
I.Z.: Ez dut aldaketa handirik sumatu. Jende berria sartu da taldean, beste batzuek utzi egin duten bitartean, baina taldeak aurrera segitzen du. Taldean izan naizen denbora honetan giro paregabea izan dugu, eta hori da goraipatu nahiko nukeena.
I.L.: 16 urte inguru nituela hasi nintzen. Hasieran ilusio handia genuen eta hobby hutsa zen. Mailaz igotzen joan ginen heinean, konpromiso handiagoa eskatzen zuen taldean segitzeak. Hala ere, guk beti mantendu dugu entrenamenduetara joateko ohitura, eta, orain, ohitura hori apur bat galduta ikusten dut. Gazteenengan bai sumatu dudala konpromiso txikiagoa dutela orain. Gabeziaren bat egotekotan, hor ikusten dut nik.
Gazteek zuei erreleboa hartzeko gai ikusten dituzue?
I.Z.: Bai, gure taldekideek maila ona dute eta junior eta kadete mailetan ere jokalari interesgarriak daude.
I.L.: Gazteetan bada etorkizuna ikusten diodan talde bat. Saskibaloia gustatzen zaiela igartzen da eta kalitatea ere badute. Nik, adibidez, gazte mailan beti nituen zailtasunak ezkerra erabiltzeko orduan. Talde honetako kideei bi eskuekin aritzeko erraztasuna dutela ikusten zaie. Taldean jarraitzeko konpromisoa mantentzen badute, Oñatin saskibaloiak etorkizuna baduela esateko moduan gaude.
Zein asmo dituzue orain? Hau da, saskibaloiaren munduan modu batera edo bestera jarraitu nahi duzue?
I.Z.: Oraindik ez dakit zehazki zer egingo dudan. Oraingoz, saskibaloiko 2. mailako entrenatzaile titulua ateratzen hasi naiz. Era batera edo bestera klubari lagundu nahi nioke, guk hainbeste denboraz bertan jokatzeko beste jende baten lana baitago atzean. Asko daukat eskertzeko, bai urte hauetan nire taldekide eta entrenatzaile izan direnei, eta baita zuzendaritzan lanean jardun dutenei. Hala ere, etxekoei ere asko zor diet, saskibaloiak eragindako penak, haserreak eta poztasunak hurbilen bizi dituztenak izan baitira.
I.L.: Argi dut saskibaloia albo batera ez dudala utziko. Ez dakit nola lagunduko diodan taldeari, baina ez dago dudarik hor egongo naizela laguntzeko. Ni gaztea nintzenean taldeko jendearen laguntza genuen eta guk ere nolabait taldeari laguntzen jarraitzea garrantzitsua delakoan nago.