Ixone Lizarra eta Rebeka Sanchez: "Izugarrizko denboraldia egin dugu; Aloña Mendik badu Euskal Ligan jokatzeko kategoria"

Irati Goitia 2014ko mai. 20a, 12:00

Ixone Lizarra eta Rebeka Sanchez, Zubikoako kantxan.
Euskal Ligan jokatuko dute Aloña Mendiko eskubaloi saileko kadete eta gazte mailetako neskek datorren denboraldian. Izan ere, kluben arteko igoera fasea jokatu zuten, Urdaibai eta Ereintza taldeen aurka, etxean, eta oñatiarrak nagusitu ziren bi mailetan. Ixone Lizarrarekin –gazteen taldeko entrenatzailea Jon Ander Osinagarekin batera– eta Rebeka Sanchezekin –kadete mailako entrenatzailea Iker Berrocalekin batera– izan gara denboraldiaz berbetan.

Zorionak! Euskal Ligara igotzea lortu duzue. Luze joan dira ospakizunak?

Ixone Lizarra: Bai; asteburu luzea izan da, eta ospatu dugu garaipena. San Migel Txikietako domeka ondo aprobetxatu genuela esan daiteke.

Pozik zaudete asteburuak eman duenarekin?

Rebeka Sanchez: Oso-oso pozik eta egindako lanarekin gustura gaude.

I.L.: Egiten dugun balorazioa positiboa da. Kadeteek bi partiduak irabazi zituzten, eta guk bat. Lehenengo geratu gara, eta oso pozik gaude. 

Espero zenuten Euskal Ligarako igoera fasea lortzea?

R.S.: Egia esan, esperantza handia nuen taldeko neskengan, eta lortutako emaitzak oso onak izan dira. Gainera, oso ondo jokatu genuen. [Urdaibairen aurka 20-34 nagusitu ziren oñatiarrak kadete mailan eta Ereintzaren aurka, 22-15]

I.L.: Helburua zen norgehiagoka guztiak edo ia guztiak irabaztea. Bagenekien Urdaibairen aurkako lehia izango zela zailena, eta, hain zuzen, horixe izan zen galdu genuena [22-18]. Ereintzaren aurka 17-10 nagusitu ginen. 

Lizarra, zuek aurtengo denboraldiaren bigarren fasea Euskal Ligan jokatzeko igoera ere eskuratu zenuten. Beraz, esperotakoa zen?

I.L.: Bai, hala da, eta horregatik zen gure nahia partidu guztiak irabaztea. 

Gainontzean, zein da denboraldiaz egiten duzuen balorazioa?

R.S.: Oso positiboa, izugarrizko lana egin dugu. Gu ez ginen sailkatu bigarren fasea Euskal Ligan jokatzeko lehiarako, batez ere, zorte txarra izan genuelako. Orokorrean, baina, izugarrizko denboraldia izan da. Neskek oso ondo jokatu dute.

I.L.: Gu lehenengo gelditu ginen eta bigarren fasea Euskal Ligan jokatu dugu. Hor nabaritu dugu maila handiagoa dela. Hala ere, pozik gaude egindakoarekin.

Kadete eta gazte mailetan lortu duzue mailaz igotzea. Indartsu dago eskubaloia Oñatin?

R.S.: Bai, indartsu datorrela esango nuke. Egia esan, herrian indar handia duen kirola da, batez ere, nesketan. Horren ondorioz, asko izaten dira eskubaloira etortzen direnak, eta harrobi handia dugu. Ezin gara kexatu.

Lan egiteko orduan ere baduzue jendea?

I.L.: Beti egoten da behar gehiago kasu horretan. Neska eta talde asko izanda, askotan izan ohi dugu entrenatzaile falta. Hala ere, guztion artean lortzen dugu aurrera egitea.

Une honetan zenbat talde daude kadete eta gazte mailetan?

R.S.: Kadeteetan, adibidez, bi talde ditugu. Gipuzkoako lurraldekako norgehiagokan jokatu dute biek. Egia da, ordea, talde lehiakorrago edo potenteagoa egin genuela denboraldi hasieran, Euskal Ligara igotzeko aukerak izan genitzan. Eta azkenean, lortu dugu. Izan ere, badugu maila.

Kadete mailan indartsu zaudete, beraz; baina neskek egiten dute gazteetarako urrats hori?

I.L.: Egia da jokalari kopurua txikitu egiten dela. Hala ere, sasoi baten baino gehiago gara egun. Talde oso bat dugu eta hainbatetan jendea kanpoan ere utzi behar izaten dugu.

Igoera fasean beteta zeuden Zubikoako harmailak. Nola bizi duzue jendearen babesa?

R.S.: Aurten bereziki nabaritu dudala esango nuke. Gurasoen inplikazioa izugarria izan da: partiduetara etorri, kanpora joateko autoa jarri, beti laguntzeko prest...

I.L.: Asteburuari dagokionez, babesa handia izan da. Lehenengo norgehiagokan igarri genuen gehien. Behera egindakoan ere, hor zeudela nabari genuen. Animo horiek beti berpizten zaituzte, eta asko eskertzen da.

Igoera fasea etxean jokatzea abantaila izan da zuentzako?

R.S.: Zalantza barik. Etxean jokatzeak beti esan nahi du hobeto jokatzea eta etxeko babesa duzula. Izan ere, animoek asko laguntzen dute behera zatozenean. Kanpoan jokatu izan balitz, jarraitzaile gutxiago etorriko lirateke, akaso, eta animo gutxiago izango genituzke. Zalantza barik, hemen jokatzea positiboa izan da.

Igoera lortuta, orain zer?

R.S.: Kopa gelditzen zaigu, baina, batez ere, kategoriaz igotzea tokatzen zaienek jokatzeko erabiltzen da. Hau da, aurten kadete mailan egon eta datorren urtean gazte mailan jokatu behar dutenei ematen zaie minutuak, kategoria berria ezagutzen joan daitezen. Azken batean, talde berria egituratzeko erabiltzen da. Baloia ere ezberdina izaten da, adibidez. Azken batean, denboraldia bukatu dela esan genezake.

I.L.: Gainera, datorren urtean Euskal Ligan jokatuko dugunez, garrantzitsua izango da taldea egituratzen hastea, zenbat jokalari izango ditugun jakitea, eta abar. 

Lurraldekakoan edo Euskal Ligan jokatzea oso ezberdina izango da. Nola ikusten duzue datorren denboraldia? Ze itxaropen dituzue?

I.L.: Salto nahiko handia da. Nik, batez ere, Bizkai aldera joaten garenean nabaritzen dut. Izan ere, hor oso talde indartsuak daude eta bidaiak ere luzeagoak dira. Horretaz gain, bi taldeontzako da esperientzia berria. Hala ere, maila horretan jokatzeko jokalariak ditugula uste dut, eta talde sendoak.

R.S.: Helburua mailari eustea izango da eta nik uste dut lortuko dugula. Ez gara sailkapenaren goialdean ibiliko; izan ere, oso talde indartsuak daude. Aloña Mendik, baina, badu Euskal Ligan egoteko kategoria.

Orain, gogor lan egin beharko duzue; beraz...

I.L.: Bai, baina, oraingoz, merezitako deskantsua eman nahi diegu neskei. Gogorra izan da eurendako fisikoki eta psikologikoki. Eta geuk ere badugu deskantsatu beharra. Datorren denboraldian, baina, hasiera-hasieratik eskatu beharko diegu gogoa, inplikazioa eta motibazioa jokalariei. Izan ere, Euskal Ligako maila beste bat da eta hori eman egin behar da. Gu itxaropentsu gaude, baina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak