Oñatiko Ganbara Abesbatzak Egin dezagun kultura elkarrekin kanpaina –harpidedunak lortzeko kanpaina– jarri zuen abian pasa den irailean. "300 ume inguru dituen eta egitasmo asko burutzen dituen eskola batentzat, finantzazioa oso garrantzitsua da. Erakunde publikoetatik zein eskaintzen ditugun kontzertuetatik lortzen dugu dirua, baina askotan ez da nahikoa izaten ekintza guztiak aurrera eramateko. Horregatik jarri genuen martxan Egin dezagun kultura elkarrekin", adierazi zuen Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek atzo egin zuten prentsaurrekoan.
Horrela, finantzazio pribatua lortzeko asmoz, jarri zuten abian egitasmoa. Bazkide eta lagunek ekarpen ekonomikoa egiten diote Ganbara Abesbatzari, eta trukean hainbat abantaila jasotzen dituzte, esaterako: Ganbarako abesbatzek argitaratutako aldizkaria, ezkontza edo ekitaldi pribatuetarako kontratazioetan %20ko beherapena edo baita abesbatzak urtero egingo duen bazkideentzako kontzerturako sarrerak ere. Bada, maiatzaren 17an egingo dute lehendabiziko bazkideentzako kontzertu hori Arantzazuko santutegian, 19:00etan.
"Gure asmoa da urtero kontzertu berezi bat eskaintzea. Ganbarak normalean egiten dituen ikuskizunetatik aldenduz. Aurtengoa euskal musikari zuzendutakoa izango da", esan zuen Biainek. Hala, tradizioa eta ukitu modernoa uztartuko dituzte Arantzazun egingo duten emanaldi horretan. Kontzertua bi zatitan bereizituko da. Lehenengoan euskal kantutegiko musika entzuteko aukera izango da. Bigarren zatian, berriz, jazza eta euskal musika bateratuko dituzte. Horrela, esaterako, Maitia nun zira, Habanera edo Xalbadorren heriotzean abesti ezagunak jazz ukituaz abestuko dituzte.
Ganbara txiki, gazte eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak hartuko dute parte kontzertuan, eta hainbat instrumenturen eta Josu Elberdin konposatzailearen laguntza ere izango dute.
Esan bezala, bazkide eta lagunek doan izango dituzte sarrerak kontzerturako. Beraien etxeetan jasoko dituzte posta arruntez. Baina emanaldia ez da soilik bazkideentzat, edonor joan daiteke. Sarrerak Izarraitz eta Portu tabernetan daude salgai, zortzi eurotan.
Bazkideak
Ganbarak 70 bazkide ditu dagoeneko, horietatik 18 lagunak dira eta udala ohorezko bazkidea da. "Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei. Izan ere, gainontzean ez genuke proiektu eta lanak aurrera eramaterik izango. Asmoa da 150 bazkide izatea bost urteren buruan", adierazi zuen Xabier Regueiro, Ganbarako presidente ordeak.