Uraren jatorria eta erabilera jorratuko dira bigarren mendi irteeran

Ane Elordi 2014ko mai. 7a, 11:29
Uraren Bidea ibilbidea antolatu dute Oñatiko Arantzazu Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak taldeek. Maiatzaren 11n izango da, eta hamar kilometroko txangoa egingo dute, goizeko bederatzietan Araotzeko Jaturabe ur-presaren ondoko aparkalekutik abiatuta.

Hamar kilometroko ibilbide zirkularra dago antolatuta, eta Orkatzategi gailurrera joango dira, 550 metroko desnibelarekin. Ibilbidea 10 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta salneurria hurrengoa izango da: 3 euro helduentzat eta 2 euro 6-12 urte bitarteko gazteentzat. Interesdunek  izena eman dezakete arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita edota 943 78 28 94 / 665 72 14 08 telefono zenbakietara deituta.

Mendi irteeraren bigarren edizioak  hainbat berrikuntza ditu. Nahiz eta Uraren Bidea, PR-Gi 30033, oinarri izan, antolatzaileek saihesbide bat egingo dute, Orkatzategi mendiaren azpian doan pasabidea. Gainera, aurten Urrexola auzunea ezagutzeko aukera ere egongo da. Antolatzaileen esanetan, Urrexola inguruan ura berezia da; izan ere, ur sufretsua da, propietate eta erabilera asko dituena. Horrez gain, Oñatiko Arantzazu auzoan atsedenaldia egingo dute, eta Garaikua baserriaren historia ezagutzeko aukera egongo da; XIX. eta XX. mendeetan bainuetxea izan zen.

Egitasmo hau Gipuzkoako Parketxearen mendi-ibilbideen baitan dago, eta hainbat dira datozen hilabeteetarako antolatutako irteerak: ekainaren 15ean Pin Pil Ibilbidea, uztailaren 12an Aloñara Igoera, irailaren 21ean Aizkorrira Igoera eta urriaren 19an Kontrabandisten Ibilbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak