XV. mendeko altxor digitalizatuak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko mai. 1a, 00:00
Iñaki Beristain, Arantzazuko fraidea, inkunable bat eskuetan duela.
Inkunableei buruz berba egiterakoan, XV. mendean inprimatutako liburuak hartzen ditugu ahotan; Gutenbergek 1453 inguruan inprenta modernoa asmatu eta hurrengo 50 urteetan kaleratutako liburuak, hain zuzen.

Teknologia berriekin, horiek digitalizatzeko aukera dago, eta horixe da Eusko Ikaskuntza erakundearen baitako Euskomedia Fundazioak egin duena. Gipuzkoako 169 inkunable eskaneatu eta digitalizatu dituzte eta horietako 156 Debagoieneko bi tokitatik irten dira, gainera: 107 Arantzazuko Santutegiko liburutegitik eta 49 Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikotik. Guztiak sarean zintzilikatuko dituzte, Koldo Mitxelena Liburutegiko katalogoan.

Historia erromatarra, filosofia... 

Protokoloen Artxibo Historikoko artxibozain Ramon Martinek Oñati inguruan aurkitu ahal den liburu funtsaz egin du berba: "Kontzentrazio handia egon da beti; jesuiten bildumak izugarrizko liburutegia osatzen zuen, baita Unibertsitateko eta Arantzazuko artxiboetako dokumentuek ere. Oso funts berezia egon da, eta orain, haien oihartzuna geratzen zaigu". 

Martinek ondo ezagutzen ditu artxiboan dituzten inkunableak: "Rodrigo Mercado de Zuazola apezpikuaren liburutegi pertsonalaren parte izan ziren gehienak, oinordetzan Unibertsitateari utzi zizkionak". Hala, askotariko liburuak dira Protokoloen Artxiboan dituztenak: Antzinako Erroman eta Grezian sortutako lanak daude, baita hizkuntzen gainekoak, zuzenbideari eta historiari buruzkoak... "Daukagun zaharrena 1477koa da, historia erromatarrari buruzkoa".

Baina, esan bezala, Arantzazuko Santutegitik irten dira digitalizatu berri diren inkunableetako gehienak. Iñaki Beristain bertako fraideak aditzera eman duenez, 107 dira digitalizatutakoak: "Horietako bat hezetasunaren ondorioz oso egoera txarrean zegoen eta Donostian berritu behar izan dute".  

Arantzazuko inkunablerik zaharrena 1470. urtekoa da, Torquemada inkisidoreari buruzko liburua. "Ditugun gehienek erlijioarekin dute zerikusia, teologikoak eta filosofikoak dira". 

Jendarteratzearen garrantzia

"Horrelako altxor eder bat artxiboan gordeta edukitzea baino hobe da jendartearatzea, eta edozeinen eskura ipini dira lan honi esker", dio Beristainek. 

Eta Martinek ere beharrezko lana dela dio: "Oihartzun mediatiko handia duen gaia da, baina egia da behin digitalizatuta kontsulta maila txikia izaten dela. Dena dela, egin beharrekoa zen, noski!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak