Ivo Aertsen: "Ume baten eta heldu baten artean autoritate harremana dagoenean gerta daiteke abusua"

Leire Kortabarria 2014ko api. 25a, 11:35

Ivo Aertsen, Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatean.
'Sexu-abusua Elizan eta beste erakunde batzuetan' izeneko seminarioa egin zuten hainbat adituk Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundean. Ivo Aertsen belgikarrak koordinatu zuen seminarioa. Belgikan, Eliza Katolikoaren barruan gertatutako sexu-abusuaren gaineko Arbitraje-Zentroko kidea ere bada.

Lovainako Unibertsitatean sexu-abusu kasu horiek ikertzen dituzu. Gai horretan espezializatu zara?

Biktimologia eta Justizia arloetako zati gisa ikertzen ditugu abusu horiek. Biktimez eta delitugileez dihardugu, jakina, baina baita nola landu daitezkeen ondo gai hauek.

Ze helburu izan ditu seminarioak?

11 herrialdeko 20 aditu inguru batu ditugu. Lehenengo aldiz, herrialde askotako ikertzaileek euren aurkikuntzak konpartitu dituzte eta euren herrialdeetan ikerkuntza nola dagoen eztabaidatu dute. Ikertzaile horiek independenteak dira, ez direlako Elizako kide, eta hori oso garrantzitsua da.

Ze antzekotasun dituzte abusu kasuek herrialde batetik bestera?

Antzekotasun handiak daude. Abusu gehienak 50 eta 70eko hamarkaden artean izan ziren, eta, herrialde gehienetan, 80ko hamarkadan behera egin zuen kopuruak, abade gutxiago, barnetegi gutxiago… zeudelako.

Adina ere antzekoa da: gehienak 11 eta 15 urte artekoak ziren, eta gehienak, mutilak; herrialde askotan dauden ikerkuntza batzordeek aurkitu dute abusua salatu duten %70 eta %80 artean gizonezkoak zirela. 

Biktima gehienek 30, 40 edo 50 urte eta gero salatu zuten krimen bat, kasu honetan, abadeek edo Eliza Katolikoko beste norbaitek egindako sexu-abusua.

Zelan daude biktimak orain?

Askok trauma-ondoko estresa daukate oraindik. Austrian eta Alemanian, abusua salatu zuten biktimen erdiek edo gehiagok trauma-ondoko estresa zuten, 30 eta 40 urte eta gero ere. Eta trauma-ondoko estres proportzioa askoz handiagoa da multzo honetan, biolentziazko bestelako krimenen biktimen artean baino. Horrek hauxe adierazten du: sexu-abusuaren biktimak psikologikoki askoz biktimizatuagoak daudela, eta ondorioak beste abusu mota batzuetan baino larriagoak direla.

Euren bizitzari dagokionez, abusua jasan eta segituan, eskolan emaitza txarragoak izaten hasi ziren. Askok zail izan zuten harreman pertsonalak sortzeko, ez zirelako besteekin fidatzen. Eta sexu-biolentziarengatik, askok zail izan zuten intimitatezko harremanak edo sexu-harremanak izateko. Hortaz, abusu haiek euren bizitza pertsonalean eragiten diete. Baina bestalde, askok ezin izan zituztelako ikasketak bukatu, euren bizitza profesionalean ere eragina igarri dute. Azkenik, bizitza sozialean ere eragin diete, isolatu egin direlako.

Bestalde, egia da ere biktima asko ondo moldatu direla gerora. Belgikan, biktimekin egoten naiz astero, eta askok bizitza pertsonal eta profesional egonkorrak izan dituzte. Ezin da orokorrean hitz egin, hortaz.

Belgikan, abusu kasuak eskandalu handi baten ondorioz azaleratu ziren…

Bai. 2010ean, jakineko egin zen Brujasko gotzainak ilobari abusua egin ziola urte askoan. Ilobak publikoki esan zuen. Horren ondorioz, hurrengo bi asteetan, beste 475 lagunek antzeko salaketak egin zituzten. Elizak batzorde bat eratu zuen, nahiko independentea, Adriaenssens doktorearen gidaritzapean, baina bi hilabetean bakarrik egon zen lanean, justizia sistemak batzordeak zituen dokumentu guztiak bahitzea erabaki zuelako. Orduan, Belgikako Legebiltzarrak beste batzorde bat sortu zuen. Bost hilabetez egin zuen lan, eta 70 gomendioko txostena egin zuen. Gomendio horietako bat zen Arbitraje Zentro bat sortzea.

Zentro horretan, jendeak bere kasua salatu dezake, euren kasuak errekonozimendua jasotzen du eta diru-konpentsazio moduko bat ere jasotzen dute. Audientzia moduko batzuk egiten dira, biktimen, Eliza Katolikoaren ordezkari ofizial bat edo biren eta bizpahiru arbitroren artean. Arbitroek komunikazioa errazten dute biktimen eta Elizaren artean.

Zure iritziz, Elizak egoki erantzun du?

Desberdina da herrialde batetik bestera. Oro har, Elizak erreakzionatu egin du eta ekintzara pasa izan da. Dagoeneko ez du abusua egon dela ukatzen; onartu egiten du. Biktimendako oso garrantzitsua da hori: Eliza ofizialak onartzea hori gertatu egin zela, momentuan ez zela erreakzio egokirik izan eta ordezkariek jakin behar izango zuketela. Horrez gain, Elizak neurriak hartu ditu kasu gehiago prebenitzeko edo, gertatzen badira, justizia sistemara salatu daitezen ziurtatzeko. 

Orain; nahikoa egin du errekonozimendu nahikoa emateko biktima guztiei, eta erantzukizunak hartzeko? Hori aldatu egiten da herrialde batetik bestera, diozesi batetik bestera, elizbarruti batetik bestera. Oso adibide onak daude, eta behar adinako serio hartu ez den adibideak ere.

Zer eskatzen dute biktimek, orain?

Premia handiena euren istorioa kontatzea da, modu konfidentzialean, eta norbaitek –Elizako ordezkariek ere– istorioa entzutea. Hori da garrantzitsuena. Hori, eta istorioa sinistea. Normalean, istorioak ezin dira frogatu 30 edo 40 urte eta gero, baina kontakizuna hain zehatza denez, hainbeste detailerekin, beti dira sinesgarriak. Batzordeetan, Elizak erreakzionatu egiten du biktimaren aurrean: bai, biktima gisa errekonozitzen zaitugu eta barkamena eskatzen dizugu.

Bigarrenik, diru-konpentsazioak daude. Ez dakit hori soluzio ona den, horrelako mina ezin delako dirutan kalkulatu. Batik bat, diru kopuru sinbolikoa jasotzen dute, Elizak serio hartzen dituen keinu gisa. Europan, batez beste, 5.000 eta 25.000 euro artean jasotzen dituzte.

Biktimek lortzen dute emozionalki osatzea?

Batzordeetan egiten denak osatzeko bidean jar ditzake, ziur nago; baina ezin da espero ordubeteko batzar batetik guztiz osatuta irtetea. Prozesu bat da: euren burua biktima gisa errekonozitzen duten unetik hasita, 1-2 urte ondoren batzorde batek entzuten ditu, eta hori eta gero, gertatu denari esanahia eman behar diote. Gertatu zenari bizitzan lekua ematen saiatu behar dute. Batzorde batek eurei entzuteak horretan lagun dezake: gertatu zena ulergarri egiten lagun dezake eta aurrera egiteko euren prozesu psikologikoa ulertzen lagun diezaieke. Izan ere, terapia psikologikoaren aukera ematea da ere batzorde askoren beste helburu bat.

Eliza Katolikoaz gain, sexu-abusua gertatu izan den beste erakunderik ikertu duzue?

Beste erlijio batzuetan ere gertatu izan da, Europan, ez bakarrik Eliza Katolikoan; baita barnetegietan, gazteendako erakundeetan, eta, gaur egun, oraindik, kirol klubetan ere. Ume baten eta heldu baten arteko autoritate harremana dagoenean, adibidez, entrenatzaile edo begirale bat, abusua gerta daiteke. Beste erakunde-testuinguru batzuetan ez da abusua hainbeste ikertu, baina beti da botere eta autoritate harreman kontua, ume baten eta umearendako oso garrantzitsua den norbaiten artean. Horrek ahalbidetzen du abusua. 

Eta ume horrek ez du bere burua defenditzen, ez duelako ondo ulertzen ze gertatzen dabilen, eta egoera horrek sentimendu anbibalenteak sortzen dizkiolako. Asko, gaur egun, errudun sentitzen dira, erreakzionatu behar izango zuketela uste dutelako, eta halakorik zergatik onartu zuten galdetzen diotelako euren buruari. Baina ez lukete errudun sentitu behar, eta hori ulertzen ere lagun diezaiekete batzorde horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak