Oñatiko Udal Gobernuarentzat lehentasunezko gaia da emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzea. Hala, agintaldi hasieran Berdintasun batzordea eratu zuten eta iaz Berdintasun Plana egin. Orain, herria genero ikuspegitik aztertu dute herriko hainbat emakume eta kolektibok. Atzo, kalera irten ziren euren hausnarketako ondorioak kaleratzeko asmoz.
"Hilabete batzuk daramatzagu hausnartzen Oñatiko hirigintzaren inguruan, baina perspektiba zehatz batetatik: genero ikuspegitik. Saio ezberdinak egin ditugu eta horietan ateratako ondorioak gabiltza orain kalera ateratzen", zehaztu zuen azterketa dinamizatu duen Farapi enpresako teknikari Araitz Rodriguezek.
Bihotz erdiak
Horrenbestez, herrian zehar bihotz erdiak jarri zituzten euren eskaerekin. Horrela, esaterako, Uarkalden jolas parkea estaltzea edo komertzio baten beharra ikusi dute. San Lorentzon, markesina edo komuna egokitzea proposatu. Tunelean, segurtasuna sustatzeko autodefentsa ikastaroak egitea. Hein batean, Oñati "bizigarriagoa" egitea da helburua Rodriguezen arabera. "Zergatik bihotz erdia? Zergatik ez osoa? Bada, bihotz osoa izango da guk zehaztutako ekintza hori burutzen denean".
Genero ikuspegitik, herritar guztientzako
Genero perspektibatik egin dute herriaren azterketa, baina herritar guztiendako herria egiteko helburuz. Rodriguezek gaineratu zuen herri eta hiriak orain arte eraiki direla pertsona zehatz batentzat: goi edo erdi mailako gizonezko zuriarentzat, eta hala, ez daudela guztiontzat eginda."Emakumezkoak gara herriaren erdia. Beraz, goazen horri buelta ematera. Pentsatzen hasten garenean emakumeen esperientzietatik eta dauzkagun roletatik, ari gara guztientzako herria egiten. Izan ere, normalean, emakumezkoak gara umeak eta adineko jende zaintzen ditugunak. Orduan, guretzako herriak eraikitzen baditugu (gure beharretarako), ari gara herriak zaharrentzako, gazteentzako, umeentzako... eraikitzen. Da askoz perspektiba globalagoa".
Hirigintzan eragina
Hiru saio egin dituzte herriko puntu beltzak jasotzen dituen mapa egiteko. 200 puntu inguru zehaztu zituzten herriko emakume eta kolektibo ezberdinek egin zituzten bileretan. Ondoren, lehentasunak ezarri zituzten. Eta atzo, 18 gunetan jarri zituzten euren eskaerak. Rodriguezek gaineratu zuen udaleko teknikariei eginiko hausnarketaren eta identifikatutako puntuen berri ematea gelditzen dela. "Bikaina izango litzateke hirigintza proiektuetan hemen hausnartutakoa barneratzea eta hemendik aurrera eraikitzen den Oñati guztientzako bizigarri izatea".