Bakarlari eta gitarra eskuetan, aldaketa nabarmena, ezta?
Beti ibili izan naiz instrumentu desberdinen artean, nahiz eta hasiera batean baxuarekin hasi nintzen. Izan ere, instrumentu horrekin erlazio berezia dut, zer den ez dakidana. Horrez gain, beste instrumentu batzuei heldu izan diet, tartean gitarrari. Uste dut instrumentu bakoitza kasuari egokitzen zaiola.
Taldetik bakarlarirako aldaketa, aldiz, ezin dut azaldu. Erabaki batzuen aurrean pentsatzen jarrita, batzuetan ez da gauza argirik ateratzen. Sinpleki, hau dena baten intuizioari edo estimulu horiei jarraitzean datzala iruditzen zait. Batzuetan, aldaketak ustekabean etortzen dira.
Taldean edo bakarlari lan egitea oso bestelakoa da; bada, zer duzu gogokoen?
Ez dut bata edo bestea hobesten. Bakoitzak antolamendu ezberdina du. Zerbaitekin bakarka ibilita, bakarrik dago bat, jakina. Nor bere burua baino ez dago. Erabaki guztiak esku artean ibili behar dira, zein hautatuko. Hori taldean aldatu egiten da, jende gehiagoren artean lan daitezke, ideia ugari sortzen dira... oso bestelakoa da. Talde lana oso interesgarria da, eta beste kide guztiekin jotzean sortzen den erlazioa oso berezia. Zentzu horretan, bakarlariaren kasua margotzearekin identifikatu ahal dut.
Oñati Bizirik bildumarako grabatu duzu lehenengo kantua; zelako esperientzia izan zen?
Esperientzia itzela izan zen, oso ondo pasatu nuen grabaketan. Oso prestatuta joan ez nintzen arren, grabaketan sartu nintzenean airoso ibili nintzen.
Kantu indartsua den arren, pasarte lasaiak ditu; rock amerikarra oinarri duzu?
Bai, neurri baten, bai. Nahiz eta oinarri bakarra ez den.
Pink Floyd, Rory Gallagher eta Arizona Baby taldeen oihartzuna antzeman daiteke. Gas eta Hartzak taldeekin, berriz, influentziak bestelakoak dira?
Iruditzen zait egiten ari naizen hori, dena delakoa, eragin izan didanaren zakutik aterea dela. Influentziak zenbatezinak dira. Horrek ez du country abeslari bat rock talde batetik bereizten. Ezin pentsa nezake eraginen aukeraketa bat egitean, nahiz eta talde bakoitzean parametroak aldatzen diren. Musika asko entzunak gara, eta hori guztiori hor da beti.
Zure ustez, musikak ala hitzek dute garrantzi handiagoa?
Akorde bat handik, hitz batzuk hemendik, eta hor da kantua. Aurretik ez zen zerbaitengan erreakzio bezalako bat sortzen da, bat-batean denak forma hartzen du, osatu egiten da. Eta bategite horretatik abestia sortzen da. Bakarka, bietako batek ere ez du abesti on bat egiten. Hitzik gabeko musika, musika da. Musikarik gabeko hitzak, poesia, dena delakoa. Bat eginik datozenean, biek egin behar diote ekarria abestiari.
Kantu gehiago gordeta dituzu?
Bai, badira beste apurren batzuk, baina, oraingoz, epe laburrera, ez dut grabatzeko asmorik.
Orain Grezian zauden arren, han jotzeko aukerarik badaukazu?
Grezian elkartu izan naiz lagunekin jotzeko, betiere. Dena dela, hemen beste martxa bat daramat. Bueltarako planik egin ez dudan arren, pentsatzen dut, gutxi gorabehera, aurretiko erritmora itzuliko naizela.
Musikaria eta Arte Ederretako ikaslea; zer ematen dizu bakoitzak?
Beti esan ohi dut niretzat artea bat dela. Nahiz eta diziplina bakoitzak baliabide edota prozesu desberdinak dituen, nahiz eta ezin daitekeen lengoaia batetik bestera era zuzen eta zehatzean itzuli, dena bakartzat dut. Kantu bat idaztea ez dago koadro bat margotzetik oso urrun, baina gauza guztiz desberdinak dira. Hein horretan, bietan ere printzipio bera aplikatzen saiatzen naiz.