Egun berean eta kalean abestu dute Oñatiko abesbatzek

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko api. 6a, 17:29

Oñati abesbatza Portu plazatxoan Loli Ordokiren zuzendaritzapean
Kantua Kalean eguna egin dute zapatuan, aurten, gainera, Ganbara Txikiko hamargarren urteurrenaren barruan. Herriko abesbatza guztiak kalejiran ibili ziren eta herriko plazatxo edo kantoi ezberdinetan abestu dute. Gaztetxoek zirkoa ere muntatu dute gaztelekuan eta musika eskolako trikitilariak ere kalejiran ibili dira, abesbatzei paso emanaz. Herritar asko erakarri dituzte eta kantuan egin dute haiek ere.

[ARGAZKIAK]

Kantatzen ez duenak zorionik ez duela dio abesti batek. Hori horrela bada, Oñatin ez dago ardurarik. Herri zoriontsua dela esateko moduan gaude.

Oñatiko abesbatza guztiak kalera atera ziren zapatuan, kantuan egitera. Herriko plazatxo, kale, kantoi eta parketan abestu zuten. Batzuetan bakarrik, eta bestetan ondoan entzuten zeuden herritarrekin batera. Abesteko gogoak entzuten zeuden herritarrak ere kutsatu egin zituelako eta ondokoa kantuan entzunda, kantua ezaguna zenean areago (Mikel Laboaren Txoriak txori Imanol Lartzabalen Mendian gora edo Benito Lertxundiren Nere herriko neskatxa maite, esaterako), berdina egiten hasi ziren bat baino gehiago, kantatzen, alegia.

Kalejiran

Herriko abesbatzen Kantua Kalean izeneko jaialdirako antolatu zituzten kaleko emanaldi horiek. Ganbara Txikiren hamargarren urteurreneko ospakizunetako bat izan da eta lehen jaialdiaren formatu berdinean egin dute, hau da, Oñatiko haur eta helduen abesbatza guztiak kantuan ibili ziren egun berean eta kalean.
Guztira 11 abesbatza daude Oñatin eta hiru zati ezberdinetan antolatu zuten eguna. Hala, goizean, haurren abesbatzek abestu zuten: Ikastetxeak Kantariko taldeak, Musika eskolako abesbatzak, Ganbara Txikitxok eta Ganbara Txikik.

Zirkoaren etorrera irudikatu zuten eta zirkoan ikusten diren elementuen mozorro koloretsuak soienean jantzita abestu zuten: lehoi, pailazo, akrobata edo domadore jantzita, esate baterako. Eta modu horretan, Etxaluzen hasi eta kale Barrian, Atzeko kalean, Kalegoienan eta Errementari plazan egin zituzten geldiuneak.

Zirkoa

Goizean kalean eta arratsaldean gaztelekuan elkartu ziren zirkoa osatu zuten gaztetxoak: magoak, trapezistak, hartza... Antzeztu eta abestu egin zuten han, zirkoa ikustera joan ziren herritar askoren aurrean. Izan ere, umeendako antolatu izan diren beste ekintza batzuetan gertatu den bezala, zapatu arratsaldean ere goraino bete zen gaztelekua. Ordubeteko ikuskizuna eskaini zuten umeek.

Ordu laurden

Egunaren hirugarren zatian helduen abesbatzek hartu zuten parte: Ganbara abesbatzak, Oñati abesbatzak, Parrokiako abesbatzak eta erretiratuen elkarteko abesbatzak.

Hauek ere Etxaluzen hasi zuten kalejira, 18:30ean, eta bost geldiune egin zituzten: Etxaluzen, Guria parean, Portun, Ona pareko plazatxoan eta Foruen plazan. Geldialdi horietan, abesbatzek, txandaka, bere ordu laurdeneko saioa eskaini zuten, Aitor Biain, Loli Ordoki eta Iñaxio Ibarrondoren zuzendaritzapean.

Ekitaldia plazan bukatu zuten, abesbatza denak elkarrekin abestuz: Ixil ixilik, Xalbadorren heriotzean eta Iñaxio Ibarrondoren Oñati zortzikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak