Erretiratuen 'Lagun-Lekua'

Leire Kortabarria 2014ko api. 8a, 00:00

Juan Joxe Lizarralde, Joxe Manuel Molinero, Marilo Untzurruntzaga eta Miguel Vieitez, auzolanean konpondu duten barran.
Kalean bazebilen, batez ere Olakuan eta San Lorentzon, erretiratuak zerbait egiteko asmotan zebiltzala Eteo zaharreko egoitzan. Auzotarrak aguro enteratu dira, bai. Eta arrazoia zuten zurrumurruek: Eteo zaharreko taberna zena erretiratu talde batek hartu du eta eurek gestionatuko dute; beste espazio batzuk ere eurek erabiltzeko izango dira.

Helburua da eurendako txoko bat edukitzea, auzo horietako erretiratuendako leku bat; baina ez erretiratuendako bakarrik: "Zentro zabala izango da, denei irekia", diote bultzatzaileek. Aukerako izena ipini diote: Lagun-Leku.

Orain urte batzuk, gogo eta premia bat igarri zuten hainbat erretiratuk, Juan Joxe Lizarraldek dioen moduan: "800 erretiratu gara; makalaldiak-eta izaten ditugu, eta beheraino, Pake-Lekuraino joateko… Eteo berria egin zutenean, taberna ikustera joan ginen eta guretako egokia zela ikusi genuen. Udalari planteatu genion. Batzar piloa egin ondoren, onartu egin ziguten eta giltza eman ziguten".

Badira 50 bazkide

Bultzatzaileak banaka batzuk izan dira. Elkartea osatu dute eta dagoeneko 50 lagun egin dira bazkide. Oraingoz, lana da konpartitzeko daukatena, lokala oraindik ez dagoelako guztiz bukatuta. Dena eurek konpondu eta txukundu dute, auzolanean: "Barra berria geuk ipini dugu", diote, harro-harro. Tabernaren lokalaz gain, beste gela edo espazio batzuk dituzte: bulegoa izango da baten; sukaldea, beste baten; baita bizikleta estatikoen gela bat ere, ariketa egin gura dutenendako. Hasiera besterik ez da hori. Kafe-makina berri-berria dute; billar mahaia –"ping pong mahai eta futbolina laster ipiniko ditugu", esaten dute– eta gauza gehiago ipintzeko asmoa eta ideiak.

Izan ere, eurek dioten moduan, "ilusio handia" dago proiektuaren atzean, eta egoteko lekua bakarrik ez, ekintzak egiteko lekua izan dadin ere gura dute: billar, futbolin, ping pong eta bingo jokoak antolatu, "herri mailakoak"; hitzaldiak antolatu eta beste mila gauza.

Eltzia programaren eskutik, Eteo zaharra bizi berriz bete da, eta "bizilagun" berriek badakite dagoeneko nora jo ahal izango duten mokadutxoa edo kafetxoa hartzeko: "Gurutze Gorrikoak, guraso taldea, trikiti taldea, bertsolariak… ekintza asko egiten dira inguru honetan, eta gure tabernara etortzen dira horiek. Jendea egoteko lekua izango da hau; erretiratuok gestionatuko dugu, baina denondako da", azpimarratzen dute.

Taberna gestionatzeko modua hau izango da: hilean egunero arduradun bat izango da, boluntario talde batetik, eta hark atenditu eta zaindu beharko du taberna egun horretan. "Ikusiko dugu zelan gabiltzan eta gero pentsatuko dugu horrela jarraitu edo beste modu batera", esaten dute.

Arratsaldetan batzen dira han bultzatzaileetako batzuk –Marilo Untzurruntzaga, Joxe Manuel Molinero, Juan JoxeLizarralde, Bernardo Muñoz, Miguel Vieitez…– eta auzotar askoren bisita jasotzen dute: "Bai, jendeak badaki hemen zer edo zertan gabiltzala eta lokala ikusi gura izaten dute", azaltzen dute.

Azpimarratzen duten beste gauza bat hauxe da: "Hau ez da Pake-Lekuren konpetentzia. Oso harreman ona daukagu eurekin; izan ere, hemen gabiltzan asko hango bazkide gara. Are gehiago, asko lagundu digute", esaten du Joxe Manuel Molinerok.

"Inaugurazio handia"

Jende asko noiz irekiko duten zain dago. Bada, laster izango da hori, azken ukituak emanda dituztenean. "Inaugurazio handi bat" egiteko asmoa dutela aurreratu digute, maiatzean, eta horren berri zabala emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak