Hemendik aurrera, beraz, kale horretan bizi diren herritarrek, bakarrik, sartu ahal izango dira kale horretara ibilgailuendako. Gainerako herritarrek, oinez bakarrik zeharkatuko dute.
Gainera, hemendik aurrera, kontrako norabidean egongo da zabalik kalea bertako bizilagunendako. Hau da, orain arte behetik gorako norabidean pasa dira ibilgailuak kale horretan. Aurrerantzean, ordea, goitik beherakoan pasako dira. Hau da, garajeak kale horretan dituzten herritarrak Santa Marinatik sartu beharko dira kalera.
Udalaren esanetan, ibilbide batzuk seguruagoak izatea da neurri honen helburua. Esaterako, Elkar Hezitik plazarako lotunea edo Moiua eta Errekalde kaleetako bizilagunak erdigunera joateko bidea. "Gainera, urteetan kale horretako bizilagunek zituzten kexei erantzuna ematen diogu. Erabakia kaleko bizilagun guztiekin batera hartua izan da", adierazi du udalak. Horrez gain, oraingoz kale horretan bestelako obrarik ez dela egingo ere esan du udalak eta 2015ean plataforma bakarra jartzea aztertuko dela.
Aldaketa gehiago
Udalaren esanetan, mugikortasun planaren helburua da mugikortasun iraunkorra, segurua, zuzena eta eraginkorraren kultura sustatzea. Planarekin lortu gura dutena da, "desplazamendu moduen banaketa iraultzea; egungo oinezko edo bizikleta desplazamenduak %37tik %53ra eta garraio publikoaren erabilera %3tik %7ra igotzea, eta garraio pribatuan egiten diren desplazamenduak, %60tik %40ra jaistea".
Agirretar Lope oinezkoendako izatea plan horren barruan dago. Herriko beste kale edo gune batzuetan ere aldaketak egitea aztertzen ari da Udala, baina ekintza handienak egin aurretik proba batzuk egingo dituzte.
Bidegorriari lotuta, Olabarrieta eta Ugarkalde lotuko duenaren proiektua ari dira egiten. Aiastui baserri pareko lur azpiko pasabideren proiektua ere enkargatuta dago.